Bortxa matxista jasandako andre bat eta hiru adingabe kaleratu dituzte Barakaldon

Jaurlaritzari eta udalari araudia urratzea leporatu diete Argitan eta Berri Otxoak taldeek, beste bizitokirik izan gabe egotzi dutelako familia hori

Elkarretaratzea egin zuten, atzo, andrearen atariaren aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Erredakzioa
2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Hogei bat lagun bildu ziren atzo goizean Barakaldoko Lutxana auzoan (Bizkaian), etxe kaleratze bat eragozteko, baina ez zuten helburua lortu, eta, azkenean, Ertzaintzak bizitokitik atera zituen emakume bat eta hark bere kargupean dituen hiru seme-alaba adingabeak —5, 11 eta 14 urte dituzte—. Indarkeria matxista jasandakoa da andrea, Argitan emakumeen aholkularitza zentroak eta Berri-Otxoak bazterketaren aurkako taldeak salatu dutenez. Eragileok nabarmendu dute, gainera, Eusko Jaurlaritzaren Alokabide sozietate publikoak eskatuta egin dela etxe kaleratzea, eta ez Jaurlaritzak berak, ez Barakaldoko Udalak ez diola familia horri beste bizilekurik eskaini.

Orain bi aste pasatxo ohartarazi zuten bi elkarteek familia hori etxetik kaleratzeko arriskuaz. Argi utzi zuten egoera larrian zela emakumea: indarkeria matxistaren biktima da, urruntze agindu bat dauka, hiru adingabe ditu zaintzapean, eta «udaleko gizarte zerbitzuek eurek egiaztatua dute kaltebera dela». Izatez, Berri Otxoak eta Argitan taldeek azaldu dutenez, 2021eko maiatzean andreari «premiazko harrera» egin zioten, bortizkeria jasandako emakumeentzako babesleku batean; ordurako, indarrean zen kaleratze agindua, baina bertan behera utzi zuten; azken hilabeteetan berriz jarri dute martxan.

Eragileak bereziki kritiko mintzatu dira Jaurlaritzarekin eta Barakaldoko Udalarekin, eta etxe kaleratzeen inguruan indarrean dauden arauak urratzea leporatu diete. Batetik, gogora ekarri dute pandemiaren hasieran etxe kaleratzeen aurkako dekretuak eta protokoloak onartu zirela, eta horietan debekatu egin zutela adingabeak dituzten sendiak edota genero indarkeriaren biktimak egoztea, bestelako bizitokirik ez badute. Eta, hain justu, horixe gertatu zen atzo Barakaldon. «Udaleko gizarte zerbitzuek eta Jaurlaritzak ez diote bestelako bizitokirik eskaini emakume honi, legeak hala behartu arren; etxebizitza bat eskaini behar zaie, ez da nahikoa aterpetxe edo harrera zentro batekin», adierazi dute eragileok, ohar bidez.

Bestetik, nabarmendu dute Barakaldon berariazko protokoloak landu izan direla gaiarekin lotuta, 2013an Amaia Egañak bere buruaz beste egin eta gero. Orduan konpromiso batzuk hartu zituzten hainbat erakundek, eta berritu egin zituzten 2019an. «Bertan jasotzen zen instituzioek beste bizitoki duin bat eskaini behar zietela familiei, baina obligazio hori ez dute inoiz bete, orain Barakaldon ikusi denez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.