Nola hasi, nola bukatu

Bihartik aurrera, mila korrikalarik baino gehiagok parte hartuko dute Ehunmilietako hiru mendi lasterketetan, Beasainen (Gipuzkoa). Nola elitekoek hala herrikoiek, beteranoek zein hasiberriek badakite zer baldintzatan iritsi diren irteerara; ez dakite, ordea, nola bukatuko duten.

Imanol Aleson, Ehunmilietako garaipena alabekin ospatzen, iaz. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
2016ko uztailaren 7a
00:00
Entzun

GALDERAK

1. Zenbatgarren Goierriko Bi Handiak edo Ehunmiliak duzu?

2. Astean zenbat ordu entrenatu zara azken hilabeteetan?

3. Entrenamendu berezirik egin al duzu erronka honetarako?

4. Zerk erakartzen zaitu horrelako lasterketa batetik?

5. Zeri diozu beldurrik handiena?

6. Zenbat lasterketa egin dituzu aurten?

7. Zenbat orduan amaitzea espero duzu?

8. Zenbat ultra egiten dituzu urtean?

Hiru mendi lasterketa asteburu bakarrean, Beasainen hasi eta buka, baina Gipuzkoako hainbat paraje pasatu eta gero: Ehunmiliak, bihar, 18:00etan (168 kilometro, +11.000 metro); Goierriko Bi Handiak, bihar, 23:00etan (88 kilometro, +6.000 metro); eta Marimurumendi, igandean, 09:00etan (42 kilometro, +2.300 metro). Goierriko Bi Handietan eta Marimurumendin dortsal guztiak amaitu ziren, 500 eta 250, hurrenez hurren; Ehunmilietan, berriz, 355 korrikalari izango dira. Antolakuntzaren eta jendearen eskuzabaltasunaren neurria ematen duen datu bat: 1.500 boluntario, korrikalariak baino gehiago. Faboritoak? Javi Dominguez, Imanol Aleson eta Silvia Trigueros Ehunmilietan; Iokin Garai, Pedro Etxeberria, Aitziber Osinalde eta Elena Calvillo Goierriko Bi Handietan; eta Aritz Egea eta Laida Elizegi Marimurumendin.

ELENA CALVILLO

Goierriko Bi Handietako parte hartzailea

«Beldurrik ez daukat; gauari eta hotzari errespetua diet»

1

Laugarren aldia izango da: bi Ehunmilietan eta beste bi Goierriko Bi Handietan.

2

Hamar ordu, gutxi gorabehera.

3

Ez, mendian distantzia luzeagoetan entrenatzea.

4

Erosoago sentitzen naiz horrelako lasterketetan; gehiago gozatzen dut. Erritmoak lasaiagoak dira; erresistentziak eta buruak ere garrantzi handiagoa dute, eta horrek mesede egiten dit.

5

Beldurrik ez daukat; gauari eta hotzari errespetua diet.

6

Hau bederatzigarrena izango da.

7

Iazko denbora berdintzen badut, oso ondo, hamabi ordu eta erdi.

8

Iaz, bost egin nituen. Aurten ere, dena ondo badoa, bost egingo ditut.

PEDRO ETXEBERRIA

Goierriko Bi Handietako parte hartzailea

«Erronka gainditzeko gai izango naizen jakiteak erakartzen nau»

1

Laugarrena.

2

Gutxiegi. Hiru edo lau egun astean, eta bakoitzean ordu bat. Asteburuan lasterketa bat egiten dut.

3

Ez.

4

Ufa! Galdera zaila da. Aurrean dudan erronka gainditzeko gai izango naizen jakitea.

5

Bakarrik gelditzeari eta erortzeari.

6

Oraingoz, lau besterik ez.

7

10.45 inguruan ibili nahiko nuke; gutxiago bada, hobe.

8

Aurten zazpi egiteko asmoa dut.

LEIRE MARTINEZ

Goierriko Bi Handietakoparte hartzailea

«Lasterketako giroa itzela da, eta antolakuntza, oso ona»

1

Hirugarrena.

2

Hamaika ordu inguru.

3

Bai.

4

Lasterketa honetan dagoen giro itzelak eta antolakuntza oso onak. Baita maite ditudan korrikalari batzuekin han topatzeak ere.

5

Eguraldiari.

6

Lau; tartean, bi ultra.

7

Iaz erretiratu egin nintzen, lesio batengatik. Aurten, helburua duela bi urteko denbora hobetzea da, baina pozik sentituko nintzateke, batez ere, proba bukatuz gero.

8

Gorputzak uzten badit, sei ultra egingo ditut aurten.

ARITZ MUNARRIZ

Goierriko Bi Handietako parte hartzailea

«Akuilatu egiten naute horrelako gauzek:urtetik urtera, gehiago»

1

Laugarrena izango da.

2

Saiatu naiz astean bi egunetan bizpahiru orduko saioak egiten mendian, erritmo azkarrean; bizikletan ibiltzea ere gustatzen zait, eta beste bi egunetan hiru orduko saioak egiten ditut errepidean; ostirala atseden eguna izaten dut; larunbatetan, bospasei orduko saioa mendian; eta, igandeetan, berriro bizikleta.

3

Egia esan, ez. Urte guztiko entrenamenduak eta lasterketak nahikoa dira lasterketa eder honi aurre egiteko.

4

Gustuko ditut erronka zailak. Akuilatu egiten naute horrelako gauzek: urtetik urtera, gehiago.

5

Aralar zeharkatzeak eragiten dit errespeturik handiena: une kritikoa izaten da niretzat.

6

Bost. Mendi martxa batzuk ere egin ditut.

7

Iazko denbora hobetzea da nire helburua: hamabi ordutik behera ibiltzea, alegia.

8

Ultretan nahiko berria naiz, baina hau izaten dut urteko helburu nagusia. Euskal Herria Mendi Erronka ere egiten dut. Aurten, besteren batera ere animatuko naiz; Nafarroa Extrem eta Hiru Haundiak tentagarriak dira.

GAIZKA BARAÑANO

Ehunmilietako parte hartzailea

«Afaldu baino lehenbi garagardo hartzea gustatuko litzaidake»

1

Hirugarrena. Aurretik G2H egin nuen.

2

Gutxiena ibilitakoan, hamar ordu; gehien, berriz, 25 ordu.

3

Bai. Egutegian gorriz markatua nuen lasterketa bat da.

4

Lasterketa bat baino gehiago: niretzat, abentura bat da. Etxean da, eta familia osoa [11 pertsona] joaten gara Ehunmilietako festara.

5

Nire ezkerreko belaunari eta nire eskuineko orkatilari. Azken hogei egunetan belaunak ez dit utzi bi ordu baino gehiago korrika egiten.

6

Sei; tartean, bi ultra.

7

Afaldu baino lehen bi garagardo hartzea gustatuko litzaidake, atera kontuak!

8

Aurten, zazpi; agian, niretzat gehiegi. Euskal Herriko sei ultrak eta Chamonixeko ultratraila egin nahi nituen.

LANDER FRAILE

Ehunmilietako parte hartzailea

«'Bidaia' luze hauetan gauza askori buruz pentsatzen duzu»

1

Lehenengo aldia izango da.

2

Sei ordu inguru, asteburuetan parte hartutako lasterketak aintzat hartu gabe.

3

Ez, baina lasterketa luzeetan parte hartu dut. Aurreko astean, Ulia menditik gauez korrika egitera irten nintzen bi orduz, eta sentsazioa oso arraroa izan zen.

4

Esperientzia berriak bizitzea da gehien erakartzen nauena. Bidaia luze hauetan, gauza askori buruz pentsatzen duzu, gorputza ezagutu, momentu txarrak gainditzeko moduak ikasi, zure buruarekin lehiatu eta abar.

5

Oinetako minei: azkazalak, babak...

6

Asko; hemeretzi, guztira.

7

Uf, auskalo! Amaitzea da helburu nagusia, baina, dena ondo badoa, 38 ordu inguru.

8

Asko ez. Ehunmiliak gogotsu bukatuz gero, aurten beste ultra batzuk egin nahiko nituzke.

JON IRAOLA

Ehunmilietako parte hartzailea

«Kilometroak egin ahala ez gozatzeak ematen dit beldurra»

1

Lehena.

2

Ez ditut zenbatu, baina asteburuetan hamasei bat eta astean zortzi edo.

3

Bai, ordu asko pasatu ditut mendian, alderdi psikologikoari ere garrantzi handia emanez.

4

Neure burua ezagutzeko balio izan didate.

5

Ez daukat inongo presiorik; ahal dudan neurrian gozatzera joango naiz. Kilometroak egin ahala ez gozatzeak ematen dit beldurra, baina bukatzea da helburua, eta ondo nago horretarako.

6

Hiru.

7

Bukatzearekin, kontent. Ea 35 orduren bueltan ibiltzen naizen.

8

Bost egingo ditut aurten.

MIKEL LEAL

Ehunmilietako parte hartzailea

«Luzerak, ordu kopuruak eta etxean korrika egiteak erakartzen nau»

1

Hirugarrena.

2

Hamabost ordu.

3

Bai.

4

Luzerak, pasatuko ditudan orduek eta etxean korrika egiteak. Era berean, une txarrak nola kudeatuko ditudan ikusteak.

5

Izango ditudan une txarrei aurre ez egiteak.

6

Lau; tartean, bi ultra.

7

30 orduren inguruan ibiltzea gustatuko litzaidake.

8

Hiru edo lau.

SILVIA TRIGUEROS

Ehunmilietako parte hartzailea

«Ea aurten saihets hezurrak bukatzenuzten didan»

1

Bigarrena. Hiru aldiz egin dut G2H.

2

Gorabeherak izan ditut: oinazeak, erorketa bat... Ahal dudana egin dut.

3

Ez, bereziki. Saio luze eta gogor bat egitea gustatzen zait lasterketaren aurretik, konfiantza hartzeko.

4

Denak. Niretzat, lasterketa onenetako bat da: antolakuntza, ibilbidea, giroa... Gainera, etxetik gertu.

5

Beldurra ez nuke esango; errespetua, akaso. Ea aurten saihets hezurrak bukatzen uzten didan.

6

Zazpi.

7

Orain dela bi urte egindako denbora hobetu nahi dut, 28 ordu azpitik egin. Baina, azkeneko lasterketan izandako erorketa eta gero, ez dakit.

8

Ez ditut zenbatzen. Aurten, iaz baino askoz gutxiago.

XABIER ZARRANZ

Ehunmilietako parte hartzailea

«Egin izan dut 15 ordu korrika, baina hortik30 ordura aldea dago»

1

Lehena.

2

Astean lau egunetan egiten dut korrika: astegunetan, 75 minutuko hiru saio, eta, asteburuan, hiru edo lau orduko saio bat.

3

Ez. Ziurrenik, Ehunmilien moduko proba bat prestatzeko hobea litzateke luzera handiagoko entrenamenduak egitea, baina lasterketek zoratzen naute.

4

Jendeak kontatutakoak, gehienbat: giroa aparta izaten dela, eta antolakuntza izugarria. Horrez gain, luzerak eta zailtasunak. Neure buruari jarritako erronka gisa hartu dut.

5

Gorputzak nola erantzungo duen hainbeste orduren ondoren. Egin izan dut hamabost ordu korrika, baina hortik 30 ordura arte sekulako tartea dago. Bestalde, aurten bi orkatilak bihurritu ditut, eta oraindik ez daude guztiz ondo. Hala ere, atseden hartzen ari naiz, eta uste dut ondo eutsiko dietela 168 kilometroei.

6

Uf! Asko. Uste dut bederatzi izan direla.

7

30 ordu baino gutxiago egitea espero dut, baina, egia esan, gustatuko litzaidake 27-28 ordutan ibiltzea. Ez dakit gai izango naizen. Hala ere, amaitzearekin pozik geldituko naiz.

8

Aurreikusitako egutegi osoa egiten badut, bost ultra lasterketa izango dira. Hala ere, Montsenykoa eta Euskal Herria Mendi Erronka ez dira 80 kilometrotik pasatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.