Gauak pizten dituen txinpartak

Bilbo Hiria Su Artifizialen Lehiaketaren XXV. urteurrenaren harira, su festen inguruko erakusketa bat antolatu du Bilboko Udalak Zabalgune eraikinean, eta ikuskizunak atontzeko prozesu guztia azaldu dute.

Zezensuzkoaren maketa bat Zabaltegiko erakusketan. M. DEL VALLE / ARP.
Bilbo
2015eko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
K. a. 200. urtean, nekazari talde batek banbu puska bat bota zuen sutara Txinan, banbu kanaberaren barruan airea hedatu, eta danba!, eztanda egin zuen. Espiritu txarrak uxatzeko teknika topatu zutela otu zitzaien nekazariei. Handik 900 urtera, alkimista txinatar batek sufrea, ikatza eta kresala nahastu, eta su eman zien; konturatu zen zenbat eta aire gehiago izan orduan eta eztanda handiagoa lortzen zuela. Hauts hori harriekin eta metalekin nahastu, eta bonbak asmatu zituzten txinatarrek. Tartean, su festak ere asmatu zituzten. Hara egindako bidaia batean, Marko Polo txundituta geratu zen zeruan eztanda koloretsuak ikusita, eta Europara ekarri zituen, portzelanarekin, bitxiekin eta espeziekin batera. Geroztik, bide luzea egin dute su festek, eta erabat eboluzionatu. Etxafuegoen historia, Bilboko su festen lehiaketak izan duen bilakaera, suziri motak eta eztanda egiten duten arteko prozesu osoa ezagutarazi nahi izan du Bilboko Udalak, erakusketa baten bidez. Bilbo Hiria Nazioarteko Su Artifizialen Nazioarteko Sariketaren 225. urteurrenaren harira antolatu dute. Zabalgune eraikinean egongo da ikusgai, hilaren 30era arte.

Bilbotar askorentzat, etxera bueltatzeko ordua markatzen du su festen amaierak. Behin azken traka entzunda, atseden hartzera joaten dira, hurrengo egunean indarberriturik jaiari heltzeko. Beste askorentzat, berriz, gauari eta festari hasiera ematen dioten txinpartak dira, eta zerua isiltzearekin batera heltzen diote parrandari. Bizkai osotik joandako 3.000 lagun inguru biltzen dira gauero su festak ikustera, Bilboko udaltzainen arabera.

Hala, Bilboko Aste Nagusian, 22:15 helduta, hiria gelditu egiten da, eta milaka lagun zerura begira paratzen dira, suen eztandak ikusteko. Aho zabalik geratzen dira asko, eta ez dute ulertzen nola, txinparta batek piztuta, kolore ugariko formak marraztu daitezkeen zeruan. Horiek sortzeko zein material eta zer suziri forma erabili behar dituzten azaltzen dute Zabalgunen ikusgai jarritako kartoizko maketa ugarik eta informazio taulek. Esaterako, kobrez eta estrontzioz osatutako nahasketa leherraraztean nola lortzen diren kolore moreko formak; kobre gatzekin, urdinak; sodio gatzak behar dira eztanda beilegiak sortzeko; eta bario gatzak berdea lortzeko.

Baina formak eta koloreak ez ezik, besterik ere behar dute ikuskizunek ikusleak eta epaileak txundituta uzteko: erritmo berezia. Eztandek markatuko dute erritmoa, eta zaratek bihurtuko dute ikusgarriago. Horiek guztiak kontuan izango dituzte epaileek sariak banatzeko.

Formak eta koloreak nola sortzen diren erakustearekin batera, etxafuegoen jaurtiketa simulatu dute erakusketako beste gune batean, Mallonako zelaian jartzen dutenaren antzeko maketa batean. Hain zuzen ere, suak jaurtitzen dituzten bitartean, herritarrak ezin dira hara gerturatu, eta ezin dute benetakoa gertutik ikusi, segurtasun arrazoiengatik.

Su festen lehiaketa Bilbon

Hogeita bost urte dira Bilbon su festen lehiaketa antolatzen hasi zirenetik. Hasieran, Santanderko geltokiaren aurreko zabaldegitik jaurtitzen zituzten suziriak. Hain zuzen ere, ehun urtez bota zituzten handik, baina lekua ez zen aproposa garai berrietako su festak atontzeko, eta beste leku bat bilatu behar izan zuten. Areatza aurrera aldatu zuten jaurtiketa gunea, baina lekuak aurrekoaren eragozpen bera zuen: txikiegia zen, eta arriskua handiegia, ikusleak gertuegi jartzen zirelako. Hala, 1988an erabaki zuten Mallonatik botako zituztela, eta handik bota izan dituzte orduz geroztik.

Su festen lehiaketa hasi zenetik, nazioarteko dozenaka piroteknia etxek parte hartu dute. Horien artekoa bat, Japoniako Marutamaya Ogatsu etxe «mitikoa». Su festen historian izen garrantzitsua da Marutamaya, eta, 2003an, bigarren postuan geratu zen Bilboko lehiaketan; sari nagusia, berriz, Herrialde Katalanetako Ricardo Caballer etxeak jaso zuen. Birritan jaso du Caballerrek sari nagusia, eta, Astondoa Piroteknia (Euskal Herria) eta Martarello (Italia) etxeekin batera, saria batean baino gehiagotan irabazi duen bakarra da. Martarello etxeak irabazi du, hain zuzen, sariketa gehien; orotara, lau alditan irabazi du saria, eta horien arteko bi, aurreko urteetako irabazleekin lehian irabazi ditu. Hain zuzen ere, sei urtean behin aurreko urteetako irabazle guztiak gonbidatzen dituzte berriro lehiatzera.

Oro har, su festen funtzionamenduari eta historiari buruzko bitxikeriak ikasiko dituzte Zabalgunera joaten direnek, eta beste emanaldi bat ikusten dutenean, agian, gehiago disfrutatuko dute, eztanda koloretsuen sekretuak jakinda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.