Xabier Orbegozo, 'Arria V.a'. Aizkolaria

«Denbora guztian goraka egin dudan sentipena dut»

Aspaldiko apusturik handiena jokatuko dute 'Arria V.a'-k eta Iker Vicentek etzi, 12:00etan, Tolosako zezen plazan. Hogei enbor dituzte zain, eta 6.000 euro izango dituzte jokoan. Baikor da errezildarra.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Oso gogotsu dago Xabier Orbegozo, Arria V.a (Errezil, Gipuzkoa, 1977), ilusioz gainezka. Azken hilabeteetan buru-belarri aritu da Iker Vicenteren aurkako apustua prestatzen, eta azken orduak patxadan pasatu nahi ditu. Hamalaugarren apustua izango du, eta badaki aurkari gogorra izango duela aurrean, baina jakitun da «onena» emanez gero ere «irabazteko aukera handia» izango duela.

Igandean jokatuko duzu apustua Iker Vicenteren aurka. Nola zaude?

Oraingoz, minik gabe eta aitzakiarik gabe. Prestakuntza oso ondo joan da. Ez dut inolako arazorik izan, ez lesiorik, ezta osasun arazorik ere. Denbora guztian goraka egin dudan sentipena dut, eta uste dut orain arteko sasoirik onenean iritsiko naizela.

Nola joan da prestakuntza?

Oso gogor aritu naiz, eta egun batzuetan izugarrizko saioak egin ditut. Azken apustuetatik korrikako saioak kendu eta indarra berreskuratu beharrean nengoen. Indarra hartzen saiatu naiz, beste gauza asko baztertu gabe.

Entrenamendu zehatzik egin al duzu apustu honetarako?

Entrenamendu luzeak egin ditut, badakidalako lan luzea egin beharko dudala. Mendian asko ibili naiz, baita bizikletan ere. Aizkoran, besteetan bezala, saio luzeak egin ditut, eta pisua jasotzen ibili naiz gimnasioan. Indarberritzeko ezinbestekoa izan zait pisuarekin ibiltzea.

Egin dituzun azken apustuetan, korrika eta aizkoran aritu zara. Oraingoan, ordea, aizkoran bakarrik ariko zarete. Zenbat kilo gehiago zara orain?

Ez dut kilo asko hartu, baina hartutako kiloak onak dira. Kiloak hartzera joanda, azkar hartzen dira, baina ez badute ezertarako balio, alferrik da. Denera, bost kilo hartu ditut; lehen, 87 kilo nituen, eta orain, 92.

Zertan nabarituko duzu bost kilo horiek hartu izana?

Kolpean, batez ere. Aizkorak amaieran eskatzen duen kolpean asko igartzen da. Beste puntu bat ematen dio aizkorari. Azken finean, eta, egurrak mozten goazen heinean, kolpea behar da enborrak aurreratzen joateko. Gorputzaren eta esfortzuaren iraupena mantentzea lortu dugu, nahiz eta kilo batzuk hartu ditugun.

Non uste duzu atera diezaiokezula alde handien Iker Vicenteri?

Vicente ez da azkar hasten den horietakoa, bere patxada hartzen du. Ni, ordea, beti bizi hasten naiz, eta uste dut nik hasieran alde egin dezakedala. Lan erdietan pareko ibil gaitezke, baina lanak luzatzen badira, uste dut abantaila izan dezakedala. 40 minutuko lanetan oso ondo ibiltzen da Vicente, baina iruditzen zait luze joaten diren lanetan denbora apur bat galtzen duela, eta agian luze xamar egingo zaiola apustua. Agian, hori izango da nire armarik onena. Azken ordu erdian uste dut erabaki daitekeela apustua.

Eta zein izan daiteke zure alderik ahulena?

Ni baino gazteagoa da Vicente, eta uste dut nik baino ahalmen eta kolpe gehiago duela. Agian, kolpean izan dezake berak abantaila.

Hamahiru apustu jokatu eta gero, oraindik ere presioa sentitzen al duzu?

Inoiz baino gutxiago. Apustu asko jokatutakoa naiz, onak asko, eta hain ondo atera ez diren asko ere bai. Vicente da gaur egungo aizkolaririk onenetakoa, baina nik azkenaldian etxean lan asko egin dut, eta horrek asko lasaitzen nau. Beste lasaitasun batekin plazaratzen da bat gauzak ondo egin dituelako sentipena duenean.

Dirua, ordea, Vicenteren alde dago nabarmen. Zer pentsatzen duzu horri buruz?

Niri ez zait batere axola. Entzun berri dut dirua bikoiztuta dagoela haren alde. Hala ere, asko harritzen nau dirua hain nabarmen haren alde egoteak. Hasi aurretik oso zaila da aurreikusten nola joango den apustua. Irudipena dutdena oso parekatuta joango dela.

Esperientzia handiko aizkolaria zara zu, baina horrelako apustuetan zer du onerako eta zer txarrerako esperientziak?

Nire ustez, dena onerako du. Apustu asko jokatutakoa naiz, eta badakit plazan zer gertatzen den. Berak, ordea, lehen apustua du, eta gauza asko lehen aldiz egin beharko ditu.

Bi neurriko enborrekin ariko zarete lehian, hamabi kana-erdikorekin eta 60 ontzako zortzirekin. Zein lanetatik hasiko zara?

Hasi aurretik ez dut esango, ez dakidalako nolako egurrak izango ditugun. Nik badakit nolakoak plazaratuko ditudan, baina bereak ez dakit nolakoak izango diren. Plazan bertan erabakiko dut. Baliteke biak parean hastea, edo bakoitza bere aldetik eta enbor ezberdinekin hastea.

Egurraren gogortasunak apustua asko luza dezake. Zuk nahiago al duzu lana ordubetetik pasatzea?

Lan handiak izango ditugu aurretik. Denek 50 minuturen inguruan ibiliko garela dioten arren, ez du askorik beharko beste hamabost, hogei edo 30 minutu gehiago luzatzeko. Bakoitzaren ahalmenaren arabera ikusi egin beharko da zenbat luzatu edo ingura gaitezkeen. Niri apustua luzatzea komeni zait.

Kana-erdikoak oso erraz mozten dituzu. Nola moldatzen zara 60 ontzakoekin?

Asko entrenatu dut haiekin, eta orain urte batzuk baino errazago mozten ditut. Eskuekin ere ez dut arazorik azkenaldian, eta, agian, bera enbor handiagoekin hobeto moldatzen den arren, lan asko egin beharko du niri irabazteko.

Azken txapelketan oso indartsu aritu da Vicente. Txapela irabazi du Ruben Saralegirekin. Zuk ere ondo ikusi al duzu?

Nik badakit zer egiteko gai den. Txapelketan zehar oso fin aritu da, beti ibiltzen den antzera, baina apustuak beste gauza bat dira.

Zer eguraldi duzu nahiago?

Nire aurkaririk okerrena hego haizea da. Eguraldi hotzarekin edo freskoarekin ondo moldatzen naiz, eta azkenaldian izaten ari garen eguraldiarekin...

Zer eskatzen diozu apustuari?

Lehenik, biok dugun onena ematea, eta gero, jendeari zor diogun errespetua izatea. Jende asko etortzea espero da, eta uste dut biok ere onena emango dugula. Jendea plazatik gustura irtetea gustatuko litzaidake. Horrekin konformatuko nintzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.