RIO16. Olinpiar oroitzapena. Bartzelona 1992

Esklaboen nazionalismoa

Bartzelonako 100 metrokoen finalari Londrestik egindako begiratua da Gantzarain idazlearena. 17 urte zituela han egindako egonaldiari buruzkoak xehatzen ditu, Lindford Christie garailearen geroko positiboa eta Sebastian Coek hari buruz esanak.

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2016ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Autobusean joan nintzen Londresera, 17 urte neuzkan, hegazkina ez nuen begiratu ere egin, ez nuela merezi iritziko nion, ez zitzaidala tokatzen. Donostiatik irten genuen, festak ziren Baionan, Landetako errepide zuzen eta luzearekin akordatzen naiz ondo, alboetara pinuak zituela, eguzki lore zelaiak gero auskalo zenbat bidean, Paris inguratu genuen gauez, itsasargia zirudien Eiffel dorreak. Nekeak hartu ninduen, eta loak. Calais inguruan esnatu nintzen, ilun ari zuen argitzen eguna, ilara luzea zegoen ferryrako. Orduan ez nuen erretzen, handik bueltan hasi nintzela esango nuke, baina neure burua zigarro bat erretzen ikusten dut ferryko brankan, atzean uzten ari ginen kontinenteari baino itsaso berde grisari begira, baliteke geroko bidaiaren batekoa izatea oroitzapena, hala nahasten dira gauzak edadearekin.

Gurasoek sinatutako baimena erakutsi behar izan nien poliziei aduanan, Doverren, umilazioa nire moduko heldu usteko batentzat. Ez naiz ume bat, neure kabuz noa Londresera, neuk ordaindu dut bidaia, han lana eginez ordainduko dut gelaren alokairua, janaria, dena. Telebistan mila aldiz ikusia neuk bizitzeak ez ninduela harrituko uste nuen, baina arraroa egin zitzaidan autobusa ezkerreko errailetik zihoala konturatzea. Eta arraroa egin zitzaidan, ederra zeharo, hirian nola sartzen ari ginen ikustea eta sentitzea. Baina orain ez dakit esaten zergatik. Denda atarian zintzilik zeuden arrain hori batzuekin akordatzen naiz, auskalo zergatik, eta jendea ez zela zuria, zuriren bat edo beste ikusten bazen ere. Eta bihotz-begietan hiria nuela iritsi ginela Victoria Stationera, jendetza, zoramena. Horixe zen nahi nuena.

Gurasoak lasai utzi nituen etxean: Lazkaoko moja bat zen nire Londreseko kontaktua. Orain barre egiten dut, orduan beste heldulekurik ez neukan. Han azaldu nintzen aurrez emandako helbidera maleta eta guzti, kalea zein zen ez naiz akordatzen, St. John's Wood metro geltokia zela bai. Babesgabe ikusiko ninduen, bere Minian sartuta eraman ninduen hilabeterako nire etxea izango zenera. Han maletak utzi eta hotel batera joan ginen gero; nagusiarekin hizketan ikusten nuen nik autotik, bihar hasiko zara, esan zidan autora itzuli zenean, egunean hiru ordu. Etxeko ate aurrean utzi ninduen, Queen's Park auzoan.

Galega batena zen etxea, gelak alokatzen zituen, asteko 35 libra, oker ez banago; azkoitiarra? Egon zen hemen azkoitiar bat... Txikia da gero mundua. Beste apopiloak aurkeztu zizkidan gero: ederki ikasiko dut nik hemen ingelesa, denak euskaldunak dira barren!

Ikaragarri atsegin nuen metroa, han ez nintzelako galtzen akaso. Sarri ibiltzen nintzen, txartela ordaindua nuenez, norako argirik gabe, batera eta bestera. Metro geltoki batean nengoen bozgorailuetatik gizon ahots serio eta alai batek berria eman zuenean: Linford Christiek irabazi du 100 metroetan urrea. Behin eta berriz errepikatu zuen. Harritu egin nintzen, ordura arte ez zitzaidan hain begi bistakoa egin britainiarren nazionalismoa.

Londreseko egonaldia amaitu zen, ahaztu nituen hango gauzarik gehienak, eta ahaztua nuen noski Linford Christie ere, harik eta nonbaiten irakurri nuen arte positibo eman zuela, ia berrogei urterekin, bere karreraren amaieran. Nandrolona.

Nire Olinpoko jainkoa zena, niretzat olinpoa izan zen Londreseko egonaldi hartan azaldu zen jainkoa alegia, aingeru gaiztoa zen orain. Aingeru beltza. Baina hori ere ahaztua nuen orain arte.

Orduan metroan ibiltzen nintzen batetik bestera, orain Wikipedian. Eta Google Mapsen. Jamaikan jaioa 1960an, Erresuma Batuarengandik banatu eta independentzia aldarrikatu baino bi urte lehenago, amonarekin hazi zen Linford, harik eta zazpi urterekin Londresera joandako gurasoek eurekin eraman zuten arte. Berandu hasi zen korrika, olinpoa Bartzelonan ezagutu zuen 1992an.

Zigorra betetzeko astebete falta zuela, Sebastian Coek artikulua idatzi zuen bere kontra, boorish deitu zion (bila ezazu hiztegian). Coe daltonikoa da, baina ondo bereizten ditu zuriak eta beltzak.

Bakoitzari bere arbasoak topatzen dizkioten Zein uste duzu zarela? izeneko telebista saioan, Jamaikako esklabisten ondorengoa zela azaldu zitzaion Coeri.

ARGAZKIA

Eguna. 1992ko abuztuaren 1a.

Ekitaldia. Bartzelonako Olinpiar Jokoak. 100 metrokoen finala (giz).

Emaitza. Lindford Christie argazkikoa lehenengo (9,96), Frankie Fredericks bigarren (10,02) eta Dennis Mitchel hirugarren (10,04).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.