Kaleratzeak eta soldata jaitsierak ekarriko dituzte TR-ren galerek

Euskal enpresa nagusi gehienek irabaziak izan dituzte 2017an: Euskaltelek, 49,6 milioi eurorenak

xabier martin
2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Badira salbuespenak, sektore jakin batzuetan krisian daudelako gaur egun, baina enpresa handiak mozkin handiak irabazten hasi dira. Lau urteko hazkunde sendoa inertzia garbi bat eragiten ari da produktibitatea nabarmen igo duten euskal konpainia askotan, eta emaitza da salmentekin batera mozkinak gora doazela, marjinak estutu diren arren. Euskaltelek ia 50 milioi euro irabazi ditu, kasurako. Bi digiturekin zenbatzen diren milioikako irabazi garbiak ohikoak dira, ordea, iazko esplotazio emaitza askotan. Faes Farmak, adibidez, inoizko emaitzarik onena lortu du 42 milioi euroren mozkinei esker; eta Azkoyen taldeak ia hamahiru milioi euroko irabazi garbia lortu du. Baina salbuespenak badaude, eta garrantzitsuak dira.

Gas eta petrolioaren sektorean garesti ari zaie ateratzen petrolio merkea. Tubacexek galera izan duela adierazi zuen atzo, ia hogei milioi eurokoa. Ez da bakarra. Tubos Reunidosek ere 32,4 milioi euroren galerak izan ditu.

TUBOS REUNIDOS

2016ko galera (50 milioi) txikitu egin du nabarmen, baina zenbaki gorritan dago oraindik. Eta galera pilatuek, ondorioak dakartzate. Zuzendaritzak Trapagarango Productos Tubulares lantegian kaleratze dosier bat ezarriko du, eta baita lan hitzarmena ez aplikatzeko klausula ere, soldatak jaisteko. Soldata jaitsierok lantegiko 430 inguru langileei eragingo die. Zuzendaritzak negoziazio mahai bat osatu nahi du martxoaren 7an, eta orduan jakinaraziko die sindikatuei zenbat langile kaleratuko dituen, eta kontsulta epea irekiko litzateke orduan.

TUBACEX

Laudioko tutuen multinazionalak hogei milioi euro galdu ditu 2017an. Sektoreak munduan duen krisi sakona nozitzen ari da azken urteetan. Tubacexek 19,7 milioi euro galdu ditu, eta galera horretan zerikusi handia dauka Austriako bere adarraren funts batek egin duen likidazioak. 23,4 milioi euro jaso ditu funtsak, eta galeretara eraman du talde osoa. EBITDA, dena den, ia 26 milioi eurokoa izan da, aurreko urtean baino %25 gutxiago. 490 milioiren salmentak egin ditu konpainiak, 2016aren pare kasik (-%0,7).

Jesus Esmoris kontseilari ordezkariak azaldu du 2017. urteak «berdinketa» utziko zuela Austriako adarraren likidazioa iritsi izan ez balitz, eta 2018. urtea «dezente hobea» izango dela. Horiek horrela, Tubacexek 253,5 milioi euroko zorra pilatu du, iaz 46,6 milioi gehiago gehitu ondoren. Bere EBITDAren ia halako hamar da zorra, baina, Esmorisen arabera, halako hirun geldituko da 2018rako, hainbat eskaera kobratuko dituelako konpainiak.

Azken hiru urteetan «historiako krisirik handiena» izaten ari da Tubacexek, petrolio merkearen harira. Hala ere, Laudioko enpresak bere plan estrategikoarekin aurrera jarraitzen du, eta hala Arabako bi fabrikak nola Austriakoa eta Italiakoa premiun tutuak egiteko bideratu dituzte; balio erantsi handiko produktuak dira, aleazio bereziei esker. AEBetan ere produktu horiek ekoizten hasi da Tubacex, eta Asiako lantegiak (India eta Thailandia) tutu merkeenak ekoitziko dituzte.

Bestalde, Tubos Reunidosekin eta Sidenorrekin elkarlanean aritzeko proposamenari eszeptizismoz erantzun dio Tubacexeko buruak. «Sinergia gutxi» ikusten du, Guillermo Ulazia Tubos Reunidoseko presidenteak badaudela esan arren. Ulaziak proposatu du hiru enpresen artean produktu bat garatzea eta, ondoren, bakoitzak azken forma edo ukituak egitea, produktu jakinak saltzeko. «Gustura aztertuko ditut sinergiak; Guillermorekin hitz egingo dut, baina bakarrik guk egiten dugu altzairu herdoilgaitza nikel maila handiarekin; haiek ez dute hori fabrikatzen».

EUSKALTEL

2016an baino %20 apalagoak izan dira mozkinak 2017an, Asturiasko Telecable konpainiaren erosketa dela eta, baina, hala ere, 49,6 milioi euro irabazi ditu. Euskaltelek espero zuen mozkinek behera egingo zutela iazko esplotazio emaitzetan, Telecableren erosketa ez baitzen gauerdiko ahuntzaren eztula izan: 686 milioi euro. Baina euskal konpainiak mozkinekin jarraitzen du, sendo. Negozioa nabarmen handitu da, izan ere, 622,2 milioi eurora arte (%8,6 gehiago). Fakturazioa ez da hobetzen den aldagai bakarra, gainera. CNMV merkatu arautzaileari igorritako informazioaren arabera, Euskaltelek %49 igo du sarrerekiko marjina, 35 puntu alegia. EBITDAk ere gora egin du, 306 milioi euroko kopurura arte, %9,4 gehiago.

Emaitza horiek mahai gainean daudela, konpainia laranjak jakinarazi du 0,278 euro banatuko duela akzioko. Dibidendu horrek akziodunen batzarraren oniritzia beharko du aurretik.

Etxe partikularretako zerbitzuen negozioak %11,5 egin du gora 2017an, eta enpresetakoak, %2,4. Euskaltelek dio urteko azken hiruhilekoak utzi dituela emaitza onenak, eta eboluzio positibo hori segida izaten ari dela 2018. urtean. Sortaren estrategiak emaitza onak ematen dizkiola esplikatu du komunikazio konpainiak. Produktu bat ez, hiru edo lau batera eskaintzen ditu, eta horrek datu argigarri bat utzi du: Euskaltelen bezeroen %68k sorta bat kontratatu dute, ez produktu bakar bat.

Horiek horrela, sakelako 151.000 telefono linea berri saldu ditu Euskaltelek 2017. urtean, %20 gehiago. Telebista ordainduko atalean 124.000 kontratu berri egin ditu, %45,5 gehiago, eta banda zabaleko beste 94.000 kontratu egin ditu, %23,8 gehiago.

Datozen urteetan hedatze prozesuak ez duela etenik izango azaldu du Alberto Garcia Erauzkin presidente duen konpainiak. Euskal Herrian, Nafarroan zabaltzen jarraituko du, eta Espainian, berriz, Leonen, Kantabrian eta Errioxan hedatuko da batik bat. Nafarroako hedatzea laguntzeko, Osasuna futbol taldearekin babes kontratua egin berri du futbolarien elastikoan bere marka azaldu dadin..

FAES FARMA ETA AZKOYEN

Botika alorreko taldeak inoizko irabazi handiena lortu du: 42 milioi euro, 2016an baino %15 gehiago, —%6,5eko igoera espero zuen—. 57,5 milioi euroko zifra erakusten du EBITDAk, %7,6 gehiago, eta salmentekiko marjina %21era heldu da. 282,2 milioi euroren salmentak egin ditu Bizkaiko konpainiak, %19 gehiago.

Bestalde, Azkoyen Nafarroako multinazionalak ere gorakada garrantzitsua lortu du mozkinetan. 2017an, 12,8 milioi euro irabazi ditu, %15,3 gehiago. 135 milioiren salmentak egin ditu, aurreko urtearen pare. 2013an hasitako goranzko joerari eutsi dio, finean. Ordainketa elektronikoaren atalak izan du hazkunde handiena (%12). Azkoyenek salmenten %83 Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo egin ditu. Haien %77,5 Europako Batasunean lortu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.