Ezuste gutxi, erantzun asko

Salbuespenak salbuespen, espero zirenak sailkatu dira Munduko Kopako final-laurdenetarako. Bakoitzaren jardunean, ordea, izan da alderik.

Ezuste gutxi, erantzun asko.
Eneritz Zabaleta.
2015eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Errugbiaren patua izaten da. Unibertsalizatze bidean dagoen kirol bat da, eta Munduko Koparen gisako lehiaketa bat aitzina joan ahala, esperotako taldeak topatzen dira. Aurtengo ekitaldia ez da salbuespena izan, nahiz eta lehen multzoan hainbat taldek ezusteko batzuk eman. Zorioneko ustekabeetako bat, ezbairik gabe, Japoniak erakutsitako maila da. Ezuste garratzagoa izan da Ingalaterrak lehen ligaxkan agur esan izana.

A MULTZOA

Ingalaterra, lur jota

Lehen multzoari heriotzarena deitu zioten askok. Eta emaitzek ez dute kontrakorik erran. Munduko Kopako kolperik handiena gertatu zen bertan. Bere Munduko Kopa antolatu, eta lehiaketatik kanpo gelditu zen Ingalaterra, lehen fasetik. Lehen aldia da halakorik gertatzen dela. Ezusteko handia izanik ere, aitortu behar da ez zuela lan erraza. Batetik, bi aldiz munduko txapeldun izaniko talde bat izan zuen aurkari, Australia; bestetik, Gales, zeina 2011ko finalerdietan aritu baitzen.

Ororen buru, Ingalaterra inor gutxik kanpoan irudikatzen bazuen ere, ez da beste munduko ustekabea Australiak eta Galesek egin izana aitzina. Australiak Ingalaterraren eta Galesen aurka egindako jokoak titulua irabazteko faborito nagusi gisa utzi du, Zeelanda Berriarekin batera.

B MULTZOA

Japoniaren ahalegin hutsala

Munduko Kopako historiako lurrikara handiena gertatu zen. Japoniak sekulako ezustekoa eman zuen Hegoafrikari irabazita (32-34). Partida bikain hori ez zen izan egun bateko kontua, eta japoniarrek hiru garaipenekin bukatu dute. Ez da aski izan, baina, sailkatzeko. Lehen aldia da multzoko fasean hiru partida irabazten dituen talde bat final-laurdenetarako sailkatzen ez dela. 2019an japoniarrek etxean jokatuko dute Munduko Kopa, eta gertutik zaindu beharrekoak izanen dira.

Hegoafrikak zalantza anitz zabaldu ditu lehen fasean. Japoniaren aurka galdu eta gero, egin beharrekoa egin zuen Samoaren eta Eskoziaren aurka, eta lehen postua ziurtatu. Baina ez du itxura onik eman. Inor gutxik ikusten ditu Springboks-ak kopa altxatzen. Gainerakoan, Eskoziak bere mailan jardun du; ez, ordea, Samoak. Eskozia estu hartzean bakarrik erakutsi dute samoarrek zein den beren egiazko maila.

C MULTZOA

'All Blacks'-ak, aise

Zeelanda Berriak ez du arazorik izan lehen postua eskuratzeko. Lehiaketa hasteko, Argentinaren aurka jokatu eta estutasun gutxirekin irabazi zuen (26-16). Horren ondotik jokatutako partidek gehiago izan dute entrenamendutik, partida zailetik baino. Inolako arazorik gabe, aise sailkatu dira lehen postuan All Blacks-ak. Munduko Kopa irabazteko hautagai nagusiak dira.

Koska bat beherago, baina oso goi mailan aritu da Argentina. Zeelanda Berriaren aurka galdu eta gero, ez du arazo handirik izan bigarren izateko. Munduko Kopa irabazteko agian ez, baina Europako selekzioak eta Hegoafrika mendean hartzeko taldea baduela erakutsi du.

Gainerakoan, Georgiak eman zuen ezustekoa. Aditu gehienek Tonga ikusten zuten hirugarren postuan, baina Kaukasoko selekzioak kolpea eman zuen Tongari irabazita (10-17). Garaipen horri esker, zuzenean sailkatu da 2019ko Munduko Koparako. Errugbia hango kirol nazionala da. Europako selekzio onenekin gehiago aritzea merezi duela erakutsi du.

D MULTZOA

Irlanda nagusi

D multzoko bizitza Irlanda eta Frantziaren arteko lehiak baldintzatu zuen azken jardunaldian. Azken partida horretan, Irlanda izan zen nagusi, eta aise menderatu zuen Frantzia (9-24). Bi selekzio horien gibeletik, Italiak ez du lortu pronostikoak hankaz gora jartzea. Hala ere, Irlanda aski estu hartu zuen (16-9). Galdu arren, itxura oso ona eman zuen.

Irlandak, berriz, hautagaitza aurkeztu du lehen aldiz finalerdiak jokatzeko, baina ez dirudi txapeldun izateko bezain ona denik, are eta gutxiago jakinda bidean jokalari garrantzitsu zenbait galdu dituela: O'Connell, Sexton eta O'Brien, besteak beste.

Frantziari dagokionez, usaian egokitzen zaion egoerara itzuli da Munduko Kopa honetan. Pronostiko guztiak aurka ditu, Zeelanda Berriaren aurka jokatuko baitu final-laurdenetan. 2011n antzeko egoeran izan zen, eta finalera iritsi zen. 1999an eta 2007an ere Zeelanda Berriari irabazi zion, nahiz eta denek galtzaile ematen zuten. Ikusi beharko da, aldi honetan, zalantzak uxatu eta kolpea emateko gai den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.