Hegaztien paradisua, hilerri bihurtua

Zingiran barrena, urari eta lokatzari aurre eginez, begiradak gidatuta, egun osoko lanaldian. Hala dabil egunero Enrike Lopez, Gasteizko eraztun berdeko guarda, botulismo gaitzak jotako hegazti hil eta gaixoen bila Salburuko hezegunean.

Lur Gil.
Gasteiz
2014ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Ez dauka lehengo distira Gasteizko Salburua parkeak. Euskal Herriko hezegunerik garrantzitsuenetakoa da, eta ongi dakite hori mota guztietako hegaztiek. Paradisua da bertan habia egiten duten ahate, koartza, mokozabal eta zikoinentzat zein negua igarotzera hegoaldera migrazioan doazen hegaztientzat, bertan atseden hartu eta bidaiarako indarra hartzeko. Hilaren 7an, ordea, hogei hegazti agertu ziren hilik Salburuko Arkautiko putzuan, eta alarma piztu zen Gasteizen. 446 hegazti dira jada botulismo gaixotasunak jota hildakoak. Hegaztiei baino ez die eragiten Salburuko hegaztiei eragin dien C serotipoko botulismo gaixotasunak.

Lan bikoitza dauka Enrike Lopez Gasteizko eraztun berdearen guardak egunotan. Hiri inguruko parke guztien zaintzailea da, baina Salburuan igarotzen du egunaren parte gehiena; lanaldia bikoiztuta, egun osoa ematen du hegazti hil edo gaixoen bila. Parkearen handitasunari erreparatzen dio Lopezek, gorputza lokatzez beteta daukala: «Goiz osoa daramagu gune honetan, eta arratsaldean beste hiru gune ditugu egiteko. Gainera, hiru lagunen artean gabiltza gorpuen bila, eta oso nekagarria da lokatz eta ur artean ibiltzea». Lopezi laguntzeko Euria enpresako bi kide kontratatu dituArabako Foru Aldundiak. Zingiretatik barrena, uretan zein lokatzetan ibiltzen dira hegazti bila, begiek gidatuta.

Ezinbestekoa da egunero horrelako ikuskatzeak egitea, gaixotasunak jatorri naturala baitauka. Hezegune guztietan daude gaixotasuna sortzen duten bakterioaren esporak, eta egoera klimatiko jakinetan, beroarekin bereziki, ugaldu egiten da bakterioa. Materia organikoan egoten da bakterioa, eta hegaztiak gaixotu egiten dira hura jatean; handik gutxira, paralizatu, eta hil egiten dira. Gorpua usteltzean, gainera, bakterioa are azkarrago ugaltzen da. Joseba Carreras Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Saileko arduradunak dioenez,«oso garrantzitsua da hildako hegazti guztiak ahalik eta lasterren jasotzea, gainontzekoak kutsa ez daitezen».

Bi egunean behin, suhiltzaileak aritzen dira putzuetan egon daitezkeen gorpuen bila, txalupekin, Lopez eta haren laguntzaileak lurretik bila dabiltzan bitartean. Parkean paseoan ibiltzen direnen laguntza ere asko eskertzen du Lopezek: «Jende askok abisua ematen digu hegazti hilak ikusten dituenean, eta guk, agian, ikusiko ez genituen gorpuak biltzen ditugu haien laguntzarekin».

Salburukoa, gainera, ez da hegazti hilak agertu diren parke bakarra. Gehienak bertan aurkitu dituzte, baina banaka edo binaka ere agertu dira hilak Olarizun, Zabalganan, Ozaetan, Zaramagan eta San Martinen. Kutsatze posible bati aurre egiteko, San Martinen, gainera, urmaela hustu eta garbitu egin zuten.

Gorpuez gain, gaixo baina bizirik dauden hegaztiak ere jasotzen dituzte. Batzuk gehiena emanda daude jada; hiltzeko arriskua gertuago dute sendatzeko aukera baino. Lopezek etsita begiratu dio ahate urdin ahul bati, lepoari ere ezin eutsiz dagoenari. Gaixorik biltzen dituzten hegazti guztiak Martiodako animalien suspertze zentrora eramaten dituzte, gaixotasunari aurre egiteko jariakinen eta B12 bitaminen bidezko sendabidea jasotzera. 70 hegazti baino gehiago eraman dituzte hara. Gaixo daudenen %80 inguru sendatzen direla baieztatu dute, bi edo hiru asteko sendabidearen ondoren. Han ere langileen kopurua handitu behar izan dute, baita lanorduen kopurua ere; goizetik hasita, gaueko hamaikak arte aritzen dira lanean.

Gaixotasuna noiz bukatuko den ez daki inork ziur. Lopezek eta Carrerasek uste dute jatorria naturala izanda amaiera ere naturala izango dela, «hotza eta euria heldutakoan» amaituko dela. Bitartean, baina, hezeguneak ikuskatzen jarraitzea da gaixotasuna kontrolatzeko modurik eraginkorrena, hegazti hilen gorpu guztiak bilduz, gaixotasuna zabaldu ez dadin.

2006an hegazti gripea

Salburuko hezegunean aurkitu zuten, 2006an, Iberiar penintsulan hegazti gripeaz hildako lehen hegaztia. 2005eko martxoan hasi ziren gaixotasun horrek hildako lehen hegaztiak azaltzen. Hurrengo urteko uztailean, Salburuan hildako murgil handi batek H5N1 birusa zeukala jakin zenean, alarma piztu zen Gasteizen. Egunkari askoren azaleko orria hartu zuen gertaerak, eta Salburuko parkean Eusko Jaurlaritzak protokolo berezia abiatu zuen, eta parkea berrogeialdian ezarri. Hiru kilometroko babesgunea eta hamar kilometroko zaintzagunea ezarri zuten hezegunearen inguruan.

Oraingoan, ordea, adituek argi zeukaten hegazti botulismoa zela agertu den gaitza, hegaztien sintomak aztertuta. Neiker laborategiak aztertutako hegazti batek positibo eman zuen botulismoan, eta Espainiako Nekazaritza, Elikagai eta Ingurumen Ministerioko laborategiak herenegun baieztatu zuen hegaztiei soilik eragiten dien botulismo gaixotasuna dutela hildako hegaztiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.