Bigarren kolpea ematera

Kirolbet Baskoniak finala jokatzeko urrats handia egin nahi du, gaur berriro Buesa Arenan Bartzelonari irabazita. Etxekoek aurkari oldarkorragoa espero dute

Kirolbet Baskoniako jokalariak, Bartzelonaren aurkako garaipena ospatzen, herenegun, Buesa Arenan. BASKONIA.
Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Kirolbet Baskoniako zalerik baikorrenak ere nekez imajina zezakeen Gasteizko taldeak ACB ligako finalerdiei emandako hasiera bikaina bezalakorik. Itxaropena bazegoen taldeak egin zezakeenaz, baina gutxik espero zezaketen Baskoniak hankapean ibiliko zuenik Bartzelona. Pedro Martinezek entrenatutako jokalariek, ordea, aspaldiko partidarik osoena jokatu zuten, eta aukera txikiena ere ez zioten eman aurkariari. Emaitza da etxekoen nagusitasunaren isla: 86-51. Historikoa da partida amaieran bi taldeen artean egon zen 25 punturen aldea. Izan ere, inoiz ez zioten irabazi gasteiztarrek Bartzelonari horrenbesteko aldeaz ACB ligan. Elkarren aurka 125 norgehiagoka jokatu dituztela aintzat hartuta, oso kontuan hartzeko datua da.

Lehen partida irabazita, Baskoniak gertuago du zortzi urte geroago finala jokatzea. Estatistikak alde ditu. Batetik, ACB ligako kanporaketa bati irabazita ekin dion hemeretzi aldietatik hamabostetan sailkatu da, hots, hamarretatik zortzitan. Bestetik, Bartzelonak kanporaketako lehen partida galdu duen hamabost aldietatik bakarrik hirutan egin du gero aurrera, hau da, hamarretatik bakarrean. Zenbakiak besterik ez dira, baina joera bat adierazten dute, eta joera horrek Baskonia jotzen dute finalerako sailkatzeko faborito nagusitzat.

Helburu horretan pauso erraldoia eman nahi du gaur Gasteizko taldeak, bigarren partida irabazita. Asteleheneko toki eta ordu berean da lehia: Buesa Arenan, 21:00etan.

Estatistiken gainetik, hala ere, taldearen sasoia dago, baina horretan ere Bartzelona baino koska bat gorago dago Baskonia. Irabazi egin ditu jokatu dituen azken zortzi partidak, liga erregularreko azken bostak, eta kanporaketetako lehen hirurak. Kontrarioak, berriz, azken lau partidetatik bi galdu ditu, Andorraren eta Baskoniaren aurkako lehen lehiak. Gorabeherarik gabe ari da bata, eta oso gorabeheratsu bestea. Konfiantzaz gainezka ari dira batzuk, eta konfiantzaz apal besteak. Fresko nabari zaie batzuei, eta nekeak jota besteei. Hori guztia oso agerian geratu zen astelehenean.

Konfiantzarik ez

Ez dago zaurituta dagoen animalia bat baino ezer arriskutsuagorik. Edozer egiteko gai da bizirik jarraitu ahal izateko. Bada, egoera horretan dago Bartzelona. Baskoniak zauri handia eragin dio, baina prest dago azkeneraino borrokatzeko. Horren arriskuaz ohartarazi zuen Pedro Martinezek berak aurreneko partida amaitu bezain laster: «Jokalariek lurrean dituzte oinak. Edozer gerta daiteke, eta errespetu handia diogu aurkariari. Inozoak ginateke lehen partidan gertatu denagatik galdu bagenio. Ziur naiz bigarren norgehiagokan Bartzelona askoz gogotsuago eta oldarkorrago ariko dela».

Iritzi berekoa da Marcelinho Huertas: «Kanporaketetan ez du balio 25 punturen aldeaz irabaztea. Ez diogu bigarren partidari ekingo 25 punturen aldea izanda. Hutsetik hasiko gara denak».

Astelehenekoa berriro eginez gero, bigarren garaipena lortzeko aukera izango du Baskoniak: indartsu kantxaratu, zalantzarik ez izan, baloia ondo mugitu, errebotean nagusitu eta saskiratzeetan asmatu. Taldeko lanak garrantzi handia izango du berriro. Lehen partidan, adibidez, Ilimane Diopek ez beste jokalari guztiek sartu zuten gutxienez punturen bat, eta horietatik lauk gainditu zuten hamar punturen langa. Tornike Xengelia izan zen horietako bat. Kapitaina min hartuta egon zen Bartzelonaren aurka jokatu aurreko egunetan, eta zalantzan zegoen ea osatuta zegoen edo ez. Hamazazpi minutu jokatu zituen herenegun, eta behetik gora egin zuen nabarmen. Aldiz, koska bat beherago dago Jayson Granger. Hamar minutu aritu zen, eta agerian geratu zen oraindik erritmoa falta zaiola. Hala ere, berri bikaina da Pedro Martinezentzat jokalari guztiak prest izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.