Desgaitasunez hitz egiteko gaituz

Edekak gida bat ondu du hedabideentzat, elbarritasunen bat dutenekin eta haiei buruz nola hitz egin jakiteko. Eskatu dute kontuan hartzeko desgaitasuna beste ezaugarri bat dela, ez bakarra

Soria eta Goikoetxea gida aurkezten, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Desgaitua edo desgaitasunen bat duen pertsona? Autista edo autismoa duen pertsona? Integrazioa edo inklusioa? Galderak eta zalantzak bata bestearen atzetik etorri ohi dira elbarritasunen bat dutenez hitz egitean eta idaztean. Horiek argitzeko zenbait gomendio emate aldera, komunikabideentzako gida bat ondu du Edekak, desgaitasunen bat dutenen ordezkarien euskal koordinakundeak: Nola hitz egin desgaitasuna duten pertsonei buruz. Komunikaziotik eraikitzeko gakoak. Atzo aurkeztu zuten, Donostian. Bertan izan ziren, besteak beste, Edekako presidente Aitor Bedialauneta, Fevas elkarteko Lucia Soria eta Fevaspaceko Sebasten Goikoetxea, baita Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal ere.

Superheroi gisa, edo, kontrara, paternalismoz. Zenbaitetan bi modu horietara tratatzen dituzte komunikabideek desgaitasunen bat dutenak, hizlariek azaldu dutenez. Horrenbestez, kuantitatiboki eta kualitatiboki hedabideetan ematen dieten tratua doitu beharra nabari dute. Izan ere, irizten diote hedabideek balio dutela iritzi publikoa eta pentsaera sortzeko, baita zenbait balio indartzeko ere.

Egoeraz ohartarazteko, datu batzuk eman dituzte. Katalunian 2017an egindako ikerketa baten arabera —uste dute Euskal Herrirako ere balio duela—, herritarren %8k desgaitasunen bat dute; alabaina, komunikabideetan eta elkarrizketetan eta eztabaidetan ageri direnen %1,3 dira, eta albistegietan azaltzen direnen %0,4. Emakumeak are baztertuago daude: desgaitasunen bat duen pertsona bat agertzen denean, kasuen herenetan dira emakumeak.

Hori kopuruari dagokiona da. Eta kualitatiboki zer tratu ematen diete komunikabideek? Agertzen direnean ere kolektibo «homogeneo» edo «pasibo» gisa irudikatzen dituzte, eta, pertsonan bainoago, haien desgaitasunean jarri ohi dute arreta, Soriaren esanetan.

Goikoetxeak xehatu du nolako trataera ematen dieten oro har gizartean eta hedabideetan: lerratua izaten da —desgaitasunean eta haren ezaugarri berezigarrietan zentratua—; ez dira eguneroko bizitzaren testuinguruan irudikatzen, eta batzuetan sentsazionalista izaten da, «estereotipatua eta aurreiritziz betea», besteak beste.

Hamaika aholku

Behin egungo egoera mahai gainean jarrita, aldatzeko gakoak eman dituzte, gida batean josita. Hasteko, iruditzen zaie kontuan hartu behar dela desgaitasuna bizitzako beste ezaugarri bat dela, eta ez lukeela desgaitasunen bat dutenek egiten dituzten gainerako ekarpenak ezkutatu beharko: «Horrenbestez, desgaitasuna duten pertsonen partaidetza normalizatuko dugu informazio agendako esparru guztietan eta kontakizun mota guztietan, eta ez soilik baldintza horrekin lotutako gaietan». Eta jaso dute «hala dagokionean» soilik aipatu behar dela elbarritasunen bat duela. Gainera, adierazi dute nazioarteko egunetatik harago joanda desgaitasunari buruzko «informazio agenda» zabaldu behar dela.

Gomendio zehatzagoak ere eman dituzte hizlariek, hala nola desgaitasuna duen pertsona erabiltzea, eta ez desgaitua; sufritzen du edo jasaten du esan beharrean, dauka esatea; integrazio hitzaren partez inklusio erabiltzea; eta gurpil aulki batean eserita dagoela adierazi ordez, gurpil aulki batean ibiltzen dela adieraztea.

Hitzari ez ezik, irudiari ere arreta jarri behar zaiola nabarmendu dute. Horretarako, aholkatu dute irudi sentsazionalistak ez erabiltzeko, ezta duintasuna arriskuan jar dezaketenak ere. Halaber, eskatu dute «gehiegi» ez erabiltzeko gurpil aulkiak, makuluak, bastoiak edo antzekoak ageri diren irudiak, baita zeinu hizkuntzako interpreteari «protagonismorik» ez emateko ere. Laburbilduz, kontrakoa egin behar dela: «Ikus-entzunezko baliabideak erabiliko ditugu desgaitasuna duten pertsonen aniztasuna, aberastasuna eta gaitasunak ikusgai jartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.