Nafarroan zonifikazioa gaindituko duen legea nahi du Kontseiluak

Euskararen Legea ordezkatzeko 2011n lortutako adostasuna berreraikitzeko eskatu dio laukoari Paul Bilbaok. Kontseiluak bat egin du euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko udalen eskariarekin

Iñaki Berastegi.
Iruñea
2017ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
«Eskura gaituzue, baina eskura dezagun». Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren arabera, Euskararen Legea ordezkatzeko garaia dute Nafarroako Gobernua osatzen duten lau alderdiek. Hala, 2011n lortutako adostasuna berreraikitzeko «zein oztopo» dagoen galdetu zuen atzo Bilbaok, Iruñeko Kondestablearen jauregian eginiko agerraldian: «Zonifikazioa gaindituko duen lege berria egiteko garaia da, eta ez zirrikituen bila aritzekoa». Esan zuen laukoak eskura duela aldaketa norabide egokian egitea, eta gaineratu zuen Kontseilua eskura dutela hala eginez gero.

Euskararen 1986ko legea aldatzeko proposamena NaBaik aurkeztu zuen 2011n, Ezker Batuaren babesarekin, baina ez zuten legea aldatzea lortu, parlamentuan gutxiengoa zirelako —guztira, hamalau parlamentari zituzten—. Sei urte geroago, lege hori aldatzeko proposamena aurkeztu dute Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek legebiltzarrean. Testuaren arabera, eremu ez-euskaldunean dauden 11 herri eremu mistoan sartuko lirateke; ofizialki eskaera egin dute 11 udal horiek, baina Tafallak eta Zangozak asmo bera agertu dute, eta mozio bidez gehiagok ere egin dezakete aukera horren alde hurrengo asteetan.

Hala ere, Kontseiluari motz geratu zaio lege aldaketa hori. Bilbao «harrituta» azaldu da laukoaren barnean dauden iritzi kontrajarriekin. Gogorarazi du iazko abenduaren 15ean Nafarroako Parlamentuko presidenteari luma bat eman ziola, lege berri bat idatz zezatela eskatzeko, eta erantsi du hori ez dutela beteko laukoaren proposamenarekin: «Ez da nahikoa lege aldaketa eremu mistoa zabaltzera mugatzea. Luma ez genion horretarako eman».

Eskari partekatua

Udalek egin duten esfortzua ez du ahaztu nahi izan Bilbaok. Haren hitzetan, zirrikitu bila ibiltze horrek euskararen aldeko ahalegina erakusten du. Era berean, nabarmendu du euskalgintzak udalen diagnostikoa partekatzen duela: «1986ko euskararen legeak herritarren hizkuntza eskubideei eragiten die, eta, horren ondorioz, diskriminazio egoera larriak pairatzen ari dira».

Bestalde, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltze aldera udalek mozio bidez egin duten eskariarekin ere bat egiten dutela berretsi du Bilbaok, eta adierazi du udalek tresnak behar dituztela, ofizialtasunaren afera «premiazkoa» delako. Hori esanda, euskararen normalizazioaren aldeko neurri eraginkorrak hartzeko eskatu die udalei, eremu mistoak ez duelako hizkuntza aukera berdintasuna eta hizkuntza eskubideak bermatzen. Bide horri jarraitzen badiote Kontseilua bidelagun izango dutela gaineratu du Bilbaok.

Kontseiluko ordezkariak gogora ekarri du herritarrek egin dute lana ere, eta nabarmendu du zailtasunak izan dituzten arren irmo eutsi diotela euskarazko hezkuntzaren aldeko apustuari: «Herritarrei gaur egungo euskararen legeak arazo handiak sortzen dizkie, eta ezagunak dira euskarazko hezkuntza sustatzeagatik jasan behar izan dituzten erasoak».

Nafarroako inkesta soziolinguistikoa ere hizpide izan du Bilbaok, eta emaitzak positibotzat eman ditu: «Beste egoera bat nahiko genukeen arren, Nafarroan euskarak aurrera egin du. Izan dituzten oztopoak eta egin diren politikak kontuan hartuta, txalotzekoa da herriak euskara ikasteko erakutsi duen gogoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.