Elurtea. Araba

zotzak zaildu du egunerokoa, eta ezinezko egin du haizeak

A-1 autobidea itxi egin dute, haizeteen ondorioz; elur hautsa bidera eraman du haizeak. Errepide sare ia osoa garbitu dute elurra kentzeko makinek, baina izotzaren ondorioz eragozpenak izan dira

Kamioi ilarak A-1 autobidean, Agurain inguruan, errepidea elurragatik eta haizeagatik itxi ondoren. D. AGUILAR / EFE.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Elurteak baino gehiago, haizeak eta izotzak baldintzatu zuen Arabako egunerokoa. Lautadan izan zituzten arazorik handienak. Haizeteek, tarteka, orduko ehun kilometroko abiadura hartu zuten, eta eskualde horretako errepideak itxi egin behar izan zituzten; tartean, A-1 autobidea. Gainerako kuadrilletan, batez ere, izotzak baldintzatu zuen normaltasuna. Arabako Aldundiaren eta kuadrillen elurra kentzeko makinak lanean aritu ziren gauetik, eragozpenak ahal beste saihesteko. 75 kamioik eta traktorek garbitu zituzten errepideak: 22 aritu ziren sare nagusian, eta53 gainerako errepide sarean.

«Egoera apokaliptikoa izan da. Halakoetan ez dago zer egiterik». Juan Luis Antiak, neguko zirkulazioa kudeatzeko Lautadako Kuadrillako arduradunak, «ezohikotzat» jo du atzo goizean jazotakoa. «Elur gutxi» egin bazuen ere, haizeak altxatu egin zuen, eta errepidera eraman, Antiak azaldu duenez. Horrek eragin zuen gidariak «itsu» joatea errepidean. Horrez gain, haizeak «metro bateko» bisuts lekuak sortu zituen, eta ezerezean utzi zuen elurra kentzeko makinen lana. 10:30 aldera itxi zuten A-1 autobidea, eta 14:00ak arte ez zuten guztiz ireki. «Agurain eta Egilaz artean geldirik zeuden kamioiak hesietara lotu dituzte, haizeak mugi ez zitzan».

Bigarren eta hirugarren sarean egoera bertsua izan zen, eta hainbat istripu gertatu ziren. Lautadan jo zuen gehien haizeak, baina beste eskualde batzuetan ere eragin zuen, Arabako Mendialdean, esaterako. «Hegoaldera ematen duten pareten zirrikituetatik elurra sartu du haizeak», kontatu du Enrique Elizondo Sabando herriko bizilagunak. Haize horrek errepidera eraman zuen botatako elur apurra.

Hainbat mendate itxi zituzten goizean goizetik: besteak beste, Herrera, Opakua, Zaldiaran, Bernedo, Urduña eta Altube.

Elurra erortzerako, izoztu

Haizeak ez ezik, izotzak ere baldintzatu zuen egunerokoa. Hotzaren ondorioz, izotza sortu zen elurra egin eta berehala. Aiaraldean 05:00etan hasi ziren lanean elurra kentzeko makinak, baina izotza zegoen ordurako. Zenbait auto errepidean geldirik geratu ziren, baina, Aiarako Kuadrillako arduradunen arabera, arazo handirik sortu gabe bideratu zen egoera. Errepideak garbitzeko erakundeen artean izandako koordinazioa nabarmendu dute.

Gasteizen izotzak sortu zuen arazo gehien, goizean. Hainbat ibilgailuk, kontrola galdu, etaistripu arinak izan zituzten, eta auto ilara luzeak sortu zituzten. Udaltzainek kale batzuk itxi zituzten, izotzagatik. Eguerdian normaltasuna zen nagusi, eta arratsaldean apenas zegoen izotzik hiriko errepide nagusietan.

Arabako beste eskualde batzuetan elurrak ohiko jarduera mantsotu zuen. Edonola ere, zerbitzu nagusiak mantendu zituzten, hein handian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.