15 urte feminismotik eraldatuz

Urteurrena du apirilean Euskal Herriko Bilgune Feministak. 'Feminismoak egingo gaitu herri: indar bat dabil hor' leloarekin, izaera nazionala eta eraldaketarako gaitasuna nabarmendu dituzte

Maialen Unanue Irureta.
2017ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
2001ean Leitzan (Nafarroa) egindako topaketetan agerian geratu zen mugimendu feminista nazional baten beharra: 2002ko apirilean sortu zen Euskal Herriko Mugimendu Feminista. Hamabost urte dira ordutik, eta asko aldatu da panorama politiko, sozial eta ekonomikoa. Bilakaeraz, militantzia ereduaz eta bestez hausnartu dute Miren Arangurenek (Iruñea, 1981) eta Amaia Zufiak (Iruñea, 1990).

HASTAPENAK



2002. urtearen aurretik ere izan zen ahaleginik, 1998 inguruan—1976an abiatu zen mugimendua Euskal Herrian—. Egizan taldeak bi egiteko egokitu zizkion bere buruari: batetik, feminismotik eragitea; bestetik, ezker abertzalea subjektu feminista izateko lan egitea. Ez zuen arrakastarik izan, eta desegin egin zen. «Hutsune nabari bat gelditu zen; ezker abertzalean bazegoen prozesu feminista deitu zitzaion horri ekiteko estrategia bat, baina talde berri baten beharra geroago gelditu zen agerian», dio Arangurenek.

Leitzan erabaki zen egitura nazional bat sortzea. «Agerian gelditu zen ezin zela aurreko mendeak utzitako kultura militantearen araberako taldea sortu: zerbait ezberdina, berria eta sarean funtzionatuko zuena behar zen», jarraitu du Arangurenek. Horrez gain, mugimendu feministan ikusi zuten «bazebilen» indar hori ez zela soilik talde feministetan metatzen, baizik eta eremuz eremu ari zirela emakumeak feminismotik eragiten: «Hori guztia artikulatu beharra zegoen».

Ondo gogoratzen ditu Arangurenek hasierako garaiak: «Ez zegoen batere zabalduta militantzia feminista: esango nuke hainbat eremutan oso gaizki ikusia zegoela, edo ez zela beharrik ikusten». Berdintasun faltsuaren ideia «etengabe» frogatu behar zutela dio: «Momentu oro, datuetan oinarritutako zapalkuntza bati buruz ari ginela errepikatu behar izan genuen. Zilegitasuna lortzen genuen berdintasun faltsu hori deseraikitzen».

Testuinguru politikoa erabat desberdina zen. «Lizarra-Garaziko prozesutik gentozen, mugimendu feminista nahiko atomizatuta zegoen, herri eragile edo mugimenduetan ez zen sentitzen feminismoaren beharrik». Alde horretatik, bilgunea sortzea «apustu oso ausarta» izan zen: «Horrelako formatuko mugimenduaren beharra sumatu zutenei esker gaude gu hemen: eskertzekoa da hain argi ikustea nondik jo behar zuen bideak».

ERALDAKETA GAITASUNA



Zailtasunak zailtasun, hamabost urteko bidea egin du Bilgune Feministak. Iaz Gasteizen antolatutako Feministok Prest mobilizazioa indar erakustaldia izan zen: kalkulatu zuten 12.000 lagunek parte hartu zutela. Zufiak nabarmendu duenez, Euskal Herrian «feminismoak duen loraldiaren adierazle» izan zen. «Batetik, feminista belaunaldi berriak batu dira mugimendura. Bestetik, feminismoa gaur egun proposamen politiko ezinbestekoak egiten ari da, ikuspegi holistiko batetik. Baina, batez ere, antolakuntza formulak azpimarratuko nituzke». Proposamen diskurtsiboa «oso ertz desberdinetatik» josi zuten: «Modu kolektiboan diskurtsoa sortzeko prozesu bat izan zen, praktikaren bidez, eta hainbat ikuspuntutatik buelta eman genion: Zer da biolentzia? Zer aurpegi ditu?».

Atzean gelditu dira feminismoa lehentasun ez zen garaiak, beste mugimenduetatik ikasteko duen gaitasunagatik. Aranguren: «Munduan ez dago hain proposamen interesgarririk egiten duen mugimendu eraldatzailerik». Zein da gaitasun horren muina? «Beti izan da gehitzeko prozesu bat: zapalkuntza aniztasuna ikusteko eta errealitatea ertz askotatik begiratzeko gaitasuna izan du: jaiotzetik, errotiko proposamen bat egin du, bazterretan dauden horiei guztiei zerbait eskaintzeko ahalegina egin du».

Hamabost urtean errealitatea aldatu den heinean aldatu da Bilgune Feminista ere. Arangurenen esanetan, XXI. mendeak hasieratik eskaini zien «lurzoru erabat diferenteak» izan du zerikusirik: teknologia berriei esker, edozein lekutan gertatzen diren borroketatik ikasteko aukera azkarragoa dute: «Globalizazioak azkarrago garatzeko gaitasuna eman dio kapitalari, baina baita eraldaketan sinesten dugunoi ere». Mugimendua berregokitzeko beharra eta gaitasuna nabarmendu ditu Zufiak, baita aurrera begira ere. «Aldaketa gauzatzen ari da. Kontua da, batetik, nork norabideratuko duen, eta, bestetik, aldaketa hori norantz egingo dugun».

EKARPENAK



Bilgune Feministak egindako hainbat ekarpen aipatu dituzte Arangurenek eta Zufiak. Euskal Herrian feminismotik pentsatzeko apustu iraunkorra egitea da horietako bat, Arangurenen esanetan. «Talde askok pentsatu dute tokitik, eta beharrezkoa da, baina ezinbestean pentsatu behar dugu Euskal Herritik burujabetza feminista bat lortzeko. Horrek eman digu errealitate desberdinetara egokitzeko gaitasuna».

Horrekin lotuta, «eremukako artikulazioa» ere ekarpen garrantzitsutzat du. Hau da, jabetzea sektorialki feminista asko zeudela eta horiek saretu egin behar zituztela, eta, aldi berean, mugimenduaren proposamenek eremuz eremukakoak izan behar zutela. «Ez da kasualitatea gaur egun daukaguna kirolean, komunikabideetan, literaturan, artean, hizkuntzaren erabilera ez- sexistan, autodefentsan...». Biek azpimarratu dute hori ez dela soilik bilguneari esker izan, baina indar asko egin duela hori lortzeko.

Militantzia ereduetan jarri du arreta Zufiak, eta Joxemi Zumalabe fundazioaren eskutik egindako bidea nabarmendu: «Ikasi dugu efektibotasun kapitalista—produzitu eta emaitzak lortu— zalantzan jartzen, eta beste gauza batzuk lantzen». Afektibotasuna, gogoeta, gorputzak landu eta ahalduntzea edo osatze prozesuak abiatzea, esaterako. «Bizi ziklo desberdinetara egokitu daitekeen konpromisoa bilatu dugu. Nola berreraikitzen dugu militantzia edo konpromisoa zaintza lan intentsuak, amatasunak, eta bestek bizitza zeharkatzen dutenean?». Ez dute guztiz lortu eredu berri hori finkatzea: «Gauza batzuk lortu ditugu, eta beste batzuetan bide luzea dugu egiteko».

KOORDINATZEA



Badira feministak mugimendu edo talde desberdinetan, eta, horrez gain, eremu askotan ere txertatuta daude, belaunaldi berriak batu dira... «Ez da hain erraza non, zertarako eta nola artikulatzen garen ebaztea», azaldu du Zufiak. «Gure egiturak edo artikulazio esparruak nahiko xumeak eta prekarioak dira, gure bizitzak ere hala direlako». Halere, «batera-jotze ederrak» lortzen dituzte: «Iaz, esaterako, Emakumeen Mundu Martxan 25 herritatik pasatu zen karabana; handik hiru hilabetera Feministok Prest antolatu genuen, eta tartean, gainera, Martxoaren 8ko deialdi bateratuak egin genituen». Arangurenek Martxoaren 8ko koordinakundeak jarri ditu iraunkortasunaren adibide: «Orain 30 edo auskalo zenbat urtetik funtzionatzen duten, eta hori ere aldatuz joan da».

Egitura nazionalak eta tokiko taldeek ez dute lanerako gaitasun bera. «Horrek eskatzen du ezin dela egon une eta gune bakar bat: baizik eta askotarikoak izan behar dutela bai momentuek eta bai espazioek». Zufia: «Agian, egiturak berriz pentsatu behar dira, lausoagoak edo mugikorragoak izan: nola funtzionatu olagarro baten gisan, beharren arabera batuz eta aldenduz».

Mugimendu feministaz eta taldeez harago dauden feministak nola artikulatu da erronketako bat. «Alegia, zer den mugimendu feminista hori: uste dut ez daukagula guztiz adostua. Mari Luz Estebanek galdetzen zuen: 'Norena da mugimendu feminista gaur egun?'».

BELAUNALDI BERRIAK



Mugimenduan bat egiten dute militante beteranoek eta feminista gazteek. Beti ez dira bat etortzen, Zufiaren esanetan: «Gazteagoek distantzia markatu nahi dute, eta feminista zaharrago batzuek aldaketei erresistentzia erakutsi diete: elkarrizketa horiek ez dira hain errazak». Elkar ulertzea bideratzeko, beharrezkoa da momentu oro hitz egitea, Arangurenen ustez: «Asko ikas dezakegu oraindik ere elkarrekin, eta uste dut espazioak sortzen ditugula horretarako».

Belaunaldi berriak lanerako gogoz ikusten dituzte, baina atentzioa eman die trebakuntzaz agertzen duten kezkak. «Talde berriak sortzen direnean, edo feminismora lotzen direnean, errepikatzen dute lehenengo trebatu egin behar dutela. Teoria pila bat dago, eta material ugari dago eskura, baina badirudi antsietatea sortzen duela».

Mugimenduan bertan trebatu dira Aranguren eta Zufia. «Hori da onena niretzat, baina gure belaunaldiaren ezaugarri bat da: guk apustua egin genuen militatzen; gaur egun jendeak masterrak egiten ditu», esan du Arangurenek. Teoria eta praktika uztartzearen alde egin du, baina baita kontua «lasai» hartzearen alde ere: «Uste dut zapalkuntzak gorpuztuak ditugula, eta gure gorputza baino azkarragoa ez dela inor, ezta liburuak ere. Ez naiz esaten ari irakurri behar ez dugunik, baina gure gorputzean sentitzen ditugun zapalkuntzetatik abiatzea ere zilegi da».

Formakuntzaz eta trebakuntzaz hitz egiten den arren, ahalduntze prozesuen beharra azpimarratu du Zufiak. «Azpimarratuko nuke kolektiboan gertatzen dela, oso zaila dela prozesu horiek indibidualki egitea».

GATAZKAREN ANALISIAK



Gatazkaren eta bakearen analisi berriak egiten ari da Bilgune Feminista. ETAk jardun armatua eten izanak agertoki berri bat ireki du, baina mugimendua urte batzuk lehenago hasi zen horren inguruan hausnartzen. Mundu Martxen testuinguruan landu zuten gaia, adibidez, nazioarteko esperientziak ardatz hartuta. «2005ean, III. Topaketa Feministak horren ingurukoak izan ziren, eta ordutik izan dugu garapen diskurtsibo bat: toki desberdinetatik janez joan gara», gogoratu du Arangurenek. «Gogoratzen dut oinarrizko hitzarmen demokratikoan gure irakurketari tarte bat ematea lortu genuenean izugarria izan zela: eskatzen digu bakearen birkontzeptualizazio bat, baina baita gatazkarena ere».

Arangurenek ohartarazi du Euskal Herrian gatazka bakarra egon dela urteetan: «Oraingo egoerak hori desmuntatzeko aukera ematen digu, jarduera armatu baten eteteak azaleratu egin dituelako lehendik ere bazeuden bestelako zapalkuntza batzuk». Gatazkak asko dira, eta Zufiak nabarmendu du ariketa kolektiboak direla konponbidea bilatzea eta bakea gauzatzea: «Batetik eta bestetik, atzera begiratu eta errelatoak eratzea dagokigu: feministok ere ekin diogu euskal gatazka deitu zaion hori aztertzeari». Ildo horretatik sortu zuten iaz Hau ez da gure bakea kanpaina, «patriarkatuaren bakea desnormalizatzeko»: «Zer da normalizazioa: emakumeak sistematikoki erailtzea? Hori ez da bakea guretzat, dudarik gabe, eta aldarrikatu genuen emakumeok ez dugula ez normalizazio eta ez bake prozesu bat bizi».

Euskal gatazka deiturikoan emakumeak «non» egon diren aztertu dute, besteak beste. «Bai militante politikoak izan garenean, bai errepresaliatuak izan garenean, eta bai zaintza lanetan egotea egotzi zaigunean. Aztertu nahi dugu horrek zer aztarna eta zer min utzi dituen gure gorputzetan». Kalera, kalera dinamikan emakume preso ohiek egindako Hemen gaude adierazpena azpimarratu du Zufiak: «Nik uste dut leku desberdinetatik ari garela gatazkaren inguruko irakurketa feministak egiten».

ERRESISTENTZIAK



«Autoritate handia lortu dugu hamabost urteotan, baina, existitu, existitzen dira erresistentziak, batzuk oso agerikoak», ohartarazi du Arangurenek. «Azken egunetan autobus transfoboa izan da, Paul Abasolo eta, oro har, futbolariak babesteko dagoen joera, biolentziaren biktima diren andreek epaitegietan jasotzen duten zalantza etenik gabekoa...». Botere guneetan «oso argi» antzematen dira halakoak, baina gogoratu du egunerokoan ere badaudela: «Familia bazkarietan, kuadrilletan, amatasun ereduetan...».

Erresistentziak ezker eta eskuin daudela ohartarazi du Zufiak. Batetik, hedabide hegemonikoetatik feminismoari egiten dizkieten keinuak feminismoa neutralizatzeko ahalegina besterik ez dela dio: «Punka edo Che Guevara bera xurgatu zituzten, eta feminismoa produktu huts bihurtzen saiatzen ari dira». Ezkerrean sortu diren erresistentziek arduratzen dute gehiago, ordea: gazte mugimenduan dabil, eta «sintoma kezkagarriak» antzeman ditu. Ernaik hasieratik egin zuen barneko prozesu feminista baten aldeko apustua, eta neurri batzuk hartu zituzten, eta horrek zenbait aldaketa ekarri ditu, haren esanetan. Kongresuan, Zirtaka txostenari Kantauri izeneko beste txosten alternatibo bat aurkeztu zitzaion, ordea: «Astakeriak esan dira jendaurrean».

Arangurenek dio hor esan ziren hainbat gauza feministei «betidanik» egotzi zaizkiela: «Burgesak garela, langile klasea zatikatzen ari garela eta abar». Alderdi batzuetan ere antzeko joerak sumatu ditu: «Azkenaldiko prozesuen ondorioetan ez dut feminismoarekiko hautu garbirik ikusten, eta duela hogei urte, bai. Erne egon behar dugu, aurrera egin ez dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.