«Euskarazko komikien eskaintza gora egiten ari da azokan»

Soilik euskarazko komikiak dituzten hiru postu daude aurten Getxon.Gazteleraz aritzen zen Astiberri ere hasi da euskarazko itzulpenekin

Lander Muñagorri Garmendia.
Getxo
2014ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
«Basamortuan bakarrik sentitzen ginen lehen, eta, begira, orain eskaintza handiagoa dago». Ikastolen Elkarteak Getxoko Komiki Azokan jarri duen postutik ingurura begiratu zuen, atzo, Dani Fano Xabiroi komiki aldizkariko koordinatzaileak. Ez zen komiki eskaintzari buruz ari, hizkuntzari buruz baizik. Aurten arte, ez zegoen euskarazko komikiaren eskaintza handirik Areetako Geltokia plazan jartzen den karpan. Euren eskaintzatik harago, Ondarroako (Getxo) Luterl taldeak urtero jartzen duen postuan baino ez zegoen euskarazko eskaintza aurten arte. «Gaztetxoak gero eta euskaldunagoak dira; orduan, normala da eskaintza bera ere zabalduz joatea apurka. Getxoko Komiki Azokan euskarazko komikien eskaintzak gora egin izana horren ondorio bat dela iruditzen zait», zioen Iñaki Elorriaga azokako zuzendariak.

Fanok gordinago hitz egin zuen: «Euskal kulturan, komikia ez da behar adina sustatu, baina ikusten da gosea badagoela eskaintza handitu baldin bada». Hitz horiek Astiberri Bilboko argitaletxeari begira egin zituen. Orain arte gazteleraz argitaratu dituzte lan guztiak, baina aurten euskarara itzuli dituzte arrakasta izan duten lan batzuk: horien artean, Javier Isusiren Baleak ikusi ditut, Paco Rocaren Zimurrak, eta Miguel Gallardoren Maria eta biok. «Aspalditik geneukan gogoa komikiak euskaraz argitaratzeko. Gure hastapenetan bertan egin genuen saioren bat, baina ez zuen arrakastarik izan», zioen Fernando Tarancon argitaletxeko kideak. Orain, ordea, aukera ikusi dute itzulpen horiek egiteko, eta aurrera egin dute. Lehen aldia dute Getxora euskarazko komikiak eraman dituztenetik, eta jakin-mina dute zer-nolako harrera izango duten.

Jakin-min berarekin zegoen Jone Unanue Talka diskoetxearen postuaren atzean, lehen urtea baitute haiek Getxon. Fermin Muguruzak, Harkaitz Canok eta Jorge Alderetek elkarlanean argitaratu duten Black is beltza komikiaren aitzakian joan dira azokara, mahai gainean eskaintza hori baino ez zeukatela. «Oraingoz lehen komikia dugu; beraz, horrekin bakarrik etorri gara».

Urtero hutsik egiten ez dutenak dira, bestalde, Luterl taldeko kideak. Erakusmahaiaren atzean zegoen Ion Iñaki Artetxe, aurten komiki berri batekin gainera. BERRIArekin banatzen den Mantangorri gehigarrian argitaratutako istorioen bilduma bat zeukan: Euskoman. Izan ala ez izan. «Superheroi bat irudikatu beharrean, antiheroi bat irudikatu dugu pertsonaia honekin, eta ikusiko dugu zer-nolako erantzuna izango duen». Azoka sortu zenetik joaten dira haiek hara, eta gustura azaldu zen euskarazko eskaintzak gora egin duelako.

Zubiagaren erakusketa

Baina Getxoko Komiki Azoka salmenta postuak baino gehiago ere bada. Erakusketak ere jartzen dituzte azoka eremuan, eta aurten Guillermo Zubiagak egindako Joanes komiki bildumari eskaini diote horietako bat. Euskal balea arrantzaleen istorioak kontatzen ditu komikiak, eta jatorriz ingelesez argitaratu zen arren, baina euskarara ere itzulita dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.