Zozoen elean (I). Maria Elena Etcheverry. Argentinako Eusko Kultur Etxeko lehendakaria

«Etxean inor tematzen zenean, lelo horixe beti: 'ez euskalduna izan!'»

Argentinako Eusko Kultur Etxeko lehendakari eta Ekin argitaletxearen buru da Maria Elena Etcheverry (Buenos Aires, 1938). Andres Irujoren alarguna, zuzenean eta bertatik bertara bizi izan ditu herrialdeko euskaldunaren hemendik hara eta handik honakoak.

Miel Anjel Elustondo
Gasteiz
2016ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilundu artean,
egoten ohi dira zozoen elean


Jean Martin Hiribarren

Erretretan sarturik, gauza asko egiteko aukera dut. Mediku lanean ari nintzenean baino gauza gehiago bai, behintzat. Iaz, esaterako, Lazkaon izan nintzen, euskaraz ikasten. Maizpide euskaltegian eman nituen abuztua eta iraila, udako ikastaroetan. Hala ere, oso urduri jartzen naiz bat-batean euskaraz hitz egiten hasi behar dudanean. Gogor xamarra zait. Okerrena da Buenos Airesen euskara hiztun gutxi ditugula inguruan; ezin praktikatu! Onenean, Internetez jardutea dago. Argentinan euskaraz programako irakasle argentinarrek ere horixe dute muga: ahozkotasuna, hitz egiteko zailtasuna dute, eta nik esango nuke zailtasun hori transmititu egiten dela. Hori gainditzeko ez dago beste biderik, hitz egitea besterik.Adibidez, Eusketxean hiru irakasle ditugu, eta bata bere burua prestatzen ari da oraindik. Gazte dira, ikasketak egiten ari dira eta, aldi berean, lanean…

Eusko Kultur Etxea dugu Eusketxe, Buenos Airesekoa, eta erakundeko lehendakaria nauzu. Laurak Bat euskal etxeak oso garai ederra bizi izan zuen 70eko hamarkadan. Zuzendaritzako kideek guztiz irekirik jardun zuten. Bazen erakunde bat lehenagotik zetorrena, Euskaltzaleak, 40ko hamarkadan sortua, Laurak Batekiko dependentziarik ez zuena; buruaskia zen, estatutuek ziotenez. Bestalde, bazen Ekin argitaletxea ere, Espainiako gerra ostean hemen euskal libururik argitaratu ezin zenean Buenos Airesen horretan hasi zena 40kohamarkadan… Alegia, bazen mugimendua. 70eko hamarkadan, berriz, Pedro Amorrortuk, Laurak Bateko zuzendaritzako kide garai hartan, gela bat eskaini zion Ekini euskal etxearen egoitzan bertan, eta biltegi txiki bat ere bai pilotalekuaren atzeko partean. Nik, esatera, euskaldunon enbaxada izan zen Ekin argitaletxea garai batean. Denbora hartan, Argentinan euskaldunez ezer jakin nahi zuenak Laurak Batera jo behar zuen. Hara orduko, atezainak Andres Irujoren bulegora bidea aginduko zion eta, han, Ekinen liburuak erakutsiko zizkion nire Andres zenak. Euskaltzaleak-ek eta Ekinek ez ezik, Laurak Baten egoitzan bertan zuten egoitza Euskal Ikasketen Institutu Amerikarrak, Emakume Abertzale Batzak eta Acción Vasca-k, hain xuxen. Ohi denez, laster sortu ziren errezeloak, sortu zen lehia, batek egun batean halako jarduera jakin bat antolatu zuelako, besteak berdintsua zuelako prestatua biharamunean… Koordinazioa zen nahitaezko. Eta horrixe lotu gintzaizkion.

Eginahalean saiatu ginen, baina asmoak ez zuen aurrera egin. Are okerrago, diru arazoak etorri ziren, Argentinako ekonomiaren egoera makurrak eraginik. Ataka gaitzean, on Sebastian Amorrorturen seme Frantziskok diruz lagundurik, Eusko Kultur Etxearen sortze-agiria sinatu genuen 1989an, Nikomedes Iguain Azurza beasaindarra zuzendari izendaturik. Han izan ziren Laurak Bateko lehendakari Mendia, FEVAko burua… Erakunde askoren arteko elkarlanaren ondorio eta emaitza izan zen Eusketxea, eta, zinez, hiriburuko elkarteek ez ezik probintziakoek ere esku hartu zuten kultur etxea sortzeko prozesu hartan. Zehatz esate aldera, 1989ko uztailaren 31n, San Inazio egunez, sinatu zen notaritza batean Eusketxeren sortze-agiria. Handik bi hilabetera, dantzari egunean, San Migel, inauguratu zen Eusko Kultur Etxea. Ohiko jarduerak ziren gureak: dantza, euskara eskolak, kultur ekitaldiak antolatzea... Gure proiektuak, ordea, iraun zuena iraun zuen: 2003an Laurak Batek lokala uzteko eskatu zigun. Ez ginen ados, eta, azkenean, 2005eko martxoan kaleratze agindua jaso genuen. Arestian esan dudanez, 40ko hamarkadan sortu ziren Euskaltzaleak eta Ekin, eta hamabost urteko ibilia egina zuen Eusketxek. Ezin genuen dena peko errekara bota! Ordurako Euskaltzaleak eta Eusketxe elkarteetako buru nintzen, eta Ekin argitaletxearen buru. Ezinbestean, aurrezkietara jo eta etxe bat erosi nuen hiru elkarteok egoitza izan zezaten. Geroago, bere bidea egitea erabaki zuen Euskaltzaleak beste nonbait. Bitartean, langile baten salaketa jaso genuen, epailearen aurrean azaldu beharra ere izan nuen… Esan nezake hamaika gorabehera domestikok galarazi digutela Eusketxeren kultur proiektua guk nahi genuen moduan gauzatzea. Horrek neke handia eragin dit, baina erran komuna da gaitz guztietatik sendatzen dela pertsona! Egiatan, askoz lan handiagoa egin zuten ekimen horiek abiarazi eta urteetan gauzatu zituztenak! Ekinen lanari, adibidez, Durangoko Azokak berak aitortza berezia eman zion 2001n. Ezin utziko genuen besterik gabe hiltzen!

Gure etxean Ekinen liburu guztiak jasotzen zirela gogoratzen naiz. Aitaren gogoa zen. Aita han jaioa, Baigorrikoa (Nafarroa Beherea) nuen birraitona, Etcheverry deiturak salatzen duenez. Amaren aldeko birraitona Aizarnazabalgoa (Gipuzkoa) nuen, Elizaran Salaberria abizenak. Eta badakit bietan ageri dela, molde batean zein bestean, Etxeberria deitura. Aita zenak Argentinako Medikuntza Akademiako kide izendatu zutenean esan zuen moduan: «Pirinioetako bi isurialdeetatik nator».

Beti jakin dut euskalduna naizena. Etxean halaxe esaten zidatelako behin eta berriz eta askotan, baina urteak iragan arte ez nuen jakin Buenos Airesen euskal zentrorik zegoena, ezta euskaldunon hizkuntzak izena «euskara»zuela ere. Egia esan, heldutan, ordurako mediku nintzela, jakin nuen non ikas nezakeen euskaraz, eta, hain xuxen, horrexek eraman ninduen euskal zentroarekin kontaktatzera: euskarak beste ezerk ez.

Utzidazu gauza bat kontatzen… Gure aita Migel Anjel Etcheverry ikerlan aitzindari baten egile izan zen: Rh negatiboak Argentinako euskaldunetan ageri zuen proportzio handiari buruzko ikerketa burutu zuen. Oso interes handiko datua garai hartan, euskal jatorriko emakumeen osasun arazo larri bati aurre egiten lagundu zuelako: haurrarekiko bateraezintasuna zuten amen %70 euskal jatorrikoa zela egiaztatu zuen Ribadavia ospitaleko laborategian. Aipu eta sona handikoa izan zen 1951ean Argentinako Kordoba hirian Hemoplasmoterapia ikastaroan egin zuen komunikazioa. Jendeak ez zuen entenditzen garai hartan senar-emazteei haurrak bata bestearen ondoren hiltzea. Sifilitikoak zirela ere pentsatzen zen! Eta sifiliak orduan, gaur egun hiesak dituen konnotazio txar guztiak zituen. Dakidanez, Isaak Lopez Mendizabalek —han zen ordurako—, euskal deituradun emakumeak bereizten lagundu zion gure aitari.

Hori esanagatik ere, luzaz nik ez nuen jakin euskaldunen iloba nintzena besterik. Ez frantsesen ez espainolen iloba: euskaldunen iloba, zalantza bihirik ez zen horretan. Ez nekien Aizarnazabal bazenik —«Azpeitia» (Gipuzkoa) aditzen nuen nik etxean—, ez Euskal Herria, ez euskara, ez ezer. Alabaina, etxean inor tematzen zenean, lelo horixe beti: «Ez euskalduna izan!». Sei neba-arreba ginen, amak euskal jatorririk ez, eta, hargatik, sinonimo zituen euskalduna eta burugogorra.

Horrela hazi nintzen, aitaren ondoan lanean Rh kontuetan, neuk Medikuntza ikasketak egin baino lehen ere. Egun seinale bat bada euskaldun izateko egin nuen bidean, nahiz eta ez nuen aldez aurretik nahitara prestatu… 1974an, Farmakologia ikastaroetan barna, Antropologia fisikoaren gaineko kurtsoa bete behar izan nuen, bateko cromagnon-a, besteko neanderthal-a. Laguna gertatu zitzaidan ondoan, Jose Felix, Putxulu; oso zen vasquista, eta atergabe jardun zidan euskaldunez. Etxera joan eta, han, aitarekin segitu nuen elkarrizketa. Eta orduantxe aita Euskal Herriaz mintzo ordubete. Herri isolatua zela, hizkuntzaren jatorria misterioa zela… Ordubete hitz eta pitz, hau, hori eta hura gure aita! Egun seinalea izan nuen, hurrengo egunean, edo handik bi egunera, hil zelako. Erabat inarrosi ninduen…

Aita Euskal Ikasketen Institutu Amerikarreko kide zenez, erakunde horretakoak nirekin harremanetan jarri eta akademiako kide izendatu ninduten. Eta hantxe hasi nintzen Andres Irujo eta erakundeko gainerako kideak ezagutzen. Horrela jakin nuen Laurak Bat zentroan euskarazko eskolak ematen zituztela. Andresen bulegoan ematen zituzten eskolak, esan nahi baita, Ekin argitaletxearen egoitzan, baina Euskaltzaleak elkartearen bidez. Ikasten hasi nintzen, hizkuntzaz maitemindu nintzen, eta euskaraz ikasi nahian ari naiz 75etik hona, iazko Lazkaoko egonaldia bitarte.

Iñaki Azpiazuren idazkaria genuen irakasle —Nazabal, deituraz—, eta gero, beste bat izan genuen, oso ona: irakasle autodidakta zela esan behar dut, arotza baitzen lanbidez. Oñatibiaren liburutik jarduten genuen, galdera-erantzunak betez. Harrezkero, bertako batzuek ikasi zuten, eta metodo berriak ekarri zituzten: Jo ta ke, Jalgi-Hadi, Bakarka… Jauzi handia izan zen. Hau ez da kontatu ohi, baina Ardanza lehendakaria lehen aldiz Argentinan izan zenean 1988-89an —Argentinan Euskaraz programa abiatu baino lehenago, beraz—, berarekin bilera egin genuen zenbait lagunek. Han ziren Andres Irujo, Euskaltzaleak elkarteko presidente Pello Aranoa, ni neu… Ordurako nik banekien zer edo zer. Alegia, banekien Erronkarin (Nafarroa) azkeneko euskara hiztunari grabazioa egina ziotela, euskalkiak biltzeko grabazioak egiten ari zirela, euskaraz irakasten zela ikastola eta eskoletan... Eta esan nion lehendakariari: «Euskal Herrian oso ahalegin handia egiten ari zarete hizkuntza gal ez dadin, eta, zinez, oso inportantea da han hizkuntza ez galtzea. Baina guk, Argentinan, ikasi egin nahi dugu, eta ez dugu nork irakatsiko digun! Baditugu zenbait lagun bidean irakasten ari zaizkigunak, baina egiazko irakaslerik ez! Hiru milioi euskaldun zarete Euskal Herrian. Gu, aldiz, 35 milioi gara Argentinan, eta, diotenez, euskal jatorrikoak gaituzu %10. Potentzial ikaragarria dago hemen». Garai batean Jaurlaritzaren kanpo harremanez arduratzen zen Josu Legarretari behin edo behin aditu diodanez, horixe agindu zuen lehendakariak Argentinatik itzuli zenean: «Martxan jarri behar da programa!». Argentina Euskaraz izango zen handik urte gutxira, 1990ean Jose Juan Gonzalez Txabarri eta Josu Legarreta Argentinara bidaia egin ondoren; egoera aztertu zuten eta egitasmoa abiarazi zuten. Gustura jakingo nuke lehendakariarekin izan genuen elkarrizketak eragin ote zuen erabakian, baina horrek ere baditu litsak: egitasmoa abiarazi zutenean, ezin izan nuen hartan parte hartu, hogeita hamar urte baino gehiago nituelako. Dena dela, hasteko, hogeita hamar lagun hasi ziren ikasten, eta, laster, bost irakasle izan genituen Argentinan: Bahian, Mar de Platan, Arrezifen, Buenos Airesen… 25 urte bete zituen programak iaz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.