Bosgarrenez txapeldun

Bera Berak 24-28 irabazi dio Zuazori, eta liga titulua eskuratu du. Ondo hasi arren, sufritu egin dute. Gaur goizean izango dira ospakizunak, Donostian

Bera Berako jokalariak atzo, Lasesarren, klubak lortutako bosgarren liga titulua ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Bigarren jardunaldian Ro'Casaren aurka 29-34 galdu zutenean zail jarri zitzaien. Are gehiago hamargarrenean, Aula Valladoliden kantxan 34-32 galdu zutenean. Baina Bera Berako jokalariek ez zuten burua makurtu. Beti erakutsi ohi duten izaera lehiakorrari eutsi, eta liga irabaz zezaketela sinisten segitu zuten, eta atzo lan horren saria jaso zuten. Izan ere, Zuazori 24-28 irabazi ostean, liga txapeldun da berriro ere talde gipuzkoarra. Barakaldoko taldeak zazpigarren amaitu du Liga.

Bosgarren aldiz lortu du liga titulua Bera Berak. Azken seietatik bost eskuratu ditu. Sufritua izan da saso honetako titulua. Izan ere, beste bi arerio gogor izan ditu lehia horretan: Guardes eta Ro'Casa. Hiruren artean egon den berdintasunaren seinale da titulua Guardesen eta Beraren arteko lehien emaitzen ondorioz erabaki dela, biek puntu kopuru berarekin amaitu baitute liga: 46. Baina Bera Berak bi partidak irabazi zizkien galiziarrei, eta horri esker lortu du liga irabaztea.

Atzoko partida txapelketa osoaren isla izan zen Bera Berarentzat. Partida mendean izan zuen Montse Pucheren taldeak, baina sufritu eta borrokatu egin behar izan zuen garaipena lortzeko. Izan ere, ezer jokoan eduki ez arren, derbia irabaziz amaitu nahi zuen liga Zuazok, eta jarraitzaileei poz bat emanez. Bera Berari irabazi gabe zeuden artean, eta nahikoa pizgarri bazen hori ere.

Gipuzkoarrek argi zuten partida hasieran intentsitate handiarekin atera behar zutela, ezustekorik ez eduki, eta lehia guztian kontrakarrean ez aritzeko. Puchek ezarritako bideorriari jarraituz, hala egin zuten. Partidari gustuko duten abiadura jarri zioten hastapenetik, baloia erasora azkar igoz, eta ondo mugituz. Defentsa ere zorrotz zaindu zuten. Horri esker, golez gol zuloa egiten hasi zen Bera Bera. Lehen zati horretan izan zuen alderik handiena zazpi golekoa izan zen: 5-12 (17.min). Hasiera horretan erabakigarria izan zen baita ere Maite Castellanos atezainaren ekarpena,bost gelditu egin baitzituen. Gainera, ondo itxi zuten Maria Lujanen eta Ainhoa Hernandezen arteko jokoa, etaetxekoek zailtasunak izan zituen erasoan.

Baina Zuazo ez da amore ematen duen talde horietakoa, eta estutzen segitu zuen. Defentsa koska bat igo zuen, eta erasoan gehiago asmatzen hasi zen. Atsedenaldirako hirura gutxitu zuen desabantaila: 12-15.

Baina bigarren zatia hasi eta berehala, Bera Berak 0-3ko partziala lortu zuen, berriro ere sei goleko zuloa lortu zuen: 12-18. Bazirudien errenta hori erabakigarria izango zela. Ez dago sufrimendurik gabeko titulurik, ordea, eta Maria Lujanek gidatuta Zuazok estu hartu zuen berriro ere Bera Bera.Bost minutu falta zirenean, eta Manriquek sartutako gol bati esker, Zuazo bi golera jarri zen: 22-24.

Puchek hutsartea eskatu zuen orduan. Agindua argia izan zen: burua hotz edukitzea eta defentsa zorrotzari eustea. Hala egin zuten azken minutuetan, eta Ezkurdiak eta Berasategik bikain amaitutako bi kontraerasori esker, Bera Berak erabakita utzi zuen titulua eta partida. Adriana Cardoso izan zen golegile onena. Sei sartu zituen.

Lasesarren Donostiako martxa entzun zen. Bera Berako zaleek Raimundo Sarriegiren doinuekin ospatu zuten titulua. Jokalariak hunkituta eta pozez kabitu ezinda zeuden kantxan. Silvia Arderiusek udan iritsi zenean esandakoa ekarri zuen gogora: «Hitz eman nuen tituluren bat lortuko genuela, eta bete dugu. Oso partida gogorra izan da, baina merezita irabazi dugu».

Estitxu Berasategirentzat lehen titulua da: «Sentipen nahasketa handia daukat, eta ospatzeko gogo handiz nago». Denbora luzez min hartuta egon eta gero, sasoiarean erdialdean itzuli zen taldera Esther Arrojeria, eta titulurako erabakigarriak izan dira haren golak. «Une zailak izan ziren, baina merezi izan du». Atzoko partidaren gakoa non egon zen azaldu zuen: «Bi golera gerturatu direnean burua hotz izaten jakin dugu, eta defentsari ondo eusten. Bagenekien ez zela partida erraza izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.