Errusiako Munduko Kopa

Ingalaterrak eta Suediak sufritu egin dute irabazteko

Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Tunisia 1-2 Ingalaterra

Golak. 0-1. Kanek (11. min). 1-1: Sassik, penaltiz (35. min.). 1-2: Kanek (91. min.).

Suedia 1-0 Hego Korea

Gola. 1-0. Granqvistek, penaltiz (65. min.).

Aspaldiko partez, ondo ekin diote Ingalaterrak eta Suediak Munduko Kopa bati. Ondo sufrituta bada ere, irabazi egin zuten atzo estreinako neurketa: 1-2 hartu zuten mendean ingelesek Tunisia, eta1-0 suediarrek Hego Korea. Ingalaterrak hamabi urte zeramatzan lehen partida irabazi gabe. Suediak, berriz, 60 urte luze.

Goitik behera egin zuen Ingalaterrak. Indartsu hasi zen, arrisku handia sortuz. 11. minutuan lortu zuen helburua. Maguirek buruz errematatu zuen korner bat, Hassenek bikain gelditu zuen, baina Kanek aldaratzea baliatu zuen ate aurrean errematatu eta gola sartzeko. Merezitako gola zen, ingelesak nagusi baitziren.

Tunisia saiatu zen gora egiten, baina indar handirik gabe. Eroso ari ziren ingelesak. Bada, erosotasun horretaz kutsatu zen Walker. Penalti inozoa egin zion Ben Yussefi, arriskurik gabeko erdiraketa batean ukabilkada emanda. Sassik ez zuen huts egin. Banakoa. 33. minutua zen.

Golak min handia egin zion Ingalaterrari. Ahalegindu zen, baina agerian geratu zen jokoa sortzeko dituen zailtasunak. Aurrelari biziak bai, baina hortik atzera zuloa du. Zorionez, Kaneren moduko aurrelari bat du. Hark sartu zuen 2-1ekoa, 91. minutuan, buruz, berriro korner batean.

Suediak ere izerdia bota behar izan zuen Hego Koreari nagusitzeko. Suediarrak korearrak baino gehiago izan ziren, baina eskas aritu ziren erasoan. Janne Anderssonek ez du eraman Errusiara Zlatan Ibrahimovic, Suediako inoizko jokalari onena, eta, hura gabe, gabezia handia du selekzioak aurrean. Atzo, atzelari batek sartu zuen neurketako gol bakarra, Andreas Granqvistek, penaltiz, VARak epaileari ohartarazi eta hark baiezkoa eman ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.