Protestara deitu dute Zarautzen eta Hernanin, sexu erasoak salatzeko

Ezker mugimenduaren barnekoak dira salaturiko sexu erasoak. Zarautzen, erasoa jasan duenak salatu du Sorturen «babesik gabe» sentitu dela

Sexu erasoen aurkako martxa bat, Zarautzen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Maider Galardi
2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun

Ezker mugimenduan gertatutako sexu erasoak deitoratzeko elkarretaratzeak antolatu dituzte gaur Hernanin eta Zarautzen (Gipuzkoa). Erasoak ez dira orain salatu, baina mugimendu barruan egindako prozesuen ostean erabaki dute mobilizaziora deitzea. Edonola ere, Hernaniko eta Zarauzko protestek ez dute abiapuntu bera. Izan ere, erasoa jasandako emakumea Sorturen «babesik gabe» sentitu dela salatzeko deitu dute Zarauzko protestara herriko hainbat eragilek. Hernanikoa, berriz, koordinakunde feministak antolatu du.

Zarauzko Hitza-n kaleratutako gutun batean salatu dute herriko hainbat eragilek eta norbanakok bertan gertatutakoa. Arrano tabernako —herriko taberna da— emakumezko langile bati joan den abenduan egindako eraso baten berri eman dute, eta salatu dute Sortuk hartutako neurriak ez direla nahikoak izan. Gutunaren arabera, emakumeak ez zuen erasotzailearen izenik eman hasieran, gizonezkoa «etxekoa» eta «gertukoa» zelako. Gerora, ordea, erasoa salatu eta barne prozesu bat abiarazi zuten, Sortu tarteko —sexu erasoak bere militanteek egiten edo jasaten badituzte, edota bere guneetan gertatzen badira, protokolo bat abiarazten du ezker abertzaleak—.

Emakumeak salatu zuenez, Arranon lanean ari zela, gau batean gizona barra barrura sartu zen eta gerritik eta ipurditik heldu zion. Erasotzailearen lagun batek bereizi zituen, baina, taberna ixtean ere gizonezkoak emakumearen atzetik jarraitu zuen, gutunean azaldu dutenez. Heldu, eta «nora zoaz», «zurekin noa» eta gisakoak errepikatu zizkion, harik eta lagunak berriz ere banandu zituen arte.

Erasoa ezker abertzalearen gune batean gertatu denez, eta, erasotzailea ezker abertzaleko kidea denez, sexu erasoen aurkako protokoloa abiarazi zuen Sortuk. Andreak, ordea, salatu du «babesik gabe» sentitu dela prozesuak iraun bitartean. Gutunean salatu dute emakumeari ez diotela arreta psikologikorik eskaini, eta ez dizkiotela «argi adierazi» protokoloaren nondik norakoak. Era berean, nabarmendu dute gaia kudeatzeko mahaira ez dituztela gonbidatu emakumea jarduten den herriko beste eragile batzuk —gazte asanblada, esaterako—. Orain, prozesua etenda dago.

Sortuk, berriz, azpimarratu du erasoa izan zenean bertan abian jarri zutela protokoloa, eta erasoa jasan duen andrearekin adostuta egin dituztela urratsak. Hori dela eta, erasotzailea kanporatu zuten gunetik eta mugimendutik, eta egun ere kanpo segitzen duela baieztatu dute. Erasoaren larritasuna «aitortzen» dutela jakinarazi dute, eta Zarauzko beste zenbait eragilerekin ere lan egin dutela, tartean, mugimendu feministarekin. Horiek horrela, protokoloari heldu diotela jakinarazi dute: «Bide horretan, hutsune eta zailtasunak izanagatik, urratsak egiten ari gara. Besteak beste, indarkeria matxisten kudeaketarako barne protokoloa dugu tresnatzat duela pare bat hamarkadatik. Zehazki, azken urtean egokitu eta berritu dugu». Gaurko elkarretaratzearekin bat egin du Sortuk, baina deitoratu du auzia «ezker abertzalearen izena eta izana zikintzeko» baliatu izana, «tartean gezurrak erabilita».

Prozesu propioa Hernanin

Hernanin, berriz, prozesu baten ondoren erabaki dute protestara deitzea; hortaz, erasoak lehenago salatu zituzten, baina orain argitara ematea erabaki du Hernaniko Koordinakunde Feministak. Han ere erasotzailea «gertukoa» dela nabarmendu dute: «Ez da txotx garaian etorritako gizon bat, baizik eta gure komunitateko kide bat. Eraso dien emakumeek aurretik ezagutzen zuten, eta, gerora, haiengandik gertu egon izan da, eta, hala, haien ezinegona areagotu du». Horregatik, «haserre» daudela ohartarazi dute, eta, gertatutakoa «publikoki eta kalean» salatu nahi dutela azpimarratu. Hain justu, 19:00etan izango da gaur elkarretaratzea, Ezkiaga pasealekuan. Zarauzko protesta, berriz, 20:00etan, Udaletxe plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.