Durangoko etxe batean dira kamioi batean topatutako zazpi iheslariak

«Akituta baina onik» dira, ibilgailuan hamabost ordu eman eta gero. Euskal Herrian geratzea eta asiloa eskatzea eskaini die Bizkaiko Aldundiak

Bilbo
2017ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Durangoko Udalaren (Bizkaia) harrera etxebizitza batera eraman zituzten atzo kamioi baten atoian atzemandako zazpi errefuxiatu kurduak. Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du Euskal Herrian geratzea eskainiko diela, eta errefuxiatu estatutua eskatzeko laguntza ere emango diela. Bi erakunde horien esku geratu da auzia, baina Eusko Jaurlaritzako iturriek ere berretsi dute giza eskubideek «beste ezeren gainetik» egon behar dutela.

Herenegun arratsaldean aurkitu zituen zazpiak kamioiaren gidariak, Elorrioko (Bizkaia) biltegi batean zama hustera zihoala. Kurdistango hiru heldu —bi emakumezko eta gizonezko bat— eta lau adingabe ziren, eta «akituta baina onik» daudela adierazi dute; herenegun bertan jaso zuten osasun arreta, atoiaren barruan hamabost ordu egin eta gero. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, ez zeramaten dokumentaziorik aldean, baina gerora jakin da errefuxiatu kurduak direla, eta bi familiatako kide direla. Lehen gaua Ertzaintzaren zaintzapean egin zuten, baina atzo harrera etxe batera bideratu zituzten.

Durangoko Udalak «hasiera-hasieratik» Ertzaintzarekin eta Bizkaiko Gurutze Gorriarekin egindako elkarlana azpimarratu du. «Iheslariek laguntza juridikoa izan dute, itzultzaile bat, etengabeko informazio eta aholkularitza zerbitzua, laguntza psikologikoa, eta nazioarteko errekonozimendu edota babesa ere bai».

CEAR Euskadi errefuxiatuei laguntza emateko elkarteko zuzendari Patricia Barcenak ere ontzat jo du instituzioen jokabidea: «Pertsona bat egoera horretan topatzen duzunean, egin beharreko lehenengo gauza da leku seguru batera eramatea eta haren osasunaz eta segurtasunaz kezkatzea». CEARek lan talde bat igorri du Durangora, iheslariei aholkularitza eskaintzera, eta «Espainiako babes prozedurari buruzko informazioa» ematera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.