Knoydart: urrun, eder, basati

BERRIAk egindako Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa irabazi eta gero, Knoydart penintsulan izan da abuztuan Imanol Azkue, Mendiak eta Herriak agentziari esker. Aurtengo lehiaketa martxan da jada, eta lanak bidaltzeko epea zabalik egongo da azaroaren 12ra bitartean.

An Sgurr gailurra, Eigge uhartean IMANOL AZKUE.
Knoydart
2017ko irailaren 19a
00:00
Entzun
BERRIAri esker jakin nuen Knoydart penintsula Eskoziako Highlanden dagoela, eta, mapan kokatzeaz gain, informazio gehiago lortzen ahalegindu nintzen. Horrela, jakin nuen ederra bezain lakarra eta malkartsua dela, urez inguratua; apenas bizi dela jenderik han (100 lagun inguru), eta itsasontzia dela harako garraiobiderik onena; 11 kilometro inguruko errepidea badagoela, baina beste errepideekin loturarik gabea; herri nagusia Inverie dela, eta han dagoela Britainia Handiko pubik urrunena…

'Before'

Nora nindoan argitutakoan, Knoydartera iristeko bidaiako xehetasun guztiak lotzea etorri zen: datak, hegazkina, hotela, trena… Pixkanaka, etengabe sortu zitzaizkidan gainditu beharreko erronkak: bakarrik nindoan, eta han ezezagun batzuekin elkartuko nintzen; taldearen gidaria eskoziarra izango zen, eta seguru asko ez zuen jakingo gaztelaniaz… baina aurrera!

Bidaiakoak zehaztearekin batera, gakoetako bati heldu nion: komunikatzeko gutxieneko gaitasuna ziurtatzeko, nire ingeles kaskarra hobetzea; horretarako, hilabete batzuk lehenagotik jo eta fuego aritu nintzen Interneteko webgune batean; hala ere, seguruago egoteko, ezin izan nion tentazioari eutsi, eta Loiuko aireportuan Guía de supervivencia: inglés liburuxka erosi nuen (alferrik!).

Abuztuan, martxa egiteko eguna hurbiltzearekin batera, elkarrekin jarriz joan nintzen traste guztiak, eta zerrendatik ezabatzen: arropa asko —Eskoziako uda hemengo udazkena bezalakoa da, eta euria egiten du—; eguzkitarako krema eta eltxoen kontrakoa —asko eta handiak omen daudelako—; libera esterlinak; entxufe berezia… I was ready!

'Meamtime'

Glasgowko trenari Mallaig herrian bukatzen zaio bidea, itsasoak geldiarazita. Baina, ordura arte, bost orduko ibilbidean, begiratoki ikusgarriak eman zizkidan, lakuen ertzetatik eta mendi berdeen pendizetatik, gora eta behera; arnasa berotu egiten zitzaion gorakoan, ufu-afaka kexati, eta beherakoan, airoso eta isilik jaisten zen, txistua joaz bezala. Trenetik jaitsita, geltokian geneukan zain Gordon, hurrengo egunotan gidari izango genuena, eta haren bueltan elkartuz joan ginen hamar lagun, munduko hainbat bazterretatik etorriak: Kanada, Ameriketako Estatu Batuak, Suedia, Alemania…

Egonaldirako oinarrizko kanpamentua Doune izeneko parajean geneukan, eta, hara joateko, Marie Doune itsasontzia hartu genuen. Hogei minutuko itsasaldiaren ondoren, lehorreratutakoan, egurrezko etxe bikain bat geneukan osorik guretzat; handik ehun metrora, beste eraikin batean zegoen otorduetarako lekua; guztiak ere itsasertzean, etxeko atarian oinetakoak kendu eta oinak uretan freskatzeko moduan. Hasiera-hasieratik sumatu genuen Dounek bazeukala zerbait magikoa: ilunabarrean, afaltzera gindoazela, izurde multzo bat ikusi genuen, uretatik irten eta sartu, gu agurtzera joan izan balira bezala.

Aste osoan, egunero, antzeko gidoiari jarraitu genion: 08:30 aldera gosaldu, paraje haietan ohikoa den oparotasunarekin—porridge-a eta guzti—, eta, bazkaritarako prestatzen ziguten piknika hartuta, 09:30ean martxa egun osorako, batzuetan itsasontziz —inguruko uharteren batera—; beste batzuetan, goialdeko errepidera irten eta furgoneta hartuta, Inverie herrira. Eguna kanpoan pasatzen genuen, ibilian; 13:00 aldera, otordua egiten genuen. Gero, arratsaldeko laurak edo bostak aldera, Dounera itzulitakoan, dutxatu, arropak eta oinetakoak garbitu, eta lasai egoten ginen, deskantsuan; afaldu aurretik, 19:15ean, Gordonek hurrengo egunerako plana proposatzen zigun; 19:30ean, afaria, bikaina, tokiko produktuekin —zopak, entsaladak, arrainak, haragiak, postreak…—, eta, afalostean, nahi zuenak, hodi-zabaltzaile pixka bat (whiskia); 22:00 aldera, ilunarekin, erretirada etxera. Beste aukera handirik ez zegoen, baina, egia esan, gaueroko bake, lasaitasun eta isiltasun hura ere izugarri estimatu nuen irakurtzeko, idazteko, pentsatzeko… Aspaldi ez bezala egin nuen lo, are gozoago kanpoko euriak teilatua jotzen zuenean. Goizean, Kraig gelakideari ez zitzaizkion izarak pegatzen, 06:30erako jaikitzen zen, eta ni ere haren atzetik; gainera, pare bat egunetan, etxe aurreko hondartzan bainatzeko ere aprobetxatu nuen, eta eguna hasteko era ederra izan zen.

Astebetean, Knoydarten, inguruko uharteetan (Eigge-n, Rum-en eta Skye-n) eta herrixketan (Inverien eta Airor-en) ibili ginen, eta, horretarako, garrantzitsua izan zen garraio azpiegitura egokia, eta, batez ere, Marie Doune itsasontzia. Ibilaldi guztietan ere, ingurua edo jokalekua desberdina, baina antzeko protagonistak: eguraldi aldakorra, eguzkia (gutxitan) eta euria (egunero!), eta, bien artean, sarritan, Erromako zubiak; mendian edo erreka-bazterretan, aterpe edo babeslekurik ez, eta mela-mela eginda bukatu genuen sarritan. Bide ugari ibili genituen, eta, gehienetan, hasieran bidezidorra genuena gero mehetu eta desagertu egiten zitzaigun oinpean, eta, aldi berean, mila bide sortu, gogoaren arabera, zapaldu orduko putzu bihurtzen zitzaigun belarretan. Askotan akordatu nintzen Xalbadorren alaba bati entzundako pasadizoarekin; Urepelen, etxean, eguraldi txarraz gogaituta, esan zion aitari: «Noiz arte egon behar dugu horrela, hodeien azpian? Noiz egingo digu eguraldi ederra?», eta aitak, zeruko urdingune txiki bat seinalatuz: «Begira ezazu han, baduzu zeru urdin pixka bat. Ikasi behar duzu zeru urdin txiki horiei begiratzen». Knoydarten badaude urdinguneak, eta eguraldi txarra ere ederra da.

Knoydart penintsula ohiko bideetatik bazterrean geratzen da, propio joan beharra dago hara, eta horrek areagotu egiten du ia berezkoa duen bakardadea. Jende gutxi bizi da han, gehienak etxalde sakabanatuetan, eta eraikin gehienak itsasertzean daude; askok hondar zurizko edo harri biribilezko hondartzatxoak dauzkate aurrealdean, eguzkitik umezurtz. Animaliak ere ez dira gurean bezain ugariak, baina bai bereziak, eta berehala betetzen dizkizute begiak uretan jolasti dabiltzan izurdeek, haitzetan deskantsuan dauden itsas txakurrek, 30 metroko altueratik geziak bezala arrain bila murgiltzen diren zangek, etxe atariraino hurbiltzen diren oreinek… Ingurua gogorra da bizitzeko, eta biziak are gehiago nabarmentzen dira natura basati hartan.

Euria putzuan bezala, pilatuz joan zitzaizkidan ingurua definitzeko hitz batzuk: kolore ilunak (grisa, berdea, urdina…), baina argitasun handia; basatia bezain ederra; bakartia eta aldakorra… Lehorrean, landaredi berdea nagusi, haitz beltz edo marroiekin batera, eta ura bazter guztietan; gainera, haitzaren gainean labainduta, tonalitate hori-marroixka hartzen dute errekek. Knoydarten badago zer ikusi, usaindu, entzun, ibili, ikasi, ukitu, sentitu… Denbora ere desberdin pasatzen da, ez dagoelako egunerokoa markatzeko erloju edo kanpairik, eta hobeto apreziatzen da.

Ibilaldietan, Gordonek azalpen ugari eman zizkigun inguruaz: geologia, landareak, animaliak, hangoen bizimodua eta ohiturak… Baina aitor dezadan: gutxi batzuk baino ez nituen neureganatu, eta Daniele suitzarrari esker gehienetan, hura izan bainuen komunikaziorako makulu nagusi, gaztelaniaz zekiela eta; 140 karaktere inguruko txioetan laburtzen zizkidan Gordonen esplikazioak. Tarteka, tokatu zitzaidan gaztelania irakatsi beharra, batez ere Sophie australiarrari, Andaluziara joatekoa zenez, «española» ikasi nahi zuelako; «Imanolo, tu profesor mío», esan zidan, eta ahalegindu nintzen zerbait erakusten, baita euskarazko hitzak ere; hori bai: garbi utzi nion «Oso ondo!» ez ziotela ulertuko Malagan. Gogoan daukat azken egunean Gordonek bota zidan eztenkada, barrea hortz tartean: «Uste dut taldekideek gaztelania gehiago ikasi dutela zuk ingelesa baino».

'After'

Ohiko bizimoduaren gurpilari lotuta, aspaldian ahaztuta neukan zenbateko arrastoa uzten duten ohiz kanpoko bizipen sakonek, eta Eskoziakoek halakoak utzi dizkidate. Horrelakoetan, komeni izaten da egun batzuk pasatzen uztea, gauzak bere onera etortzeko eta hobeto ikusteko, eta halaxe egin dut Knoydarteko bidaiarekin.

Glasgowra iristear, trenean, agurtzeko unea iritsirik, Danieleri adierazi nion atsekabetuta nengoela, eta ondo gogoan daukat haren erantzuna: «Despedidak ezin dira izan tristeak. Lagunekin gertatzen da mendiekin bezala: lautadatik eta urrunetik hobeto ikusten eta apreziatzen dira bertatik baino». Nik horrelaxe begiratzen diet Eskozian iragandako egun zoragarri haiei, eta, lagunak gogoan, urrunean ikusten dut Knoydart, eder, urrun, basati…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.