Estitxu Zabala.
Arrauna. «BIKIN GORA!»

Hasierak

2017ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Lehen begirada, lehen elkarrizketa, lehen laztana, lehen musua... bikote harremanen hasierak politak izaten direla diote; baina hasierak dira, besterik ez. Jarraipen onik ez badute, hasiera polit batean geratuko dira, oroitzapen on bat gordeko dugu, besterik gabe: «Zein ongi pasatu genuen», «zein ona izan zen hasiera»... besterik ez. Aurrean dugunaren onena ikusiko dugu hasieran, maitasunez itsututa jokatuko dugu, baina akatsak agertuko dira ondoren. Dena ez da polita izango, dena ez da perfektua izango... ez zaizkigu hainbeste gustatuko ondokoaren alderdi batzuk; hasieran ezagutzen ez genituenak izan daitezke, agerian ez zeudenak, edo garrantzirik ematen ez genienak. Hasiera on bat izatea oso garrantzitsua da, baina denok ezagutuko ditugu ongi hasi eta gaizki amaitu duten bikoteak; edo nola hala hasi, eta zoriontsu izan direnak. Izugarria irudiko zaigu hasiera agian, baina zoriontasunak irautea nahi badugu, lanean jarraitu beharra dago, bakoitzaren onena ematen, talde lanean, aitzakiarik gabe, elkarrekin arraun eginez.

Lehen palada, lehen ergometro saioa, lehen ur tragoa, lehen izerdi tantoa... iritsi da, jokatu dugu: ligako lehen estropada. Hasi da Gipuzkoako Liga, hasi dira ere KAE mailako bi ligak. Pasai Donibanera joan ziren Deustu eta Erandioko banderak; Santurtzik etxean lortu zuen garaipena. Lehen puntu banaketa egina dago; batzuk pozik egongo dira, eta beste batzuk ez hainbeste. Hasierak dira, besterik ez. Ongi hastea garrantzitsua da, baina hemen ez du inork amore emango, eta lanean jarraitzea izango da gakoa, talde lanean.

Askotan entzun dut esaldi hau aurten, eta gogoko dut: «Hainbeste ordu eskaintzen badizkiogu, gauzak ongi egiteko da, bestela, alferrik ari gara». Hasiera izan da, besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.