Athletic 2. Celta 1

Sinesteko ere, lanak

Celta nagusi izan da jokoan, eta goleko bost aukera argi izan ditu. Adurizek sartu du 1-1ekoa, eta San Josek 2-1ekoa, 93. minutuan

San Jose, Aduriz eta Sabin Merino, atzo, banakoa ospatzen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2016ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Iago Aspasek (54. min.). 1-1: Adurizek, penaltiz (82. min.). 2-1: San Josek (93. min.). Epailea. Martinez Munuera. Txartel gorria: Celtako Roncagliari (80. min.). Txartel horiak: Athleticeko Vesga, Raul Garcia eta Yerayri; eta Celtako Pablo Hernandez, Guidetti eta Roncagliari. Bestelakoak. 35.808 ikusle San Mamesen. Minutu bateko isilunea egin zuten Fidel Uriarte eta Jose Antonio Narvaezenen omenez, eta Athleticeko jokalariek besoko beltzarekin jokatu zuten.

Logika liburuetatik urrun geldituko da Athleticek eta Celtak atzo San Mamesen jokatu zuten partida. Azaltzen zailak diren norgehiagokak eskaintzen ditu futbolak, eta atzokoa da horietako bat. Jokoan, kontrolean eta arrisku jokaldietan erabat nagusi izan zen Celta, eta goleko bost aukera argi sortu zituzten galiziarrek, Iago Aspasek zutoinera bidalitako bi jaurtiketa tartean. Ezinean eta gertatzen ari zena barneratu ezinik zebiltzan zuri-gorriak, baina etsitzen duenik ez dago San Mamesen, eta, bihotzarekin, ia ezinezkoa zena gauzatu zuten etxekoek. Adurizek, penaltiz (82. min.), eta San Josek, jaurtiketa ikusgarriarekin (93. min.), sartu zituzten Athleticen bi golak. Jokoan Celta baino askoz gutxiago izanda ere, Europara begira jarraitzen dute bilbotarrek.

Azken hamar minutu harrigarrien aurretik, ordea, Celtak bere egin zuen zelai erdia, eta jokoa kontrolpean izan zuen ia partida guztian. Radoja, Wass eta Pablo Hernandezekin, oinarri indartsua daukate galiziarrek, eta baloia berreskuratu ezinik ibili ziren Beñat eta Vesga hasieran, eta Beñat eta San Jose atsedenalditik bueltan. Celtak ia oharkabean sortu zituen bi aukera argienak; oso argiak. Yerayk huts egin zuen baloia urruntzean (5. min.), eta, Pablo Hernandezen pase sakona jasota, Guidettik huts egin zuen Keparekin buruz burukoan. 19. minutuan, berriz, Iago Aspasek langara bidali zuen jaurtiketa, baloia maisuki loratuta.

Ordu erdia betetzerako bost korner atera zituzten bisitariek. Joko zuzenaren alde egin zuenean hasi zen Athletic bere onera etortzen. Balentziagak ezker hegaletik eta Lekuek eskuinetik eman zioten arnasa jokoari. Erasoko lehen jokaldian, Cabralek eskuarekin ukitu zuen baloia area barruan, baina epaileak ez zuen ezer adierazi. 39. minutuan, berriz, Beñatek zelai erditik ateratako falta batean Rubenek kornerrera bidali zuen Adurizen burukada indartsua.

Celtaren joko erauntsia

Aldageletatik bueltan, Celtak lehen zatiari bezala ekin zion bigarrenari. Iago Aspasek zutoinera bidali zuen baloia 48. minutuan, eta 54.ean ez zuen huts egin, Bongondaren erdiraketari amaiera ona emanda. Ordura arte ikusitakoaren ondorio zuzena izan zen 0-1ekoa. Jota gelditu zen Athletic, eta Iago Aspasek lehenengo (69. min.) eta Radojak gero (78. min.) aukera argi-argiak izan zituzten gola sartzeko. Maisuki erantzun zuen Kepak.

Ezinezkoa zirudien erreakzioak, baina Williamsek penaltia behartu zuen 80. minutuan —epaileak bigarren txartel horia atera zion Roncagliari—, Adurizek ez zuen huts egin, eta San Josek eromena sortu zuen gero, 93. minutuan, Williamsek buruz utzitako baloia baliatuta. Celtaren erauntsiari erantzunda, ez sinestekoa izan zen partidaren amaiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.