Bezeroen erdiak Virgin markapekoak izango ditu Euskaltelek bost urte barru

Telefono konpainiak %6 igo nahi du emaitza gordina urtero datozen bost urteetan, eta 1.300 milioi euroren salmentak lortu 2025erako

Xabier Iturbe presidentea eta Jose Miguel Garcia kontseilari ordezkaria. M.R. / FOKU.
xabier martin
2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Euskaltelen diru sarrerak 685 milioi eurorenak izan ziren 2019ko ekitaldian; bada, 1.300 milioi eurora iritsiko dira bost urte barru, Miguel Angel Garciak gidatzen duen enpresaren hedatzea aurreikusi bezala ateraz gero. Erresuma Batuko Zegona funtsak konpainia laranjaren leman jarritako gizonak uste du Euskaltel urtero %6 haziko dela emaitza gordinean, eta 345 milioietatik 500 milioi euro ingurura iritsiko direla salmentak datorren urterako jada. Espainiako hedatzeari esker, «eta kostu eraginkortasunari esker», espero dute kutxa jarioa gutxienez 240 milioi eta gehienez 280 milioi eurokoa izatea 2025. urterako; hau da, 2019an baino %60 handiagoa. Hala, bost urte barru, salmenten %40 Espainiako merkatu berrietatik etorriko direla aurreikusi du enpresak, Virgin markapean. Bezero guztien erdiak izango dira marka horren bidez erakarritakoak.

Halaber, Virginen bidez egingo duten zabaltzeari esker, telekomunikazio finkoen bezeroen egungo kopurua halako 2,3 bihurtzea nahi du taldeak; alegia, 1,5 milioi bezerotik gora edukitzea bost urtean. Gainera, sakelakoen zerbitzu kontratuei dagokienez, hiru milioi baino gehiago izango dira: gaur egungo kopurua halako hiru.

Euskalteleko kontseilari ordezkariak taldearen 2020-2025 Negozio Planaren gakoak aurkeztu zizkien inbertitzaileei, atzo. Datozen urteetan finantza eta negozio nagusiak hazi egingo direla esan zien; «hazkunde hori errentagarria izango da, eta, funtsean, hedatze nazionalean izango du oinarria», konpainiak jakinarazi duenez. Euskaltelek 2020ko bigarren hiruhilekoan ekingo dio hedatze horri, «iparraldeko merkatu naturaletik harago»; Euskal Herrian, Asturiasen eta Galizian «oinarri sendoa» duela gogoratu zuen konpainiak, Euskaltel, R eta Telecable markei esker.

Espainia osorako jauziarekin, merkatuaren «beste %85era» iritsi nahi du Garciak, eta 18,4 milioi etxeri zerbitzua eman. «Hedapen plan horren bidez, hazkunde errentagarrirako aukera berriak izango ditugu, eta horretan oinarrituko da konpainiaren bilakaera positiboa».

Berretsi zuen egungo bezero oinarria bikoiztu baino gehiago egingo dela, bai finkoko zerbitzuetan, bai sakelako zerbitzuetan. Finkoko bezeroak 1,5 milioitik gora izatea espero du, 800.000 bezero berri gehituta; halaber, Garciak uste du bezeroen erdiak egungo merkatuetako erabiltzaileak izango direla, eta beste erdia hedapenak ekarriko dituen bezero berriek osatuko dutela, alegia Virgin markapekoek.

Nola finkoko hala sakelako bezeroen hazkundearen ondorioz, diru sarrerak ia bikoiztu egingo dira datozen bost urteetan, eta diru sarrerak 1.300 milioi eurora iritsiko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.