ELAk ACBn negoziazio prozesua hasteko eskatu dio Arcelorri

Jon Fernandez.
2017ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
«Aukera bat» da, ELAren arabera, Bilboko Lan Arloko 4. Auzitegiak herenegun emandako epaia. Ebazpenak indargabetu egin dituArcelor Mittalek iaz Sestaoko ACBn ezarritako lan baldintzen aldaketak —printzipioz sindikatu guztiak kontra egon arren, CCOOk eta UGTk bozketara eramatea onartu zuten, eta langile gehienek onartu egin zituzten—. Hala ere, konpainia altzairugileak iragarri du helegitea aurkeztuko duela, eta bere planarekin jarraituko duela. Epaiak egungo lan baldintzak indargabetu dituenez, ELAk eskatu dio negoziazio prozesu bati ekiteko.

Sindikatuaren ustez, hauxe da garaia ACBren geroari buruzko negoziazio orokorrari heltzeko: «Xantaiarik gabe, etorkizuna epe ertain eta luzera aintzat hartuaz, eta enpresaren aldetik langileekiko konpromisoa hartuaz; bai enpresa nagusian, bai kontratetan».

Zazpi hilabetez itxita egon eta gero, partzialki irekita dago joan den irailaz geroztik: hilean 12.000 tona altzairu ekoizten ditu ACBk, lantegia bakarrik asteburuetan martxan jarrita, eta soilik 140 beharginekin —iazko otsailera arte, 346 zituen plantak—. Arcelorrek asmoa dauka hilaren 17tik aurrera hileko ekoizpena 30.000 tonaraino igotzeko eta lan poltsatik 40 langile gehiago kontratatzeko. Epaia epai, plan horri eutsiko diola berretsi du konpainiak.

Zer pentsatua instituzioei

Arcelor Mittalek iaz proposatu zuen lantalde erdia etxera bidaltzea eta altzairutegia su txikian irekitzea. CCOOk eta UGTk galdeketa antolatu zuten, eta langileek onartu egin zuten —ELA eta LAB kontra zeuden—. ELAk justiziara jo zuen gero, eta arrazoi eman dio epaileak.

ELAk azpimarratu du ebazpenak «enpresaren fede txarra» egiaztatu duela, eta horrek zer pentsatua eman beharko liekeela zuzendaritzari eta instituzioei. ELAk Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburu Arantxa Tapia kritikatu du: «Sailburuak, enpresari kargu hartu ordez, bisita egiten du haren instalazioetara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.