Euskararen zubigileak

Mauleko Xübükota Haurtzain Etxeak bi urteko ibilbidea egin du dagoeneko; haurrei lehen harrera euskaraz egiten dien bakarra da Zuberoan. Hamahiru haur dituzte orain.

Luxi Agergarai eta Marion Casenave haurtzainak, Xübükota Haurtzain Etxeko haurrekin. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Maule
2018ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Mauleko Xübükota Haurtzain Etxeak bi urteko ibilbidea egin du dagoeneko; haurrei lehen harrera euskaraz egiten dien bakarra da Zuberoan.

Zubi baten ondoan dagoelako jarri zioten Haurtzain Etxeari Xübükota izena. Baina hori baino gehiago da, zubi lana egiten du, euskararen zubigilea da. 2016an zerbait berria zabaldu zen Maulen, berez zerbait arrunta izan beharko lukeena: Zuberoako haurrei euskaraz osoki harrera egingo zien tokia.

Hastapena zaila izan zuen, hastapena bera ere zailtasun batetik abiatu zen ere. Halaxe bizi izanzuen Joana Etxart Xübükotaren sortzaileetako batek: «Euskara dakien haur bat hemengo haurtzaindegira sartzen bada, euskara gal dezake. Hori da nik bizi izan dudana». Haren hitzak gogorrak dira; horretaz beraz jabetzea ere gogorra izan zen: «Nire haurrarekin batzuetan harremana bortitza zen. Nik ez nuen nire haurrak niri frantsesez egitea nahi». Mauleko haurtzaindegiko zuzendariarekin hitz egin eta gero, berehala ohartu zen barrutik ezin zela ezer aldatu, eta beste guraso batekin zerbait asmatu behar zutela erabaki zuten.

Proiektua martxan jartzeko diru bilketa martxan jarri zuten finantzaketa kolektiboarekin, eta erakundeetako ateak ere jotzen hasi ziren. Udalbiltza izan zen erakunde bakarra xedea sortu aurretik lagundu zuena. Erakundeen jarrerarekin kexu da Etxart: «Departamendua da haurtzaro txikiaz arduratzen den erakunde publikoa. Pepe Lamirande hautetsia ikusi nuen, eta ezer ez. Konplikatua zela erran zidan. Denetan zero: diru mailan, sostengu mailan, interes mailan... Mauleko auzapez Mixel Etxebestek, hitz anitz, baina ez du sekula diru laguntzarik eman. Eskatu genion diru laguntzari ezezkoa eman zion, eta gutuna frantsesez idatzi zigun». Jendearen eta Udalbiltzaren ekarpen ekonomikoarekin Maule erdigunean etxebizitza bat alokatu zuten, azkenean.

Bigarren haurra Xübükotan du Etxartek egun batzuetan, tokirik ez baitago, eta bestetan Mauleko haurtzaindegira eramaten du; «ez da ezer aldatu». Orain, hala ere, lasaiago dago, «haurrak euskara entzuten du, eta ez nirekin bakarrik».

Bi urteko martxa du Xübükotak, eta, bost haurrekin hasi bazen ere, orain hamahiru dira. Luxi Agergarai eta Marion Casenave dira tokiko haurtzainak hastapenetik. «Ikusita bakarrak garela haurrekin euskaraz aritzen garenak, hori zerbait da guretzat. 3 urtez azpitik euskaraz ez zen entzuten orain dela bi urte. Etxean ez bazen euskaraz hitz egiten, haurrak ez zuen parada handirik euskararen entzuteko kanpoan», azaldu du Agergaraik.

Lanez lepo daude biak, astean 52-54 ordu lan eginez. Euren eta haurren hobe beharrez, hirugarren haurtzain bat hasiko da apiriletik aurrera lanean, horrela bakoitzak egun bat pausa hartuko du. Kontent lirateke egun batez euskarazko beste horrelako egitura bat irekiko balitz; Etxarten hitzetan, «Zuberoan euskara errekuperatzeko giltza haur txikiak baitira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.