Bruselak legatzaren kuota %14 txikitu nahi du 2019an Kantauriko uretan

EBk bosgarren urtez jarraian txikitu nahi du legatzaren kuota hego stockean. Urtarriletik aurrera ezingo dira arrainak itsasoan baztertu

Arrantzontzi bat Getariako portura sartzen. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Bosgarren urtez jarraian, Europako Batzordeak murriztu egin nahi du legatza arrantzatzeko kuota Kantauri itsasoan. Azken erabakia abenduaren 17an eta 18an hartuko dute Europako Batasuneko Arrantza ministroek, baina Europako Batzordeak dagoeneko atzo aurreratu zuen zein den bere proposamena, eta horren inguruan egingo dituzte negoziazioak datozen asteetan, abenduan ados jartzeko. Bruselak %14 apaldu nahi du legatzaren arrantza kuota 2019rako. Hala erabakiko balitz, bosgarren urtez apalduko litzateke espezie horren kuota; iaz, esaterako, %12 txikitu zuen Kantauri itsasoan, eta neurriak bereziki baxurako arrantzan ibiltzen diren Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzontzi txikiei egin zien kalte.

Aurten ere, haientzat da kolpea. Ez, ostera, alturakoentzat. Izan ere, Bruselak legatzarentzat proposatutako %14ko apaltzea hego stockerako da bakarrik, hau da, Kantauriko uretarako. Aldiz, ipar stockean arrain espezie horren arrantza kuota %23 handitzea proposatu du. Kantauri itsasoko murrizketak bezala, ipar stockeko igoerak ere badu garrantzia euskal arrantzaleentzat, ipar stocka osatzen baitute Bizkaiko golkoak eta Sole Handiak, eta bi-bietan egiten dute arrantza alturako euskal itsasontziek.

Legatzaren kuotaren igoera albiste ona da haientzat, baina badute beste buruko min handi bat: brexit-a. Martxoaren 29a gero eta gertuago dago, eta Erresuma Batuak eta Europako Batasunak dibortzioaren inguruko itunik lortzen ez badute egun hori baino lehen, airean dago zer gertatuko ote den Erresuma Batuko uretan arrantzatzen duten itsasontzi europarrekin, tartean Euskal Herrikoak.

Zuzeneko kalteak baino gehiago kezkatzen dute sektorea zeharkako kalteek —bakarrik arrasteko Bizkaiko bi ontzik arrantzatzen dute Rocallen: nagusiki oilarra, legatza eta zapoa—. Haustura gogor batek EBko kuoten banaketa alda dezake, Erresuma Batuak arrantza kuota handiak dituelako: EBko kuoten %30, nahiz eta ur azalera %13 baino ez izan. Kuotak gutxitu egin daitezke batasunean geratzen direnentzat, eta kasu horretan kaltea alturakoentzat eta baxurakoentzat izango litzateke, ia espezie guztiei eragingo liekeelako aldaketak.

Londresera begira

Gainera, han arrantzatu ez arren, hemengo itsasontzi batzuek badituzte Britainiako kaletako kuotak, gero hangoekin beste kala batzuetakoen truke aldatzen dituztenak. Martxoaren 29rako itunik lortzen ez bada, trukerako aukera ere gal daiteke. Gaur-gaurkoz, airean eta zehaztugabe daude brexit-aren balizko eraginak.

Bitartean, Bruselak arrantza kuoten ohiko eskemarekin egin ditu datorren urterako banaketaren proposamenak. Legatza ez beste espeziei dagokienez, Bruselak murriztu egin nahi du itsas zapoaren kuota (-%7 Bizkaiko golkoan eta -%2 Sole Handian); zigalaren arrantza debekatuta mantendu nahi du Kantauriko uretan; eta debekatu egin nahi du platuxa Sole Handian.

Era berean, ipar stockean legatzaren kuota %23 handitzeko proposamenarekin batera, Bruselak zapoaren kuota %2 handitu nahi du Iberiar uretan —Kantauri itsasoan, Portugalgo uretan eta Cadizko golkoan—; bakailaoarena %6 handitu nahi du Irlandako uretan; txitxarroarena %20 handitu nahi du Sole Handian, %18 Kantauri itsasoan eta %69 Cadizko golkoan; azkenik, oilarraren kuotaren maila ere igo nahi du Iberiar uretan (%35) eta Bizkaiko golkoan (%40).

Datorren urterako behin betiko kuotak abenduaren 17-18an adostuko dituzte, eta, gaurtik ordura bitarte, negoziazio betean sartuko dira EBko herrialdeak eta Europako Batzordea. Edonola ere, kuota banaketa edozein dela ere, argi dagoena da 2019ko urtarrilaren 1az geroztik indarrean sartuko dela arrain bazterketen debekua. Debekatuta egongo da nahi ez diren arrainak ontzitik itsasora botatzea, eta 2019tik aurrera porturatu egin beharko dira arrain txikiegiak ere; hori bai, ezingo dira saldu giza kontsumorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.