Bartzelona 67-65 Kirolbet Baskonia

Lasai, bi partida ditu oraindik

Baskonia oso deseroso aritu da erritmo gutxiko partida batean, eta ezin izan du baliatu ACBko finalerako sailkatzeko lehen aukera. Gasteizko taldeak bi baloi galdu ditu azken 40 segundoetan

Janis Timma Baskoniakoa eta Adrien Moerman Bartzelonakoa, errebotea hartzeko borrokan, atzoko partidako jokaldi batean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Bartzelona. Hanga (10), Navarro (8), Jackson, Moerman (6), Tomic (15)—hasierako bostekoa— Heurtel (8), Koponen (4), Sanders, Claver (9) eta Reynolds (7).

Kirolbet Baskonia. Huertas (8), Janning (10), Timma (5), Voigtmann, Poirier (10)—hasierako bostekoa— Granger, Vildoza (6), Beaubois (10), Garino (2), Xengelia (11) Voigtmann (1), Diop (2).

Markagailua. 18-19, 31-33 (atsedenaldian); 47-67-65

Epaileak. Perez Pizarro, Jimenez eta Peruga. Ez zuten inor kanporatu faltengatik.

Bestelakoak. 5.661 ikusle Palaun.

Inork ez zuen esan erraza izango zenik. Bartzelona ez dago bere onenean, eta Baskonia sasoi hobean iritsi da finalerdietara, baina Kataluniako taldeak jokalari eta entrenatzaile onak ditu, eta finalerdia aldapa gora jartzeko oso kapazak dira. Are gehiago, hori litzateke testuinguru logikoena, alegia, Bartzelona kanporatzea zaila izatea. Bada Svetislav Pesicen taldeak atzo atera zituen letaginak, Baskonia ito egin zuen bere defentsarekin eta 2-1ekoa jarri zuen kanporaketan. Baskoniazaleak, baina, ez du larritu behar, bere kutunak beste bi aukera ditu sailkatzeko. Aurrenekoa bihar, Bartzelonan (18:00), eta, beharko balitz, azkenekoa asteartean, Gasteizen (21:00). Bitartean Real Madril zain dago, finaleko aurkariak nola higatzen diren ikusten.

Baskoniak partida desatsegin eta gogorra izan zuen bart. Bartzelonak joko erritmoa asko moteldu zuen eta Gasteizko taldeak ezin izan zuen arin ibili. Bi taldeek ia ez zuten partzialik kateatu, eta norgehiagoka azken minutuan erabaki zen. Partida bukatzeko bi minutu falta zirenean Janningek 62koa jarri zuen hiruko batekin, eta egoera horretan presioak Bartzelonari gehiago eragingo ziola zirudien. Ez zen hala izan baina, Huertasek eta Xengeliak baloi garrantzitsu bana galdu baitzuten azken 42 segundoetan. Bietan 66-65koa ageri zen markagailuan, eta Xengeliarenean azken jabetza zen. Baskoniak hamar segundo zituen eraso egiteko, baina Xengeliak erabaki txarra hartu zuen. Kapitainak hartu zuen ardura, eta ezin zaio ezer egotzi.

Baskoniako jokalariek, gaur eta bihar goizean, mila aldiz ikusiko dute atzoko partidako bideoa. Izan ere Bartzelonak nahi zuen horretara jokatu zuten. Pesicek defentsa itogarria agindu zuen antolatzaile eta eskolten gainean. Oso goitik hartu zituen estu,arnas egiten utzi gabe, eta Baskoniaren jokoaren argia itzali zuen. Serbiar beteranoak aulkiko xake partida irabazi zion Pedro Martinezi. Hirugarren partidako minutu askotan fruitu ona eman zion, eta errepikatu egin zuen.

Bi taldeek egun txarra izan zuten erasoan, batez ere hiruko marratik —Baskoniak hemezortzi hirukotik zazpi sartu zituen, eta Bartzelonak 22tik lau—, eta partida saskipean erabaki zen. Etxekoen pibotak, baina, hobeto aritu ziren, Tomic bereziki: 15 puntu. Erraldoien txanda, baina, bigarren zatian iritsi zen, lehen bi laurdenetan kanpoko lerroko jokalarien ezina emaitzan islatu baitzen. Atsedenaldian 31-33 zen Baskonia aurretik, eta bigarren laurdeneko partziala 13-14 izan zen. Gasteizkoak ziren aurretik, erritmoa ez zitzaien komeni.

Vildozaren apustua

Partidako partzial esanguratsu bakarra Bartzelonak lortu zuen hirugarren laurdenean, eta 10-2ko bati esker 45-41 aurreratu zen (28. min.). Orduan, baina, Martinezek Huertas kendu, ordura arte oso ondo, eta Vildoza atera zuen. Granger bere sasoi onenetik urrun dago, eta argentinar gazteak hartu zuen lema. Haren ausardiak lehia orekatu zuen, jaurtiketa libre bilakatu ziren bi barnealdi eta hiruko batekin (47-50, 31. min.).

Azken txanpa, baina, Huertasekin jokatu zuen Martinezek. Bi taldeek urduritasun handia sumatu zuten. Baskoniak ez zuen erreferentzia garbirik izan erasoan;Bartzelonak aldiz bai: Tomic. Zazpi puntu sartu zituen azken laurdenean. Hala ere Baskoniak aurretik jartzeko bi aukera huts egin zituen amaieran, galdutako bi baloiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.