Pentsiodunen talde batek ez du babestu urtarrilaren 30eko greba deialdia

Bat egin dutenei leporatu diete ez dutela errespetatu mugimenduaren pluraltasuna. Uste dute pentsiodunek ezin dutela greba egin

Pentsiodun batzuk, hilaren 16an Bilbon egin zuten manifestazioan. M. D. V. / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 30erako Hego Euskal Herrian deitu duten greba deialdiak zatitu egin du pentsiodunen mugimendua. Hori agerian utzi nahi izan zuten atzo kide batzuek, Bilbon eginiko agerraldi batean. Adierazi dute ez dutela mobilizazioarekin bat egiten, eta egin dutenei leporatu diete «pluraltasuna» ez errespetatzea. Argitu dute, halaber, ez dutela talde bat osatzen, eta kaleratu duten agiria «norbanako gisa» sinatu dutela.

Mugimenduko beste kide batzuen hautua salatzearekin batera, azaldu dute ez dela «posible» pentsiodunek grebarekin bat egitea, «langileen eskubide bat delako». «Ez dituzte gure arazo berberak, ezta gure aldarrikapenak eta adierazpen moldeak ere, eta ez daude gure egoera berean». Hala ere, adierazi dute «sindikatu guztien» borroka moldeak errespetatzen dituztela, eta bat egiten dutela «pobreziaren eta desberdintasun sozialen» kontra «langile klaseak eta herritarrek» egiten dituzten aldarrikapenekin.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitu du grebara; hor biltzen dira ELA, LAB eta beste sindikatu eta gizarte talde eta eragile batzuk. Pentsiodunen mugimenduko kide batzuek ere bat egin dute mobilizazioarekin, eta horrek eragin du besteen haserrea. Haien ustez, mugimenduko kide guztien izenean egin dute hori, eta horrek «nahasmendua» sortu du. «Mugimenduaren barruan dagoen ildo baten ideia izan da, nahiz eta gu guztion izenean hitz egin duten», salatu dute agiriaren sinatzaileen bozeramaile gisa azaldu diren Jon Gorrotxategik eta Juanen Elubak.

Bozketarik ez

Agiriaren sinatzaileek mobilizazioa babestu dutenei egotzi diete «aldebakartasunez» jokatzea, «egia ez esatea», eta taldearen pluraltasuna aintzat ez hartzea. «Horrek ez du laguntzen mugimendua egonkortzen, eta gatazka sortzen du», azaldu du Gorrotxategik.

Elubak, berriz, salatu du kide batzuek mugimenduaren «zuzendaritza batzordea» izateko «tentazioa» dutela: «Baina oker dabiltza». Gaineratu du, halaber, mugimenduaren barruan greba babestu ala ez bozkatzea ere ez litzatekeela irtenbidea. «Hau ez da erakunde bat; gizarte mugimendu bat da. Gai honen inguruan iritzi asko daude, eta sentsibilitate ugari».

Gorrotxategik eta Elubak azpimarratu dute agerraldiaren helburua dela «egoera bideratzea»,beste talde eta eragileekiko «independentzia» mantentzea eta mugimenduaren batasuna «berreskuratzea»: «Akordioaren eta bat egiteen bidera itzuli nahi dugu». Hori dela eta, azaldu dute hilaren 12an eta 16an hurrenez hurren Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean pentsiodunen mugimenduak egingo dituen mobilizazioetan izango direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.