Aitor Frantzesena

Inoiz ez esan ezinezkoa dela

46 urterekin, surf egokituko Munduko Txapelketa irabazi du zarauztarrak, San Diegon, AEBetan. 14 urterekin galdu zuen eskuin begiko ikusmena, eta 40rekin ezkerrekoa. Aritz Aranbururen entrenatzailea izan da urte askoan.

ISA / CHRIS GRANT.
unai zubeldia
2016ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Bizitza honetan, daukazuna daukazula, aurrera egin beharra dago beti. Nahi izatea ahal izatea da. Ilusioa eta gogoa edukiz gero, denetik egin daiteke». Bere buruari mugarik ez jartzea erabaki zuen Aitor Frantzesena Gallo surflariak (Zarautz, Gipuzkoa, 1970). Nahikoa jarri dizkiolako bizitzak berak. Jaio zenean glaukoma diagnostikatu zioten, eta eskuin begiko ikusmena osorik eta ezker begiko zati handi bat galdu zituen 14 urterekin, ebakuntza batean. Umetatik aske sentitu izan da uretan, baina, bizimodu berrira egokitzen asmatu zuenean, bizitzak bihurgune mingarria eskaini zion 2011n: surfean zebilela olatu batetik erori, ezker begian kolpea hartu, eta ikusmena erabat galdu zuen.

Gertakarien zerrenda kronologikoa da hori; itsutasunari aurre egiteko gaitasunaren isla ondorengoa: 41 urterekin, zarauztarrak surf egokituko Munduko Txapelketa irabazi zuen herenegun, San Diegon, Kalifornian, AEBetan, Ibon Illarramendi Koala herrikidea laguntzaile hartuta. Nola irabazi, gainera! Elias Figue Diel brasildarrak esku-eskura zeukan titulua itsuen diziplinan, baina azken bost minutu harrigarrietan 6,33 eta 6,17 puntuko bi olatu puska hartu zituen Frantzesenak, eta gaina hartu zion brasildarrari. 12,50 puntu zarauztarrarentzat; 12,10 Figue Dielentzat; 11,83 Matt Formston australiarrarentzat; eta 5,77 Gwendal Du Fretay frantziarrarentzat. Lehen aldiz jokatu da diziplina horretako Munduko Txapelketa, eta historiara igaro da bere izena.

«Jende asko entrenatzen igaro dut bizitza guztia, eta, azkenean, ni neu bihurtu naiz munduko txapeldun. Sinestezina da hau». Negar malkoei eutsi ezinik, adierazpen horiek egin zituen Frantzesenak uretatik atera berritan. Oso pertsona maitatua da Euskal Herrian, eta, horren erakusgarri, Axi Muniain surflariak, esaterako, ondorengo mezua bidali zion atzo sare sozialetan: «Hitaz harro Aitor. Guretzat beti izan haiz txapeldun handia, baina orain ofizialki bihurtu haiz munduko txapeldun». Haritz Aranburu zarauztarraren irakasle ere izan da urte askoan. Haren aldeko apustu sendoa egin zuen, eta egunen batean goi mailara iritsiko zela hitzeman zion. Baita asmatu ere. Aranburuk berak ere bidali dio mezua: «Herrian bertan daukagu munduko txapelduna. Gallo, munduko txapeldun berria!».

«Sentitu egiten dut olatua»

Bizitza filosofia baten garaipena izan da Frantzesenarena. «Surfa guztia da niretzat», aitortu izan du sarritan. «Tabla bat esku artean hartuta jaio nintzen ia-ia, surfean aritu naiz bizitza guztian, eta, itsu geldituta ere, surfean jarraituko dut aurrerantzean ere». Bere buruari mugarik ez jartzea erabaki duelako. «Entzumena, dastamena, usaimena... Zentzumen horiek gehiago lantzen ditut itsu gelditu nintzenetik. Sentitu egiten dut mugimendu bakoitza, sentitu egiten dut olatua». Surfari buruzko bi liburu dauzka idatzita.

«Itsutasunak itsutasun, bizitza bete-betean gozatzea gustatzen zait niri». Mugak gainditzen munduko txapelduna den surflari baten esana da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.