Autokritika egin, eta euskal gazteriari antolatzeko eredu berria eskaini dio Aitzinak

Antolakundearen «efizientzia politiko eskasaren arrazoiak» identifikatzeko 2016ko udan hasi eztabaida saioaren emaitza da atzo plazaratutakoa

Aitor Servier Aitzinako bozeramailea, atzo, Baionan egindako agerraldian. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2017ko urriaren 11
00:00
Entzun
Leloek garrantzia duten ala ezluze eztabaidatu daiteke. Batzuetan bai, besteetan ez, askotan ondu dituen prozesuari baino garrantzi handiagoa ematen zaie. Aitzina gazte antolakundeak, atzo, Baionan, Jauzi bat Aitzina lelopean Ipar Euskal Herriko bere antolakundeaz egin instropekzioaren berri eman zuen. Prozesua eta leloa bat joan direnaren emaitza bada Ipar Euskal Herriko gazteei datozen asteetan aurkeztuko dietena. Ariketa autokritikoaren emaitzak batu, eta antolaketa eredu zein ildo politiko eraberrituak aurkeztu zituen Aitzina erakundeak Aitor Servier bere bozeramialearen ahotik.

«Gazte antolakundearen efizientzia politiko eskasaren arrazoiak» identifikatu nahi izan zituzten 2016ko udan hasi eztabaida saioren bidez. Beren jardueran hiru arazo identifikatu zituzten gazteek: ildo politiko jakin baten eskasa, lanketa politikoak maila lokalean egokitzeko gaitasunik eza, eta antolakunde eredu desegokia. «Ehun bat gazteren» ekarpenak jasota osatu zuten Jauzi bat Aitzina dokumentu publikoa. «Horrekin, euskal gazteriari ez diogu askatasunaren giltzarik emanen eskuetan, baina askatasunaren ateak kolektiboki irekitzeko helburuz antolatzeko aukera emanen diogu», erran du Servierrek.

Dokumentuan, egoeraren analisia egin dute Aitzinako gazteek. Haien iritziz, «Ipar Euskal Herrian ireki den fase politikoak dakarren berritasun nagusia Euskal Elkargoaren sorrera da». Instituzioetatik etor daitezkeen «arrerapausoei» ez diete «uko» eginen, baina argi dute «arloetako borroka guziak kuadro berri honen agorpena ikusarazteko tresnak» direla, Euskal Elkargoa «asimilazio eta normalizazio kuadro bat bilaka ez dadin». Haien iritziz, «mendeetan egin duen gisara, Frantziak Euskal Herriaren aurkako gerla kulturalean» diharduelako, eta, besteak beste, hezkuntza sistema, hedabideak edo hizkunz politika erabiltzen dituztela «asimilaziorako».

Hezkuntza sistemari buruz: «Eskolan gure historia ikasterik ez dugu». Hedabideei buruz:«Frantziaren balio sasi-unibertsalekin irradiatzen gaituzte». Hizkuntza politikari buruz: «Euskararentzat ogi papurrak besterik ez ditu uzten; hizkuntza museoetara zokoratzen du».

Emmanuel Macronen gobernuaren «erasoaldi neoliberala» ere azpimarratu dute; haien aburuz, «gazteek eta emazteek bereziki pairatuko dute lan munduaren flexibilizatzea». Horren aurrean: «Lan eskubideak defendatu eta eskubide berriak borrokatzen ahal ditugulako kontzientzia hedatzea dagokigu». Eredu neoliberalari aurre egiteko «aliatu nagusiak» ELB eta LAB sindikatuak izango dituztela diote.

Ildo politikoa

«Lehentasunezko hiru ildo estrategiko» definitu dituzte gazte antolakundeko militanteek. Feminismoa bada horietako bat: «Ipar Euskal Herrian ez du erreferentzialtasun handirik irabazi», dio Aitzinak. Aldarrikapen feministak «eztabaida publikotik at gelditu ohi dira», eta «haatik, patriarkatuak hiltzen jarraitzen du». Are gehiago: «Matxismoak gure gorputz eta buruak zeharkatzen ditu. Gauzak horrela, Aitzinaren talde feminista neska gazteen ahalduntzerako gunea izanen da».

Euskara izango du bigarren lan ildo nagusia: «Euskal hiztunok pairatzen dugun zapalkuntza nazio-zapalkuntzaren ezaugarririk garrantzitsuena delako». Legeen babesik ez izatea etengabeko eskubide urraketatzat dute.

Eta Lurra eta Etxebizitza izango dute hirugarrena: «Gazte problematika nagusienetarik bat delako Ipar Euskal Herrian». Nabarmendu dute «etxebizitza bat izateko eskubideak bi izateko eskubidearen gainetik egon beharko lukeela». Garrantzitsutzat dute arlo bakoitzean garaipen «taktikoak» lortzea: «Gazteok sistemari irabazteko dugun gaitasuna agertu dadin».

Militantzia eredu berria

Hiru irizpide jarri dizkiote antolaketa eredu berriari; engaiamenduaren mailakatzea, iniziatiba eta erabakiaren desentralizatzea, eta jardueraren eskuragarritasuna. «Arlo guzietan lan egiten ibili ordez, militanteak interesen eta engaiamendu mailaren arabera espezializatzea da xede nagusia», azaldu du Servierrek. Horretarako, militante orok «bere lekua atzeman eta komeni zaion garapen pertsonala ezagutu lezake gazte antolakundean». Egitura berriak «malgua bezain konprometitua, demokratikoa eta gardena» izan nahi du. Horretarako, barne eta kanpo mekanismoak jarri dituzte martxan, helburua gazte antolakundea eskuragarria izatea dutelarik, eta «gazte antolakundea integratzeko erreztasuna» eskaini nahi dute horrela. Antolaketa berriaren lehen emaitza izan da ospetsua egin den Kataluniaren aldeko margoketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.