Adegik Enpresa Kultura Berriaz zipriztindu nahi ditu ikasleak

Unibertsitateko, DBHko eta LHko mila ikasle eta 50 enpresa elkartuko dira NewCulturers Gunea eta Industria Eguna ekitaldietan

Deustuko trainerua Adegi bandera jokatzen, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
Donostia
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Gipuzkoako patronalak «traineru estiloko enpresak» nola aritzen diren erakutsi nahi die luze gabe lan merkatuan egongo diren ikasleei, eta Enpresa Kultura Berriaren ereduan murgilduta dabiltzan 26 enpresaren «testigantzak» eramango ditu Donostiako Tabakalerara, urriaren 16an, unibertsitarioek haiek entzun ditzaten. NewCulturers Gunea deitu duen ekitaldian, Deustu, Mondragon, EHU eta Nafarroako Unibertsitateko 400 bat ikasle elkartuko ditu Adegik aspaldian bultzatzen ari den lan harremanen ereduarekin jarduten duten enpresekin.

Hala, ingeniaritza, informatika, enpresa ikasketak eta halako atal teknikoetan ari diren ikasleek goiz osoko jarduna izango dute Enpresa Kultura Berria eta hura oinarri duten hainbat enpresa hobeto ezagutzeko; eta ekitaldi bukaeran, enpresek aukera izango dute hirugarren eta laugarren mailako eta master ikasleak modu lasaiagoan ezagutzeko. Hartu-eman hori «ez da enplegu azoka bat izango», ohartarazi zuen Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendariak, atzo, baina onartu zuen balioko duela enpresek bertatik bertara ezagut ditzaten ikasleen balioak eta dohainak.

Izan ere, Adegik kezkaturik jarraitzen du enpresek ez dituztelako behar dituzten profesionalen soslaiak behar bezain erraz aurkitzen; lan merkatuan soslai zehatzak falta direla errepikatu zuen berriro patronalak, «teknikoagoak», eta NewCulturers Gunea, eta aurretik egingo den Industria Eguna ere, enpresen saio jakin batean kokatu zituen «ikasleek atal teknikora bideratzeko». Bakarrik hamarretik hiruk egiten dute ikasketa horien aldeko hautua, Eduardo Junkera Adegiko presidenteak azaldu zuenez, eta enpresak zerbait egiten hasi beharra daukala gaineratu zuen.

Saria: arraun egitea

NewCulturers Guneak helburu nagusi bat izango du: Adegik sustatzen duen eta sindikatu gehienek gogor salatzen duten ereduaren berri ematea zuzenean lan merkatuan sartzera doazen ikasleei. «Solasaldi inspiratzailea emango diegu», esplikatu zuen Juan Manzisidor Adegiko Enpresa Zuzendariak. Julian Iantzik gidatuko duen ekitaldia «ikasleen neurrira» izango dela aurreratu zuen, eta hainbat erronka jarriko dizkietela unibertsitarioei, betiere «gizartean eta gero enpresan aplikatu daitezkeen jarrera eta balioen inguruan». Traineru batean arraun egiteko aukera ematea izango da Adegiren saria talde irabazlearentzat. Enpresa parte hartzaileek ere beren sariak emango dituzte; horietako bat, esaterako, ikasle bat nazioarteko azoka batera eramatea izango da,enpresa baten ordezkaritza batekin batera.

Ikasleek eta enpresek elkarren berri bertatik bertara izateko helburu horretan, Industria Eguna egingo du Adegik aurretik. Hilaren 30ean, Kursaalean, hogei ikastetxetako 550 ikaslek parte hartuko dute ekitaldi horretan, DBHko 4 mailakoak eta Lanbide Heziketakoak. Kursaalera joan aurretik, Gipuzkoako hogei enpresari bisita egingo diete atal teknikoetan ari diren ikasleek.

Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburua ariko da hizlari Industria Egunean, baita Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eduardo Junkera Adegiko presidentea bera ere. Ikasle gazte horiek ere Gipuzkoako industria enpresen errealitatea ezagut dezaten nahi du patronalak, eta, horren barruan, emakume ikasleak sektorera erakarri, «oraindik ere ez direlako behar bezainbeste sartzen», Junkeraren hitzetan;«sartzen direnean profesional bikainak direla erakusten dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.