Berea eginda, txapeldun

Lider da Super Amara Bera Bera, liga amaitzeko hiru jardunaldi falta direla. Azkeneko hiru partidak irabaziz gero, txapela irabaziko luke, aurkariek zer egiten duten zain egon gabe.

Julen Etxeberria.
2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Pozarren ospatu zuten Super Amara Bera Berako jokalari, entrenatzaile, ordezkari eta zaleek Aula Alimentos de Valladolidi irabazi izana joan den larunbatean, Bidebietan. Ondo zekiten guztiek garaipen horrek zenbateko garrantzia izan dezakeen Espainiako liga bosgarrenez irabazteko. Izan ere, ustez, Aularen kontrako neurketa azkeneko txanpa erabakigarrian jokatu beharreko zailena zen.

Hiru jardunaldi falta dirasasoia amaitzeko, eta Donostiako taldea lehen postuan da. 40 puntu ditu, Mecalia Atletico Guardesek adina, baina Bera Bera dago aurretik sailkapenean, Galiziako taldea baino puntu alde hobea baitu —bi partidak irabazi dizkio—. Hiru puntu gutxiago ditu Ro'Casak, hirugarren sailkatuak. Jokoan sei puntu besterik ez daudela kontuan hartuta, Espainiako taldeak miraria beharko luke txapeldun izateko.

Egutegia samurragoa du

Egutegiari erreparatuta, Montse Puchek entrenatutako taldeak du azken txanparik samurrena. Hurrengo larunbatean Valentziaren pistan jokatuko du. Mailari eusteko lehian dabil Herrialde Katalanetako taldea, eta, lehen itzulian, Bera Berak hemeretzi golen aldeaz irabazi zion: 33-14. Beraz, ez dirudi garaipenak ihes egin diezaiokeenik. Bi aste barru, berriz, Elx hartuko du Bidebietan. Hura ere aurkari apala da: 11. postuan da. Aurreneko itzulian kostata irabazi zion ere (18-21), zaila dirudi donostiarrek etxean huts egiteak. Denboraldia bukatzeko, azkenik, etxetik kanpo ariko dira, baina oso gertu, Barakaldon (Bizkaia), Hotel Gran Bilbao-Prosetecnisa Zuazoren aurka. Neurria hartuta diote Bizkaiko taldeari, elkarren aurka jokatutako hamazazpi neurketetan nagusitu baitira. Zuazok ez du ezer jokoan, jada ez baitu aukerarik Europara sailkatzeko.

Guardesek, ordea, aurkari askoz zailagoak izango ditu. Hasteko, datorren asteazkenean, hilaren 16an, Ro'Casari egingo dio bisita, atzeratutako partidan —Espainiako taldeak Challenge kopako finaleko itzulikoa jokatuko du larunbat honetan, Polonian—. Lehen itzulian, bi taldeek 26na berdindu zuten Guardesen; beraz, lehia oso parekatua espero da. Ikusteko dago, hala ere, Challenge kopako finalak zer eragin izan dezakeen Ro'Casarengan. Partida hori jokatu eta lau egunera, Guardesek Rincon Fertilidad Malaga jasoko du. Zazpigarren sailkatua da, baita arerio oso bihurria ere.Galiziarrek azken partidan aurrean izango dutena ere aurkari deserosoa da: Granollersi egingo diote bisita, zortzigarren sailkatuari. Lehen itzulian, etxean, gol bakar batengatik irabazi zioten (32-31). Beraz, erne egon beharko dute. Gogoan izango dute Ro'Casari aurreko astean gertatutakoa, ezustean berdindu baitzuen Granollersekin, duela bi aste, etxean.

Baina egutegiaz haratago, Bera Berak daraman bolada ona da baikor egoteko motibo nagusia. Azken zazpi partidak irabazi ditu ligan. Hain zuzen, Guardesen ekin zion garaipen boladari, etxean Malagaren aurka modu mingarrian galdu berritan. Montse Puchek entrenatutako taldea garaiz suspertu da, eta horrek txapeldun egin dezake bi urte geroago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.