Baionako bestak kanpoko begiradaz

Milaka jende dator azken urteetan Baionako bestetara. Frantziatik zein munduko beste toki batzuetatik datoz, batez ere. Gehienak ondo pasatzera datoz, baina baita lanera ere. Baiona zein Euskal Herria ikusteko modu anitz dituzte.

Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2015eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Parisen dena debekatua da, Baionan dena egin daiteke. Nork ez du entzuna esaldi famatu hori? Frantziako kapitaleko metroan afixaturik agertu omen zen urte batez, Baionako besten promozio gisa, edo bere promozioa egin nahian enpresa batek erabili omen zuen. Omen asko, eta segurtasun gutxi. Halakoak izaten dira eraiki sozialak, zurrumurruak, errepresentazioak. Kanpokoek Baionan denetarik egin daitekeela sinesten dutenek, berriz, zer diote horretaz? Eta, bestez? Zer ezagutzen dute Baionaz? Eta, Euskal Herriaz?

Kanpotar gehienak Frantziatik datoz: Bretainia, Reunion irla, Paris, Calvados eskualdea, Montpellier... Baionan nola bukatu duten galdetzerakoan, gehiengo osoak belarritik belarrira pasatako informazioa dela zehazten du, hala dio Jeremy Tibius Reunion irlako 23 urteko gazteak: «Lagun batek aipatu zidan behin, eta iaz etorri nintzen lehen aldiz». Bestak ez, feriak izan da Tibiusek erabili duen lehen hitza: «Beste hainbat feria, ez festa egin ditut, Bezies, Nimes... baina Baionakoak ditut gustukoenak». Zergatia zernahi egitetik urrun kokatzen da, aldiz: «Hemen giroa askoz lasaiago da, borroka gutxiago, giro ona eta jendearekin, oro har, ez duzu arazorik. Egon naizen besteetan hobe da ez bakarrik joatea, gauean batez ere». Gauza bera diote Theofil Boudon eta David Bourbon paristarrek. «Gu Baionakoetara etortzen gara bakarrik, lagun batek aipatu zigun, eta geroztik ez ditugu galtzen».

Zernahi gara?

Paris askatasunaren hiria izan ordez debeku guziena balitz? Eta Baiona askatasun guziena, mugarik gabe bost eguneko esparrua balitz? Quentin Gislain (Paris) 18 urteko gaztearen hitzetan, «Baionan ez dugu okerrago egiten, Parisen egiten dugunaren berdina, egia erran». Haren bidaia lagun Pierre Guichoiren ustetan, «jende asko badenean biziki fite joan daitezke gauzak, egoerak okertzen ahal dira ohartu gabe». Bien hitzetan, «ez da kanpotik heldu garelako zernahi egingo dugula», eta gehitu dute: «Guk besta lasai egiten dugu. nahiz eta Pariskoak izan». Sinesgarriak dira haien hitzak egia erran, jendeaz apartaturik belar zati batean zigarro kea partekatzen ikusten direnean. Bestelakoak dira beste batzuen hitzak. Hala dio Antoine Laurent 19 urteko bretainiarrak: «Bai, jendeak edaten badu, zernahi izango da, mozkorraldi handi baten gisan ikusia da hau bertakoak ez direnentzat». Hala baieztatu dute goiz bukaeran kanpalekutik atera berri den Yoan Chartierrek (Le Mans) eta haren lagunek, «Baionako bestak nola ikusten ditudan? Besta, alkohola, giroa». Esamolde famatua ezagutarazten zaionean, aldiz, hala dio: «Guk beste esamolde bat dugu, 'Baionan gertatzen dena Baionan gelditzen da'. Zuk errandakoa ez nuen ezagutzen, baina baieztatzen dut». Baionako bestez duen irudia zehaztu du Chartierrek: «Bai, zernahi izaten da, nahaspila izugarria, alkohol mugagabeko bost egun, latza izaten da gure gibelarentzat». Haren hitzetan, «pixkanaka berotuz doa giroa, astearte gauean jadanik tipo batzu biluzik korrika ari ziren kanpalekuan».

Euskal Herriaz bi hitz

Hitz antzekoak nagusitu dira, berriz, Baionako bestez aparte Euskal Herriaz duten irudia definitzeko. Horrela mintzatu da Barbier gaztea: «Errugbia, feria, tradizio zahar batzuk... hori da ateratzen zaidana eskualde honen inguruan pentsatzen dudanean. Horiek dira hemengoa definitzen duten gauzak». Alta, Laurent bretainiarraren hitzetan, «Errugbia, beroa, hondartza.. Hala ikusten dut eskualdea; oro har, irudi ona dut, egia erran». Marseillatik datorren Audrey Nicorixingarra, ozeanoa eta gasna dira bururatzen zaizkion lehen hitzak.

Festetako begiak

Bada ere Baionako bestetara etorri eta xahutu baino gehiago dirua irabazten duen kanpotarrik. Karriketako begiak izan ohi dira, interes puntualekoak bestazale gehienentzat. Goizeko ordu txikietan gehienetan, bestaren bete betean, txapelak, betaurrekoak edo sua piztekoak erosten dizkiete batzuetan. Said Ajam 45 urteko marokoarra saltzaile horietariko bat da: «Asteartean iritsi nintzen, eta bost egunez lanean ibiliko naiz».

Bestak nola ezagutu dituen ere aipatu du: «Lagun batek aipatu zidan, lana bazela Baionan, turista asko». Haren udako plangintza ondorengoa da: «Italian, Espainian eta, orain, Baionan lan egiten dut. Hauek bukatu, eta Madrilera joango naiz material bila, Akizeko festetan lan egin ahal izateko».

Haren hitzetan, «Baionako bestak askoz ere lasaiagoak dira Mon de Marsanekoekin alderatuta, adibidez ». Bestara datozen kanpotarren antzera, egunez egun saltzaile gehiago ikus daitezke kanpinaren sarreran goizean goiz eguna hasteko zain. Han, Shar Ian senegaldarrak Baionara «oporretara» etorri dela dio: «Hirugarren aldia da heldu naizela, eta bukatzean Madrilera joango naiz; festa hauek onak dira niretzat». Denetarik ikus daiteke, bi poloen artean kokatuko balira bezala. Karrika izkina edo ostatu zati batek, bien artean balantzaka eramango du bestazalea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.