Ukrainak akordioa lortu du hartzekodun nagusiekin zorraren %20 barkatzeko

Ordainketa epea lau urte atzeratzea adostu dute, eta 2019. eta 2027. urte artean ordaindu beharko du zorra.Errusiak ez du parte hartu akordioan

Natalia Jaresko Ukrainako Finantza ministroa, parlamentuko saio batean. SERGEY DOLZHENKO / EFE.
Arnaitz Lasarte.
2015eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Ez desio zuen adina, ziurrenik, baina arnas pixka bat hartu du Ukrainak, herrialdearen zorra berregituratuta. Bost hilabeteko negoziazioen ondoren, akordioa lortu du hartzekodun nagusiekin, eta, oraingoz, ordaintzeen etetearen mamua uxatu du. Zorraren %20 barkatzea adostu dute bi aldeek, eta ordainketa lau urte atzeratzea. Ondorioz, aurreikusitako 17.200 milioi euroen ordez, 13.850 milioi euro ordaindu beharko dizkie hartzekodunei. Eta, gainera, ez 2015. eta 2023. urteen artean, 2019. eta 2027. urteen artean baizik. Trukean, interes handiagoak ordaindu beharko ditu Ukrainak: %7,2tik %7,75era.

Ukrainako Finantza ministro Natalia Jareskok espero du hartzekodun nagusiekin lortutako akordioa azarorako adostea gainontzeko hartzekodunekin ere. «Zail» ikusten du haien oniritzirik ez lortzea. Hori bai, akordiotik kanpo gelditu da Errusia, eta urte amaierarako 2.670 milioi euro ordaindu beharko dizkio hari.

Kieven lehen helburutik urrun samar gelditu da ituna, zorraren %40ren kita lortzeko helburua baitzuen hasiera batean. Hala ere, pixka batean baretuko du herrialdearen egoera ekonomiko txarra, irailaren 23an 445 milioi euroko ordainketa egin behar baitzuen.

Jalesko Finantza ministroa baikor mintzatu da akordioari buruz: «Denok jarri dugu zerbait gure aldetik. Denok atera gara irabazten». Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak ere ontzat jo du hitzarmena: «Akordioa lortuta, Ukrainak aukera izango du erreformak egiten jarraitu ahal izateko». NDF Nazioarteko Diru Funtsak 40.000 milioi euroko erreskate programa martxan du Ukrainan, baina baldintza gogorren truke.

NDFrekin batera, herrialdearen hartzekodun nagusien artean daude Europako Batasuna eta zenbait inbertsio funts pribatu: T.Rowe Price, TCW Group, BTG Pactual Europe eta Franklin Templeton. Horiekin guztiekin akordioa lortu du Kievek. Ez, ordea, Errusiarekin. Zorra berregituratzeko hitzarmena lortu orduko, Moskuri zuzendu zaio Arseni Jatseniuk Ukrainako lehen ministroa: «Gure baldintzak onartzen dituzue, edo ez duzue beste baldintzarik izango».

Lehen ministroaren arabera, Errusiak ez du batu nahi izan hartzekodunen batzordera, eta «inolaz ere» ez dituzte izango gainontzeko hartzekodunek baino baldintza hobeak. Anton Siluanov Errusiako Finantza ministroak berehala erantzun dio Jatseniuki. Beste behin, argi utzi du ez dutela Ukrainaren zorraren berregituraketan parte hartuko, eta adierazi du Kievek aurreikusitako 2.670 milioi euroak ordaindu beharko dizkiela abendurako. Ordaindu ezean, nazioarteko auzitegietara joatearekin egin du mehatxu.

Bi herrialdeen arteko tentsioak ez du etenik. Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak atzo bertan eskatu zion Europako Batasunari Errusiaren aurkako zigorrak luzatzeko. Azken egunetan, borrokak ugaritu egin dira herrialdearen ekialdean, eta horren inguruan hitz egiteko bildu zen Junckerrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.