Adreilu more gehiago behar da

Emakumeen etxeak sortzeko prozesuak abian dituzte Gasteizen eta Iruñean, baita Euskal Herriko hainbat herritan ere. Bilbon proiektu bat badago, baina oraingoz udalak ez du aintzat hartu. Parte hartzea da etxe hauen bereizgarria, eta emakumeen ahalduntzea dute helburu.

Emakumeen Etxea. Donostiako emakumeei hainbat zerbitzu eta egitasmo eskaintzen dizkie. JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
2018ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Eskuz esku jarritako adreiluekin eraikitako etxeak dira emakumeen etxeak. Euskal Herrian 2000ko hamarkadan hasi ziren horrelako proiektuak eraikitzen, baina, berriki, lanerako prest dauden arkitekto anitz batu dira han eta hemen, etxe berriak egiteko gogoz. Inguruko esperientziak dituzte eredu, baina tokian tokiko bereizgarriak zimentu. Denek dute emakumearen jabekuntza helburu, eta inguruko emakumeen beharretara egokitzea beharrezkoa da horretarako.

Donostian 2010. urtean ireki zituen ateak emakumeen etxeak. Orain, Iruñea eta Gasteiz izanen dira etxeak sortuko dituzten hurrengo euskal hiriburuak. Nolanahi ere, antzeko proiektuak sortzen ari dira hainbat herritan, Gipuzkoako Zumaian, Errenterian eta Tolosaldean, besteak beste. Etxeak martxan jarri aurretik, prozesu parte hartzaileak jarri ohi dira martxan, udal teknikariak, mugimendu feministak eta interesa duten emakumeak elkartu, eta zirriborroa zehazteko. Ohikoa izaten da beste etxeen esperientziak jasotzea ere. Gasteizen eta Iruñean hala egin dute. Nafarroako hiriburuan, martxoaren hasieran izan ziren jardunaldiak. Hala ere, proiektua zehazteko prozesua oraindik ez dute aurkeztu. Berehala izanen da.

Bitxia da Iruñeko kasua, udalak emakumeen etxe bat sortzeko prozesua martxan jarri aurretik, Suabrigits talde feminista hasia baitzen lanean, udala martxan jartzen ez zela ikusirik. Baita proiektua aurkeztu ere, iazko ekainean. Nafarroako Hitza-n azaldu zituzten egitasmoaren nondik norakoak. Udalak martxan jarri duen prozesua ezustean hartu dute, eta argi utzi nahi izan dute hori ez dela haiek egindako proposamena. Oraingoz ez dute erabaki aurrerantzean zer egin.

Gasteizko kasuan, prozesua oso aurreraturik dago, eta aurki aurkeztuko dituzte ondorioak. Emakumeek udalak emandako erantzuna onestea falta da. Oraindik ez denez lehenbiziko fasea bukatu, udalak nahiago izan du deklarazioak aurreragorako utzi. Dena den, gauza batzuk jakinak dira: kudeaketa eredua partekatua izanen da, eta soilik emakumeek parte hartuko dute etxearen kudeaketan, zerbitzuetan eta ekintzetan. Halaber, emakume guztientzat «leku segurua eta konfiantzazkoa» izanen da.

Baionan oraindik ez da emakumeen etxerik, nahiz eta han ere talde feministen aspaldiko aldarrikapena izan. Amaia Fontang Bortizkeria Sexisten Kontrako Kolektibo Feministako kideak 2016an BERRIAn argitaratutako erreportaje batean gogoan izan zituen Frantziako etxeak, eta horrelako baten beharra nabarmendu: «Beste indar bat ematen du emazteen laguntzeko».

Udalaren erantzunaren zain

Bilbon ere ez da emakumeen etxerik oraingoz, baina, proiektu bat bai, ordea: Koloretxe. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako emakumeek landu eta ondu dute proiektua, Galtzagorri talde feministaren bultzadarekin. «Langabezia tasa handia, dependentzia ekonomikoa, formakuntza eskuratzeko zailtasunak, arrazakeria, adinekoen emakumeen egoera, indarkeriak... horiek guztiak Bilbon gertatzen dira, baina gure auzoetako emakumeek are gehiago pairatzen ditugu», azaldu du Marta Perez Etxeandia Galtzagorri talde feministako kideak. Horri aurre egiteko nahi dute Koloretxe. «Auzo honetan premia berezia dugu hori lortzeko». Bestalde, gogorarazi du aberastasun handiko auzoak direla, aniztasuna handia baita. «Emakumeen arteko sarea lantzeko oso interesgarria iruditzen zaigu hori».

Proiektua osatzeko, hainbat jardunaldi egin dituzte, eta denetariko emakumeen iritziak bildu. Haien proposamenak bost ardatz ditu: parte hartze sozial eta politikoa sustatzea; emakumeen aurkako indarkeria erauztea; emakumeen bizi baldintzak hobetzea; berdintasunari buruzko formakuntza, sentsibilizazioa eta ikerketa bultzatzea; eta aniztasuna eta elkar ezagutza. Udalera eraman dute eskaria, baina oraingoz ez da hurbilpenik izan, Perezek azaldu duenez. Ezezkorik ere ez. «Bilbon borondate politikoa falta izan da. Baina esperantza dugu, azkenaldian jendartea ez delako isilik gelditzen pairatzen dugun egoeraren aurrean».

Galtzagorriko kidea kezkaturik agertu da Bilbon ez delako ahalduntze eskolarik edo etxerik. «Nahiko larria da egoera. Bilbok ematen du emakumeen etxe bat baino gehiago edukitzeko». Instituzioen aldetik berdintasun formala lortu dela dio, baina ez berdintasun praktikoa. «Emakumeon etxea da, hain zuzen ere, berdintasun formaletik harago joateko tresna bat».

Bada emakumeen etxeak sortzerakoan nabarmentzeko moduko ezaugarri bat: parte hartzea. Etxeen kudeaketa partekatua izan ohi da, udalaren eta emakume taldeen artean. Horretara ailegatu aurretik, zimenduak emakumeen parte hartzearekin paratzen dituzte. Donostian, duela zortzi urte, jardunaldiak eta bilerak egin zituzten etxeari itxura emateko. «Hor definitzen hasten zara, airean, gero errealitatean gauzak asko aldatu daitezkeelako, baina ideia bat da, behintzat», dio Laida Arrieta Donostiako berdintasun teknikariak. «Garrantzitsua da guk, emakumeok, pentsatu eta erabakitzen dugulako, kanpotik inork esan gabe nola izan behar duen. Bestela, agian, ez luke funtzionatuko».

Emakumeen etxeak aspaldiko aldarrikapen dira, talde feminista batzuen leloetan ere agertu dira askotan Kuartelak emakumeen etxe leloa, adibidez. Anabel Sanz del Pozo Basauriko (Bizkaia) berdintasun teknikariak gogoan du Marienea etxea sortzeko prozesua. Hasieran ez zuten egoitzarik. «Inportanteena ez da tresna, helburua baizik. Etxea tresna bat da gizartea eraldatzeko; justuago eta feministagoa izateko». Horrela hasi ziren jabekuntza eskolekin. Azkenik, etxe fisikoa lortu zuten.

Ahalduntzen segituko dute

Etxe hauek denetariko zerbitzuak eskaintzen dituzte emakumeentzat: lege, ikasketa, lanbide eta sexu aholkularitza, psikologoak, indarkeria jasaten dutenak artatzeko zerbitzua, eta denetariko tailer eta hitzaldiak, betiere, emakumearen ahalduntzearen ikuspegiarekin. Zerbitzu guztiak toki berean egotea goraipatu du Sanz del Pozok: «Denak elkarrekin egonda etekin handiagoa ateratzen diogu». Gainera, talde feministak biltzeko lekua ere bada, sareak ehuntzeko gune aproposa.

Orain arteko ibilbidea ikusirik, Arrietak uste du erreferente direla etxe hauek: «Berdintasun saila hona ekartzean beldurra geneukan emakumerik sartuko ote zen. Orain txiki geratu zaigu espazioa». Gainera, emakume askok beste inon aurkitzen ez duten erosotasuna dute han: «Hemen beti dute ongi sentiarazten dien gune bat».

Sanz del Pozok dio feminismoari buruzko mitoak hausten ari direla etxeetan. «Agian denei ezin diegu eman eskatzen dutena, baina hemendik atera behar dira ikusiz beraientzako zerbait badagoela». Feminismoaren lorpenak taldean lan eginez lortu direla dio teknikariak; beraz, horretan jarraituko dute. Martxoaren 8ko grebaren ondoren indartsu ikusten du mugimendua. «Oso garai onean gaude, eta aprobetxatu behar dugu emakumeak [etxeetara] ekartzeko eta eraldaketa nola egin pentsatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.