Behin-behineko atsedena Baionan

Sudan, Somalia eta Eritreatik ihes egin duten 25 gizoni harrera egin diete Baionako behin-behineko atseden zentroan, abenduaren 31 arte, mementoko. Izatez, prestakuntza zentroa da Afpa eraikina

Baionako Afpa zentrora heldutako bi errefuxiatu. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2017ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Zu norabait iritsi eta, nola zauden, zer behar duzun galdetzen dizutelarik, hori ona baizik ezin da izan». Abdulazim Adam Baionako behin-behineko zentrora iritsi berria da beste 24 iheslariekin. Eta pozik eskertu dituharrera egin dietenak. Egin ahala, harrera beroa eskaintzen ahalegindu dira Baionako behin-behineko atseden zentrokoak. Afaria prestatua, lehen hitzekin ongi etorria eta «harro eta pozik» direla beren errezibitzea azaldu diete hango arduradunek. Eta ahal den guztia eginen dutela ahal den neurrian horien laguntzeko.

Abdulazim Adamek Sudaneko Darfur eskualdetik ihes egin zuen duela bi hilabete. Libia eta Italiatik iragan eta Pariseko La Chapelle auzoko karrikan bizitzen hasi zen. Hortik poliziak Paris iparraldeko Cergyko larrialdi egoeretako zentrora eraman zuten. Eta Cergytik, beraz, Baionara. Adam bezala, besteak ere La Chapelle eta Cergytik datoz. Aske dira, hori bai. Eta pozik, beraz. Gehienak Sudandik etorriak baitira.Bi, aldiz, somaliarrak dira, eta bat eritrearra. Gazteenak 18 urte ditu; zaharrenak, 42. Baionako egonaldiaren helburua asilopolitikoa lortzeko ibilbidea abiatzea dute. Eta, horretarako, abenduaren 31 arte lukete, mementoko.

Baionako atseden zentroa behin-behinekoa baita. Berez, Afpa prestakuntza zentro bat da, urtean 800 bat ikasleei prestakuntza eskaintzen diena. Oraintxe, 200 bat ikasle ditu prestatzen. Horietarik 40 bat ikaslek han bertan lo egiten dute, eta leku librea gelditzen zitzaien. Frantziako Barne Ministerioarekin izenpetu hitzarmenaren haritik, iheslarien errezibitzeko zentro gisa antolatzen hasi ziren, hortaz. «Biziki pozik naiz. Biziki harro. Gure zentroaren bete beharretako bat da lan munduan sartzen laguntzea; kasu honetan, immigratzaileen gizarteratzea da helburua. Eta horrek bat egiten du gure balioekin», berretsi du Michel Vanzo, Afpako zuzendariak.

Afpak jatekoa eta lo egiteko lekua eskaintzen die, baina koordinazio lan guztia Atherbea elkarteak du egiten. Atherbea Baionako elkartea da, etxe beharretan diren 2.000 pertsona laguntzen ditu urtean. Baigorriko (Nafarroa Beherea) behin-behineko atseden zentroa ere horrek zuen kudeatu. Izan ere, 2015 eta 2016 arteko neguan, Baigorriko udako VVF opor zentroa behin-behineko atseden zentro bihurtu zuten. Hasieran, 49 iheslari iritsi ziren; bukaeran, 38 ziren. Egonaldiaren balorazio biziki ona egin zuten orduan, eta, esperientzia berrestekotan, Baigorriko irakaspenak erabiltzea zuten ideia. Eta hala izaten ahaleginduko direla baieztatu du Baionako zentroko arduradun Mac Petit-Breuilhek. Baionako lantaldeko parte handi batek zuzenean bizi izan du Baigorrikoa, eta horrek lagunduko diela argi du.

Laguntzaile eske

Baigorrin indar bat izan zen laguntzaileen sarea. Eta Baionako kasuan ere hala izatea espero dute. Ehun bat dira beren izena emana dutenak. Eguneroko biziko betebeharrak laguntzeaz gain, itzultzaile talde bat muntatu da, frantses irakasleak ere etortzekoak dira, eta badira behin-behineko ateraldietarako prest agertu direnak, dela errugbi partidak ikustera gonbidatzeko, mendi ibilaldiak egitera, edo bestelakoetarako.

Atseden zentroko funtzionamendurako dirua osoki publikoa da. Abenduaren 31 arte dute dirua; hortik hara zer gertatuko den oraindik zehaztu gabea da, sinpleki, heldu den urteko aurrekontuak ez baitira oraindik adostuak. Baina hori, garrantzitsua zaie aurrekontu bat izatekotan, behar den heinekoa izatea, ez dadin prezio apaleko harrera bat izan, Petit-Breuilhen hitzetan. Arrazoi horrengatik zen atzeratu Baionako zentroaren irekitzea, hain zuzen. Hasieran, udaberriko zen proiektua. Baina Frantziako estatutik ez zutela behar den heineko diru laguntzarik eskuratzen eta Atherbeakoek proiektua atzeratzea erabaki zuten. Aldi honetan, berriz, diru aldetik behar den kopurua eskuratu dute, baina abenduaren 31 arte soilik. Orduko asilo politiko estatusa ez badute lortua, baliteke beste zentro batzuetara joatea. Hala gertatu zen Baigorrin egon zirenen iheslari gehienen kasuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.