BERRIA-k 10 urte. Martxelo Otamendi. BERRIAko zuzendaria

«Jendeak badaki BERRIA gabe euskarak arazo bat izango duela»

Biharko festara etortzera gonbidatu ditu Otamendik BERRIAko komunitatea osatzen duten guztiak: «Emandako babes guztia eskertu nahi diogu jendeari».

inaki petxarroman
Andoain
2013ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Hogei urte bete berri ditu Euskaldunon Egunkaria-ren eta BERRIAren zuzendari karguan Martxelo Otamendik (Tolosa, 1957). Gogoz segitzen du, ordea, erronka berriei erantzuteko, haren esanetan, «behaleku pribilegiatua» den euskarazko kazetatik.

BERRIAk hamar urte bete ditu. Zer balorazio egingo zenuke?

Pozik egoteko arrazoiak dauzkagu. BERRIA sortu zen 2003ko ekain hartan. Hilabete batzuk lehenago, Euskaldunon Egunkaria-ren bortxazko itxiera izan zen. Egoera polizial, judizial eta politiko zail hartan, egon zen gaitasuna eta ausardia gure langileen, akziodunen eta harpidedunen partetik, egunkari bat egiteko.

Nolako ibilbidea izan da?

Oparoa. Zerrenda luzea da zenbat proiektu atera ditugun aurrera, bakarrik edo beste batzuekin batera. Pozik gaude, horretarako arrazoiak baditugu eta. Eskertuta gaude, langileekin, harpidedunekin, akziodunekin, erakundeekin, laguntza eman digutenekin. Denon artean lortu dugu sendotzea eguneroko nazionala, eta bide horretatik segituko dugu.

Hasiera latza izan zen. Nola bizi izan zenuen sorrera hura?

Beste atxilotuek baino zorte handiagoa izan nuen, ez nindutelako kartzelara eraman. Ibili nintzen Egunkaria-ren itxieraren salaketa egiten. Langile talde batek hartu zuen Egunero egiteko ardura, beste batek agitazio eta propaganda egitekoa, eta beste batek egunkari nazional sendo bat martxan jartzekoa. Ni talde hartan ibili nintzen. Enpresa bat sortu genuen, lantalde bat antolatu... Ilusio handiarekin jardun ginen, kezkarekin ere bai, ez genekielako dirua biltzeko kanpaina nola aterako zen. Bost milioi euroko helburua jarri genion geure buruari, eta 4,6 milioi atera genituen. Gogoratu behar da zenbat jendek lan egin zuen BERRIA aurrera atera zedin.

Hamar urte hauetan Egunkaria-ren auziak asko eragingo zizun pertsonalki eta profesionalki, ezta?

Bazegoen halako kezka bat, zer gerta ote zitekeen. Gainera, urriko operazioa ere etorri zen, eta kezka judizial-politikoa handitu besterik ez zuen egin. Baina guk mezu bat eman behar genion jendeari: «Sekulako babesa eta diru pila eman diguzue, eta guk jarraituko dugu lanean, asumituta egon daitezkeela ondorio batzuk». Zorionez, ez da halakorik gertatu, eta ondo atera zen apustua. Zuzendariaren karguan, orduan eta orain daukagun taldearekin, daukagun jendearekin, oso erraza da egunkari bat aurrera eramatea. Eta, bestetik, Egunkaria-ren itxierari dagokionez, tokatu zitzaigun salaketa lan bat egitea, giza eskubideen urraketari dagokionez, Egunkaria halako ikur bat bihurtu zelako.

Egunkaria itxi zuten eran, BERRIA markatuta jaiotzeko arriskua zegoen. Lortu al da arrisku hori saihestea?

Egun hauetan ibili gara kultur bira moduko bat egiten, azaltzen BERRIAren egoera zein den. Tartean dokumental bat egin dugu, eta hor entzuten da Manu Etxezortuk niri egindako elkarrizketa baten audio bat BERRIA sortu eta berehalakoa. Hor esan nuen hauxe: «Guk egin behar dugu egunkari bat euskaraz irakurtzeko prest daudenen artean ahalik eta jende gehien bilduko duena, eta modu eroso batez egoteko modukoa». Euskaraz irakurtzeko prest ez daudenekin ez dugu zereginik. Beraz, horientzako egunkari duina, kalitatezkoa, zabala, plurala. Euskarazko egunkari nazional bakarra gara, eta nahiko lan dugu bizirik irauten ahalik eta jende gehien bilduta. Hori izan da beti erronka.

Izugarrizko babes sozialarekin sortu zen BERRIA, diru ekarpen izugarri batekin. Orain berriro diru eske ari da BERRIA Taldea. Gogorra, ezta?

Beste herrialde handietako komunikabideetako arduradunei esaten diet: «Ongi etorri krisira». Gu beti egon gara ohituta egoera estuan jardutera, baina ekonomikoki lehenengo urteotan neurria hartu genion gure enpresa jardunari. Ez genuen dirua galtzen... Bitarte horretan Hitza-k sortu ziren, Hamaika Telebistan parte hartu genuen, inpresio zentroan. Ondoren, bi krisi etorri dira, ordainezko kontsumoaren komunikabideetakoa eta krisi ekonomikoa, sekulako kaltea egin diguna, publizitatean batez ere.

Horiek komunikabide guztiak jo dituzte, ezta?

Bai, baina gure kasuan oso egoera zailean utzi du proiektua, ez ginelako iristen diru galerarik gabe urte bukaerara. Orduan, pentsatu genuen berme iraunkor bat behar genuela. Komunitatearen ideia ekarri genuen Kataluniatik, eta BERRIAlagunak lortzeari ekin genion. Ziztada egin duten 4.300 bat kide ditugu, eta guztira 500.000 euro bildu ditugu. Gure helburua 600.000 lortzea da 2013an. Hori iraunkorra denez gero, koltxoi finantzario bat ematen digu, baina jartzen gaitu egoera zail batean, jadanik ez garelako subirano finantzarioki. Eta ez dakigu, gainera, negozio eredu berria non dagoen. Ez dakit ez ote garen trantsizio iraunkor batean instalatuko.

Nola ikusten duzu BERRIA Taldea. Badu sendotasunik egoera eta erronka berriei erantzuteko?

Sendo BERRIA Taldea, eta sendo haren komunitatea. Gure jendea asko identifikatzen da BERRIArekin. Hori gertatzen da hizkuntza gutxituetako egunkari guztiekin. Gure jendeak badaki BERRIA ez badabil ondo euskarak arazo bat izango duela. Gure kasuan, BERRIA da egunkari nazional bakarra. Jendea ohartu da, eta erabaki du dirua ematea. Kontua da diru laguntza iraunkor bat dela eta elikatu beharko dela.

Erakundeen aldetik diru laguntza handiagoa espero zitekeen?

Kontzienteak gara ekonomia egoera larrian dagoela, baina ezarri behar dira marra gorri batzuk, eta Cuencan eta Marseillan betiko marra gorri sozialak daude, baina gurean hizkuntzak eta kulturak ere marra gorri izan behar dute. Egunkari bat, aldizkari bat edo dena delakoa galtzen bada, gure hizkuntzak asko sufrituko du. Azken urteotan gaelikoak eta galizierak galdu dute beren egunkari bakarra. Beraz, erakundeei eskatu behar zaie txostenetan aipatzen duten estrategikotasun hori praktikara eramateko. Horrez gain, hitzarmen bat egin beharko lukete sektorearekin bermatzeko hizkuntz normalizazioa behar duen herri batek gutxieneko eskaintza komunikatibo bat izatea, baita krisi egoeran ere.

Sakabanatuta zegoen euskarazko hedabideen sektorea batzen ari da.

Urte askotan sinergia predikatu dugu, baina aldi berean aritu gara elkarri bizkarra ematen. Krisiaren ondorioz badirudi denok jabetu garela ezinbestekoa dela biltzea beste sektore batzuk bildu izan diren bezala. Sektore gehienak bilduta daude, eta ordezkariak dituzte erakundeekin hitz egiteko. Bazen garaia gurean ere izateko, eta uste dut ona izango dela denontzat, sektorearentzat ez ezik administrazioarentzat ere bai, jakiteko harremana norekin izan behar duen. Sektoreari gorputza emango dio, elkarrekin lan egingo dugulako eta elkarlanetik ikasiko dugulako, eta gizartearen aurrean ere azalduko garelako sektore antolatu moduan.

Kazetaritza egiteko modua asko aldatu da. Nola bizi duzu etengabeko eraldatze eta egokitze hori?

Duela zenbait urte Interneteko lehen urratsak egiten hasi ginenean, tarteka egoten ginen hainbat zuzendari, eta gogoratzen naiz nik esaten niela euskarak lehen unetik egon behar zuela hor. Haiek oso jarrera ezkorra zuten, negozio ikuspegitik. Guk, berriz, euskarari begiratzen genion, eta ez genuen nahi euskara eremu horretara berandu iristea. Berandu iritsi gara liburuetara, zinemara, telebistara, prentsa idatzira, irratira... Pozten naiz jarrera hori eduki izana, zeren horri esker ere azkarrago ari gara murgiltzen kazetaritza multimedian, eta badakigu ze kazetaritza ez den itzuliko. Multimedia kazetaritza izango da, eta hartzaileak ere bai.

Aurten berrituko du webgunea BERRIAk. Zer aldaketa ekarriko du?

Funtzionalagoa eta nabigatzeko errazagoa izango da. Biziagoa, webgune berriarekin batera erredakzioa multimediagoa izango baita orain baino. Bisualagoa izango da, beste antolaketa batekin. Salto handia emango dugu, eta aukera emango digu irakurle berriak biltzeko eta noizbehinka datozen horiek iraunkortzeko.

Elkarrizketaren bideoa ikusteko: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.