LEHENETAKO EUSKAL HOTSAK

2015eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Arriaga jaunaren'Biba euskara'

Gaurkoz munduan entzuteko moduan dagoen lehen euskarazko ahotsak euskararen gorazarrea egiten du. 1895. urte ingurukoa dela uste du Eresbilgo Jaione Landabereak. Veñe reña izenburua jarri zion fitxa bete zuen teknikariak. «Beñerena izango da», esan du Landabereak. Gaztelerazko bertsoen ondoren, gogotsu aireratzen du leloa Arriaga abizenarekin aurkezturiko abeslariak: «Euskaldunak, euskaldunak gera/ biba, biba, biba, biba euskara». Eresbilen gunean entzun daiteke: http://www.eresbil.com/web/ybarra/Pagina.aspx?moduleID=2757&lang=eu .

Berlinen preso,baina 'bortuko maneran'

Josef Jauregibehere Lehen Mundu Gerrako gatibu zuberotarraren ahotsarekin eta kantatzeko erarekin maitemindu zen Maider Bedaxagar Berlinen. Prima Eijerra, Bortüan ahüzki... abesten ditu, «bortuko maneran, tonua gora, oso azkar, eta nota gorenen beldur ez da». Abeslariaren semearen etxean izan zen Bedaxagar igandean. Izen berekoa da, 86 urtekoa. Duela mende bateko grabazioan 30 urte ditu aitak. «Normala den bezala, ez zuen aita ezagutu». Entzun nahi duenak Berlinera joan beharko du, edo Euskal Kultur Erakundeari eskatu euren kopia aditzeko.

'Donostiyako' damen bertsio xelebrea

Inaxio Lopez de Aranak gogokoen duen grabazio zaharra, Donostiyako hiru damatxo da, Leon Azoulayk 1900ean eginikoa, «kanta alaia eta bizia delako». Emakume batek abesten du, eta Zezenak dira kantuaren zatiak tartekatzen ditu. Eusko Ikaskuntzak CD ROM batean argitaratu zuen 2000n, baina agortuta dago eta gaurko ordenagailu askok ezin dute irakurri. Lopez de Aranak Parisen lortu zuen grabazioa eta berak jarri zuen Interneten: http://www.idazten.com/index.php/idazlanak-mainmenu-476/saiakera/1321-saiakera-70652736 .

Lehen irrintzi grabatua, Parisen

«Euskal gerra oihua; antzinakoa», dio aurkezleak frantsesez. Segidan bi irrintzi datoz, pertsona berak eginikoak: gizonezko batek, ziurrenera. Ez dira oso irrintzi luzeak edo ikusgarriak, baina grabaturiko lehenak dira. Parisen bihurtu zituzten fonograma, 1900. urtean, Leon Azoulay doktorearen ekimenez. Ez dago jasota nor den irrintzilaria. Musee Phonografiquen funtsa hornitzeko grabatu zituzten, hainbat kantu eta Bibliako pasarterekin batera. Interneten entzungai: http://www.idazten.com/index.php/idazlanak-mainmenu-476/saiakera/1317-saiakera-42153353 .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.