Sanprudentzioak Lazkaon

Etengabeko pedalkadak

Lazkaoko txirrindularitza probak 75 urte bete ditu aurten. Lasterketaren antolatzaileek botako dute San Prudentzio jaien hasierako txupinazoa

Elite mailako txirrindulariek eta 23 urtez azpikoek hartzen dute parte Lazkaoko lasterketan. GTXE / GOIERRIKO HITZA.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Zazpi hamarkada eta erdi, milaka parte hartzaile eta beste horrenbeste kilometro. Bide luzea egin du Lazkaoko txirrindulari probak (Gipuzkoa); 75 urte bete ditu aurten. San Prudentzio jaietako ezinbesteko ikuskizuna da Euskaldun Txapelketako proba. Elite mailako eta 23 urtez azpiko txirrindulariek hartzen dute parte, eta apirilaren 30ean egingo dute proba.

Pedalkadaz pedalkada, Lazkaoko probak 75 urteko ibilbidea egin du. Hori aitortu asmoz, udalak jaietako txupinazoa botatzeko gonbidapena egin zion Lazkao Kirol Elkarteko txirrindulari sailari. «Ilusio handia egin digu, ez genuen espero», azaldu du Gurutz Barandiaran taldekideak. Gaur iluntzean lehertuko da festa, 19:00etan, eta bi astez luzatuko da. Udaletxeko balkoian izango da Barandiaran.

Barandiaranek ondo baino hobeto ezagutzen du probaren historia. Ia sei hamarkada daramatza antolaketan: 58 urte, zehatz esateko. Proba apirilaren 30ean egingo bada ere, duela bi hilabete hasi ziren antolatzen: «Herriko lauzpabost pertsona ibiltzen gara, baina laguntzaileen sarea ere badugu, errepideko lanetan laguntzen diguna. 40-50 pertsona inguru dira».

Herrian hasi eta bertan bukatzen da lasterketa. 10:00etan ekiten diete ibilbideari, eta 13:00 aldera amaitzen da, tartean pasatuta Ordizia, Alegia, Amezketa, Larraitz, Zaldibia, Lazkaomendi... Aurten, ohikoa baino ibilbide motzagoa izango du, txirrindulariek egutegi bete-betea baitute: «Astelehenean da proba, eta aurreko hiru egunetan hiru lasterketa daude Bizkaian. Asteartean, berriz, Legazpin dago beste bat». Ohiko distantziak parte hartzaile kopurua jaits zezakeela ikusita, 120 kilometrokoa egitea erabaki dute, 150 egin beharrean.

Euskal Herriko txirrindulariak lehiatzen dira Lazkaoko proban, elite mailakoak eta 23 urtez azpikoak. «Kanpotik ere badugu eskaera; duela gutxi, Valentziako talde batek deitu zigun», azaldu du. Ordea, lehentasuna Euskal Herrikoek dutela esan du. Lazkaotarrak ere izaten dira parte hartzaileen artean; besteak beste, Garikoitz Bravo eta Iker Azkarate aipatu ditu, egun profesionaletan dabiltzanak. Etorkizuna ere oparoa da, haren arabera: «Gazte batzuk ere badatoz, orain gazte mailan dabiltzanak. Ampo Goierri txirrindularitza taldean dabiltza».

Txirrindularitzarako zaletasun handia duen herria da Lazkao, Barandiaranen iritziz. Jende asko elkartzen da probako helmugan, kirolariak ikusi eta animatzeko. Hala ere, lehen baino jende gutxiago biltzen dela azaldu du: «Baditut jendetza biltzen zen garaiko argazkiak: lau eta bost ilara helmugan, batzuk zuhaitzetara igota.... Ikaragarria zen». Lasterketa festetan eta goizez izateak ere jende gutxiago etortzea eragiten du, Barandiaranen ustez. Irteeran nabaritzen da bereziki hori.

Aitortza laguntzaileei

Antolaketan ere izan da aldaketarik hainbeste urtean. Lazkaoko Esparruehiza eta arrantza elkarteak antolatzen zuen lehen. Barandiaran han hasi zen «saltseatzen», 1960an. 1980an, Lazkaoko Kirol Elkartea sortu zuten herrian, kirol guztiak elkartzeko. Hango txirrindulari sailak hartu zion lekukoa Esparru Elkarteari. Finantzaketa bideak ere aldatu dira: «Ni hasi nintzenean, etxez etxe joaten ginen dirua eskatzera, nahi eta ahal zuenak lagundu zezan. Gaur egun, Lazkaoko Udalak emandako diruarekin eta propagandarekin moldatzen gara».

75 urteko jarduna ospatzeko asmoa ere badute antolatzaileek: «50 urte egin genituenean, aurreko urteetako irabazle denak gonbidatu genituen. Aurtengoa ez dugu zehaztu oraindik, baina zerbait egiteko asmoa dugu laguntzen ibiltzen den jendearekin». Ekainean egin nahi dutela aurreratu du.

Lazkaoko Kirol Elkarteko txirrindulari sailak egutegi bete-betea izaten du: «Bi edo hiru lasterketa egiten ditugu urtean, eta bost egindako urteak ere baditugu», adierazi du Barandiaranek. Lazkaoko proba igaro eta egun gutxira egiten dute Lazkaomendiko Proba. 42. edizioa izango da aurtengoa. Maiatzaren amaieran, berriz, kadete mailako proba egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.