Migrazioa

Mugan dauden migratzaileekiko ardura galdegin diete erakundeei

Donostian eta Irunen herritarrak ari dira babes sareak osatzen. SOS Arrazakeriak galdetu du ea instituzioak «oporretan» dauden

Dozenaka migratzaile eta babes sareko kide elkartu ziren atzo Donostiako udaletxearen aurrean. EZKER ANITZA.
Samara Velte.
2018ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Egunotan, migratzaileentzako kale itsu bihurtzen ari da Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga. Gero eta sarriago ikus daitezke hegoaldetik heldutako pertsonak Irungo geltoki inguruan (Gipuzkoa), muga gurutzatzeko zain edota handik indarrez itzularazita. Askok bertan igarotzen dute gaua, urriegiak direlako erakunde publikoek harrera leku gisa prestatutako tokiak. «Aparteko egoera» horretan ezohiko neurririk ez hartzea leporatu diete hainbat elkartek instituzioei.

Donostiako egoera ere antzekoa da, Irunera doazen migratzaile asko lehenbizi bertara joaten baitira. Zenbait egoera larriren berri eman du Hiriburuko Harrera Sare Herritarrak —besteak beste SOS Arrazakeria eta Helduak elkarteek osatzen dute—: Gurutze Gorriak Zorroaga auzoan kudeatzen duen aterpean, adibidez, babes hartutako 40 lagun ingururi egun batetik bestera aterpea uzteko agindu diete, salatu duenez. Haietako batzuk bezperan iritsiak ziren bertara; bik «artatu gabeko zauri larriak» zeuzkaten, eta boluntarioek ospitalera eraman dituzte. Hainbat herritarrek eta EH Bilduk salatu dutenez, kasu batean Osakidetzak laguntzaileen datu pertsonalak eskatu ditu faktura egiteko, osasun arreta unibertsala berrezartzen duen dekretua joan den astean indarrean sartu zen arren; ospitalean argudiatu dute ez daukatela «halako kasuetarako protokolorik».

Harrera sarearen arabera, Zorroagako aterpetik bota dituzten hogei lagun inguruk muga gurutzatzeko asmoa zeukaten, baina baziren bertan geratzeko asmoa zutenak ere, «senideak eta ezagunak» dauzkatelako. Horiei ere «ez diete galdetu nora joan nahi duten, eta autobus batean sartu dituzte ezer esan gabe».

Sareak protesta egin zuen atzo goizean Donostiako udaletxean, Zorroagako migratzaileak bertan zirela: azpiegitura hobeak jartzeko eskatu zien udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta migratzaileei gutxienez bost egunez aterpeetan geratzen uzteko, aldundiak agindu moduan. Ezker Anitza alderdiak jakinarazi duenez, udal gobernuko bi zinegotzi ere atera ziren orduan udaletxetik —EAJ eta PSE-EEkoak—, eta adierazi zuten ez zekitela, «egoerari zein eskura dauden baliabideei dagokienez».

Irun, «gainezka»

Boluntarioek Irunera lagundu zieten muga gurutzatzeko asmoa zutenei. Baina bertako harrera sareak salatu du han «gainezka» egin duela egoerak. Atzo, 30 pertsona inguruk egin zuten lo geltokian, eta egunean zehar gehiago batu ziren, beste herrietatik helduta edota jendarmeek mugan kanporatuta. Bidasoaldeko SOS Arrazakeriak azaldu duenez, batez ere herritarrak arduratu dira egoeraz: eskualdeko hainbat elkarte koordinatu dira migratzaileentzako jatorduak antolatzeko, baina udalaren aldetik «erantzunik ez» dute jaso. Udalak neguko aterpea zabaldu du hogei lagunentzat. Babes sarearentzat, ordea, ez da aski: «Aparteko egoeretan ikusten da udal baten eraginkortasuna».

Migratzaileen arretarako Gipuzkoako koordinazio mahai instituzionalak kritika horiek apaldu nahi izan ditu, argudiatuz «pertsona guztiek» jasotzen dutela Gurutze Gorriaren arreta. Erakunde horrek, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako diputazioak eta Donostiako eta Irungo udalek osatzen dute mahaia. Ohar bidez adierazi dutenez, gaur egun harrerako 50 leku daude Gipuzkoan, eta beste hogei eskaintzeko moduan dira. Bertan geratzeko asmoa agertzen dutenei «baliabideak eskaintzeko lanetan» dihardutela ere argudiatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.