Errusiako Munduko Kopa. Belgika 3-0 Panama

Bulegari eraginkorrak

Belgikak arazorik eta distirarik gabe irabazi dio Panamari. Bigarren zatian sartu ditu hiru golak, eta kalitatearen ondorio izan dira talde joko onarenak baino gehiago

Belgikako selekzioko jokalariak elkarri besarkatuta, Romelu Lukakuk —eskuinean— sarturiko goletako bat ospatzen. FRIEDEMANN VOGEL / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Mertensek (47. min.); 2-0: Lukakuk (69. min. ); 3-0: Lukakuk (75. min. ). Epailea. Janny Zikazwe (Zambia). Txartel horiak: Belgikako Meunier, De Bruyne eta Vertongheni; eta Panamako Davis, Godoy, Cooper, Murillo eta Barcenari. Bestelakoak. 43.257 ikusle Sotxiko Fisht estadioan.

Selekzio gutxi iritsi dira Errusiara Belgikak adinako ikusmina sortuta. Deialdiko izen zerrendari perfume onaren usaina dario. Kalitatea du lerro guztietan, eta langa lehen kanporaketatik haratago jarria du. Historiaren zama du gainean halere, hainbatetan iritsi baita Munduko Kopara zerbait handia egiteko moduko taldearekin, eta beti hartu baitu etxerako bidea azken astearen aurretik. Aurtengo Belgikak baina, Munduko Kopa guztietakoak bezala, aurrekoak baino hobea dirudi, eta futbolzale asko zeuden lehen partidaren zain. Bada, inor gutxi gogobeteko zuen atzo, zeren, Panamaren aurka arazo handirik gabe irabazi zuen arren, hiru golak jokalarien kalitatearen ondorio izan baitziren talde joko onarenak baino gehiago.

Belgikak bulegari eraginkorren itxura izan zuen Sotxin. Konplitu egin zuen, bezeroa solasaldi atseginarekin goxatu gabe, baina agiriak behar bezala entregatuz. Ia partida osoan izan zuen baloia oinetan, baina lehen zatian sakontasuna eta lerro arteko jokoa falta izan zitzaion Panamak eraikitako harresia botatzeko. Bigarren zatian, berriz, pixka bat inspiratuago egon zen. Mertensek atsedenaldiaren ondoren sarturiko golak giroa lasaitu zuen, eta De Bruyne, Hazard eta Lukakuk lorez atondu zuten emaitza.

Gorde vodka, Bolillo

Panama lehen aldiz dago Munduko Kopan, eta sailkatzearekin aski izango duela dirudi. Hernan Gomez Bolillo Panamako hautatzaileak esana du bere selekzioak lehen fasea igarotzen badu bi botila vodka edango dituela. Bada, gorde ditzake. Baina tira, eginikoarekin badu ospatzeko nahikoa arrazoi, eta hala egingo du, Panamanfestazale ospea baitu. Atzo, gainera, haren taldeak ondo eutsi zion Belgikari lehen zati osoan. Bi taldeen artean maila teknikoan eta kalitatean dagoen aldearen jakitun, atzean sartuta itxaron zion, eta ez zuen sufritu. Belgika area ertzetik saiatu zen, baina ezin izan zuen lerro artean jokatu. Hazardek izan zuen aukera onena, buruz buruko jokaldi batean, baina Penedokurrundu zuen haren jaurtiketa.

Munduko Kopa ezustekoz betea hasi da, eta beste bat eragotzi nahi zuen Belgikak. 47 minutuan hartu zuen arnasa, Mertensek, partidako onenak, aldaratze bat area ertzean ehizatu, eta ia angelurik gabe bolea bortitza jo zuenean. Gol bikaina sartu zuen, zorte eta zehaztasun konbinazio ederra, eta partida aldatu egin zuen. Hiru golak bigarren zatian iritsi ziren, hiru perfume tanta.

Panamak ezustekoa ematea ezinezkoa zirudien, ia ez baitzuen baloia izan, baina kontraeraso batean Murillok banakoa huts egin zuen (54.min.). Erdialdeko amerikarren aukerarik garbiena izan zen, eta sustoak Belgika astindu zuen. Erabateko agintea hobeto zukutu beharra zeukan, eta pixka bat estutu zuen zanpagailua.

Estualdi horri esker iritsi ziren Lukakuren bi golak. Lehena, buruz (69. min.), De Bruynek oinaren kanpoaldearekin eginiko erdiraketa baliatuz; bigarena, kontraeraso bizi batean, atezainaren gainetik baloia loratuz (75. min.).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.