Arrisku zonatik ateratzeko aldarria

Arras ongi baloratu du Seaskak aurtengo Herri Urrats. Eguraldia lagun, jai giroa nagusitu da Senpereko aintziraren inguruan. Baina aldarrikapena ere bada Herri Urrats, eta, datozen egunetan garapena ziurtatzeko beharrezko dituzten irakasle lanpostuak lortzen ez badira, karrikara jotzeko deia egingo dute.

Arreta handiena Huntza eta Ken Zazpi taldeek bereganatu zuten. ISABELLE MIQUELESTORENA.
garbine ubeda goikoetxea
Baiona
2017ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Euskararen eta ikastolen aldeko aldarrikapenak milaka lagun batu zituen Senperen (Lapurdi), igandean, hango aintzirak eskaintzen duen paraje ederrean, aurtengoan, hogeita hamalaugarrenez. Zirkuitua zabaldu eta gutxira, mukuru beteta ageri ziren gune nagusiak, ostatu inguruak, haurren txokoak eta egunerako espresuki atondutako gainerako bazterrak ere, eta hori hala izanik, «biziki kontent» agertu dira Herri Urratseko antolatzaileak, Estelle Goñiren esanetan: «Eguraldia lagun, bazter guztietarik heldu ziren sostengua ematera. Kopuruak emateko goizegi bada ere, dirutan aurrekoan baino gehixeago bildu dela esan liteke». Puska bat gehiago, beraz, Bernat Etxepare lizeoa eraikitzeko lanei eman ahal izango zaiena.

Ohi gisan, txikientzako entretenigarriak izan ziren martxa hartzen lehenak. Ohe elastikoen guneak, esate baterako, haur ilara erakusten zuen goizeko hamarretarako. Estimu handiko gunea izaki, umeak bata bestearen atzean ipiniak ziren hesia zabaldu baino lehenago, jauzi egiteko txanda lehenbailehen hartzeko irrikan, zain. Beste horrenbeste gertatu zen puzgarrietan ere.

Goizak aurrera egin ahala, kultur agertoki bilakatu zen zirkuitua, bere osoan: txistulari taldeak, joaldunak, txarangak, perkusio taldeak eta bestelako animatzaile ugari zebilen nonahi.

Urterik urte hobekuntzak dakartza Herri Urratsek, ahalik eta zerbitzurik onena emate aldera betiere, eta aurtengoak ere bazituen gutxienekoz bi eskaintza berri: batetik, haurrei zuzenduriko oholtza berria, aurreko urteetan dantzari eskaini izan zaion tokian ezarria, hondartzan. Bestetik, berriz, espresuki gosaritarako egokitutako ostatua, Araba gunean. Izan ere, «gero eta goiztiarragoa da jendea», Estelle Goñik adierazi duenez, eta «goizean goizik, jada hartuak ziren bide bazterreko aparkaleku asko». 11:00 aldera arte, beraz, arrautza, xingarra, kafea eta beste eskaini zituzten, baita uste baino arrakasta handiagoa lortu ere, Goñiren hitzetan: «Harrera ezin hobea izan du guneak, bikain pasatu zen». Zikiroaren guneak eta sagardotegiak ere bisitari ugari ukan zituen, oturuntzari garrantzia ematen zaion seinale. Aurreikuspen guztiak bete ziren.

Hautetsiei goizeko hamarretan eman zitzaien protagonismoa, Ur Hegia etxean, hain zuzen. Han ziren, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiria, herri ugaritako auzapez eta hautetsiak, eta, aurten estreinakoz, Euskal Elkargo sortu berriaren presidentea, Jean-Rene Etxegarai. Elkar laguntzeko asmoak eta euskarari arnasa emateko hitzak izan zituzten denek.

Macroni mezua

Alta, euskaltzaleen kezkek eta eskaerek Euskal Herritik kanpora bidea hartu behar ezinbestean. Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak Frantziako gobernuko buru izendatu berriari zuzendu dizkio hitzak Herri Urratsen biharamunean: «Zehazki, hitza bete dezan eskatuko nioke Emmanuel Macron jaunari, ez dezan François Mitterrandek, Nicolas Sarkozyk edota François Hollandek bezala, bere esana bazter utzi». Izan ere, Hizkuntza Gutxituen Legea aurrera aterako zuela agindu zuen Emmanuel Macronek, hauteskunde kanpainan. Seaskako presidenteak «ausardia» eskatu dio Frantziako aginte-makila hartuko duenari, «horixe bera baita finean, hizkuntzekin gertatzen ari denari heltzeko behar dena. Eta legerik ezin badu aitzinatu, bederen esperimentazio lurralde izenda dezala Ipar Euskal Herria, Frantziako konstituzioak ahalbidetzen duenez. Hala, esperimentazio lurralde izanik, murgiltze eredua hainbat sailetara zabaltzen ahalko litzateke, eta beste hainbat esperimentazio ere martxan eman. Adibidez, ikastoletan inbertitu nahi duten erakunde eta elkarteek, inbertitu edo diruz lagundu ahal izatea».

Horrez gain, Hezkuntza Ministerioko ordezkari egokia ere eskatu du, euskararen gaia bere gain hartuko duen toki ikuskaria, hain zuzen: «Hemen, ez da halakorik, eta bidezkoa litzateke eskatzea, orain elkargoa ere badugunez, eta lurraldea legez ere ongi identifikatua dagoenez».

Bestalde, eguraldiari dagozkion gaietan egin ohi den bezala, «gu ere arrisku zonan gaudela adierazi genuen, eta halaxe jarraitzen dugu», esan du Gorostiagak. Izan ere, hainbat egitura berri irekiko ditu Seaskak, hala nola lizeoan lanbide heziketarako adarra, laugarren kolegioa Baionan, ikastola bat Bokalen eta haur elbarrituendako bi egitura berri. Baina horiek denek aitzina egin dezaten, behar diren lanpostuak eman behar ditu Parisko Hezkuntza Ministerioak, eta artean ez da halakorik gertatu. «Frantzia hiperzentralizatu honetan, irakasle postuak ere zentralizatuak dira», azaldu du Gorostiagak, «Parisen erabakitzen dira, beraz, eta, geure garapena ziurtatzeko 25 postu gehiago behar baditugu ere, mementoz zortzi besterik ez dizkigute ematen. Galdetzen zaielarik, haien arteko jukutrian aritzen dira, akademia ardura Parisena dela esanez, eta Paris, akademiarena dela esanez. Guk, artean, irakasle falta dugu, eta ondoko egunetan ez badugu afera hori konpontzea lortzen, karrikara atera beharko dugu».

Gazteak buru-belarri

Inor izatekotan, gazteak dira benetako protagonistak Herri Urratsen. Festan ez ezik, lanean ere aritu ziren asko. Kolegioetako ikasleak, esaterako, talde txikitan antolatu eta ibilbide osoan pegatinak saltzen aritu ziren, bildutako dirua haien ikastetxeetaraino ere helduko delako, eta premia izan badelako, zentro guztietan. Beste batzuk, Baxoa euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko tixertak saltzen, edo lizeoak aurrera daraman kanpainan, eraikina barnetik hornitzeko sagarrondoen salmentan alegia, buru-belarri lanean. Baziren gazteak ostatuetan ere, edariak zerbitzatzen eta txartelak saltzen, hara biltzen diren 2.500 laguntzaileen artean.

Bereziki haiei eskainiak izan ohi dira bost oholtzatan antolatzen diren kontzertuak. Alde horretatik, aurtengoan ere zerrenda oparoa erakutsi du Herri Urratsek. Besteak beste, Pauline & Juliette, Zea Mays, Anje Duhalde, Huntza eta DJ Baleti aritu ziren. Eta, jakina, Amets Arzallus bertsolariarekin batera sustapenerako abestiaren egile den taldea: Ken Zazpi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.