Aspe, indartsu bezain gazte

Binakakoan ez ezik, banakakoan ere nagusi da Eibarko enpresa, finalerdietan hiru pilotari sartu baititu. Jon Apezetxearen esanetan, Jokin Etxanizen lanak zerikusi handia du horretan.

Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia, atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan egindako pilota aukeraketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon eskudero
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Duela hilabete buruz burukoa aurkeztu zutenean zera esan zuen Jon Apezetxea Aspeko intendenteak (Goizueta, Nafarroa, 1988): badaezpada, hobe izango zutela txapelketa «filosofiaz» hartu. Binakako finala enpresako bi bikoteren artean jokatu izanagatik, uste zuen bolada onak etena izan zezakeela eta banakakoan sufritu beharko zutela. Ordea, usteak erdia ustel. Inork espero ez bezalako emaitzak lortzen ari da Aspe buruz burukoan, eta ziurtatuta dauka finalean pilotari bat gutxienez. «Aspek ez ezik, pilotazaleen artean bakar batek ere ez zuen usteko halakorik. Oso multzo zaila egokitu zitzaigun, baina sorpresa atseginak hartu ditugu». Aimar Olaizola eta Danel Elezkano II.a bihar ariko da aurrez aurre, Iruñean, eta etzi, Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna, Bilbon. «Zaila izango da bi finalistak gure enpresakoak izatea, baina zergatik ez! Baikorrak gara».

Belaunaldi aldaketa urte gutxiren buruan gauzatu behar izan du Aspek. Irujo, Xala, Gonzalez, Barriola, Zubieta eta beste oroimenean daude jada, baina gazteak indartsu iritsi dira. «Uste baino indartsuago. Pentsa, goian dabiltzan pilotarien artean Ezkurdia da guk daukagun zaharrena, eta 26 urte besterik ez du. Oso talde gaztea daukagu, eta ez genuen inondik espero hain emaitza onak lortzea epe laburrean». Apezetxearen iritziz, Jokin Etxanizen «eskua» nabari da. «Ordu asko ematen ditu lanean, pilotarien etengabeko hobekuntzan zentratuta dago, eta emaitzak begien bistakoak dira. Gure pilotarien jarrera ere aipagarria da».

Iker Irribarria da aspaldian aurreikuspenak betetzen ari ez den bakarra. «Denbora asko izan zuen banakakoa prestatzeko, oso sasoi ona hartu zuen, baina egun eta une jakinean ez zuen asmatu. Irribarria urtero izango da txapela irabazteko hautagaia, haren kontra guztiek jokatuko dute motibazio handiagoarekin, eta horrekin bizitzen ikasi beharko du». Uste du orain hari laguntzeko garaia dela. «Txapeldun izan zenean oso erraza zen haren ondoan egotea, baina orain da momentu garrantzitsuena. Gaztea da, badakigu nolako maila duen, eta itzuliko da lehengora. Joko eta konfiantza apur bat hartzean, daukan guztia emango du».

Irribarria banakakotik kanpo geratu izanaren errudun nagusia Ezkurdia da. «Dudarik gabe. Binaka txapela janzteak konfiantza eta lasaitasuna eman dizkio, eta asko pozten gara, oso langilea eta umila delako». Altuna III.a eta bien arteko partida ikusteko desiratzen dago Apezetxea bera ere. «Morbo handia sortu du neurketak, eta ikustekoa izango da. Biek utzi dituzte kanpoan txapelerako hautagai zirenak: Irribarria eta Mikel Urrutikoetxea. Presioa kudeatzea gakoa izan daiteke». Finalerdi «irekia» espero du, eta poztuko da finalean edozein sartzen dela ere. «Orain arte ikusitakoarekin soilik oso pozik gaude enpresan. Altuna III.agatik zioten buruz buru jokatzeko arazoak izan zitzakeela, baina aho asko isildu ditu. Noizbait txapeldun izango da, ziur. Asko hobetu du banaka, eta oraindik hobetzeko tarte izugarria dauka».

Olaizola II.a faboritoa bihar

Bigarren finalerdiari dagokionez, enpresakidea ez, herritarra jo du faborito. «Elezkano II.ak urrats izugarria egin du aurrera urtebetean, eta Bengoetxea VI.a kanporatzeak meritu galanta dauka. Harritu egin gaitu, onerako. Hala ere, koska gogorra da Olaizola II.a. Badaki buruz buruko azken txapelketetan dagoela, eta daukan guztia eta gehiago emango du finalean izateko. Momentu garrantzitsuetan burua gehien erabiltzen duen pilotaria da; sasoi onean dago, gainera, baina partida batera edonork irabaz dezake».

Edozer gertatzen dela ere, txapelketak utzi duen gauzarik nabarmenena lau multzoburuek lehen kanporaketan galdu izana da, Apezetxearen esanetan. Eta ez da izango azken aldia. «Banaka jokatzeko era izugarri aldatu da, pilotari guztiak garatu dira zentzu horretan, eta, egun, bederatzi bat pilotari daude txapela jantz dezaketenak. Edonork edonori irabaz diezaioke. Albiste ona da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.