Gurasoak hil ditu ustez gizon batek Erriberrin, eta bere buruaz beste egin du

Hasieran, aita-semeak topatu zituzten hilda, eta ama, zaurituta; hura ospitalean hil zen, bi ordu geroago. Gurasoek 80 urtetik gora zituzten, komunikabideek zabaldu dutenez

Erriberriko (Nafarroa) Tafalla kaleko etxebizitza batean topatu zituzten hildakoak. JESUS DIGES / EFE.
Erredakzioa
Iruñea
2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Familia bereko hiru kide hilda topatu zituzten atzo arratsaldean Erriberriko (Nafarroa) etxe batean. Foruzaingoak eman zuen lehenbizi gertakariaren berri, bere Twitter kontutik: antza, guraso heldu batzuk eta haien semea dira hildakoak. Poliziaren lehenbiziko hipotesia familia barruko indarkeriarena da: alegia, semea gurasoei oldartu zitzaiela, eta gero bere buruaz beste egin zuela.

Hilketa arratsaldeko seiak aldera gertatu zen, Tafalla kaleko etxebizitza batean. Polizia Judiziala eta larrialdi zerbitzuak hara joan zirenean, ama bizirik aurkitu zuten, larri zaurituta, eta Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten, helikoptero medikalizatuan; handik ordu eta erdira jakinarazi zuen Foruzaingoak, ordea, hura ere hil egin zela.

Semeak egindako hilketaren hipotesia ere erabat baieztatu gabe zegoen atzo iluntzean; Poliziak adierazi zuen auzia «ikertzen» ari zirela oraindik. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, gurasoek 80 urte baino gehiago zeuzkaten; semeak, aldiz, 48. Euren arteko harremanari buruzko informazio gehiagorik ez da argitaratu oraingoz, ez eta semeak aurrekaririk ba ote zeukan ere indarkeriagatik. Zenbait komunikabidek zabaldu zutenez, semeak animaliak hiltzeko pistola batekin egin zien eraso gurasoei, eta, gero, tresna berbera erabili zuen bere buruaz beste egiteko. Andoni Lakarra Erriberriko alkatea «nahigabetuta» agertu da hilketengatik.

Lau kasu 2010etik

Ez da azken urteotan seme-alabek guraso helduen aurka erabilitako indarkeria kasu bakarra. 2017ko urtarrilean, 56 urteko gizon batek bere 92 urteko ama hil zuen Portugaleten (Bizkaia), eta gero bere burua zauritu zuen; erakundeek ez zuten jo indarkeria matxistatzat, familia barruko indarkeria gisa baizik. Ama-semeak elkarrekin bizi ziren, eta emakumeak Alzheimerren gaitza zeukan. Hura labanaz hil ostean, semeak berak deitu zien telefonoz adiskideei, egin zuenaren berri emateko. Hilketako «inplikatu» gisa atxilotu zuten.

2015ean, berriz, 72 urteko emakume azpeitiar bat (Gipuzkoa) hil zuen semeak Madrilen, antzeko baldintzetan. Eta 2010ean ere bi kasu antzeko jazo ziren oso epe laburrean: otsailaren 8an, 65 urteko emakume bat hil zuen haren semeak Barakaldon (Bizkaia), eta, aste eta erdi geroago, otsailaren 19an, gizon gazte batek 48 urteko bere ama hil zuen Lasarte-Orian (Gipuzkoa) labankadaz. Bi kasuetan, semeek salaketak edota urruntze aginduak zeuzkaten lehenagotik, etxean izandako indarkeriazko jokabideengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.