Homofobia errealitate denean

Homofobiaren Ipar Euskal Herriko errealitatearen argazki bat atera du Les Bascos elkarteak, bere egoitzan errezibitu dituen salaketak oinarri hartuta. Eskolan, lanean eta egunerokoan, jazarpenaren adibide andana bildu dituzte. Homofobiaren biktima izan direnen lekukotasun zuzenak ere jaso ditu BERRIAk.

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2017ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Les Bascos LGTB elkartekoek ere ez zuten halakorik espero. Baionan duten Txalaparta egoitzan elkarteko gizarte laguntzaileekin harrera zerbitzu bat martxan jarri zutenetik, bi urte eta erdian 250 harreman izan dituzte, horietako 75 homofobia eta transfobia arazoei lotuak. «Anitz dela pentsa genezake, baina, egoeraren errealitatetik urruti gaude», azaldu du Beñat Gachen Les Bascos elkarteko presidenteak. Haren hitzetan, maila pertsonalean eta profesionalean, beste egoera askoren jakitun dira. «Buruargiak izan gaitezen: biktima anitzek, gazte eta ez hain gazte, zailtasun handienak dituztenek, ez dute egiten guregana biltzeko urratsa».

INPES Frantziako Osasun Prebentzio eta Heziketa Institutuaren arabera, gizon homosexual eta bisexualen artean beren buruaz beste egiten saiatzen direnen kopurua heterosexualena baino lau aldiz handiagoa da (%17). Gazteenen artean, kasik %30era iristen da kopurua. Les Bascos elkartean, eskola eremuan gertatutako zazpi kasuren berri izan dute. «Jazarpen fenomenoak, eskolagabetzeak, beren buruaz beste egiteko saiakerak eta arrisku hartze andana aurkitu ditugu, maleruski», kontatu du Philippe Casenave elkarteko gizarte laguntzaileak. Gaineratu du gurasoek ere «zailtasunak» izaten dituztela anitzetan, eta horiei ere harrera egiten dietela.

Lan eremukoak dira homofobia kasu anitz, eta hor ere jazarpen fenomenoak eta bakartze sentimenduak lotzen direla esplikatu du Casenavek, biktima «bere errua ote den» galdetzera eramaten dutenak. «Batzuetan, biktimak berak barneratua du homofobia hori, eta nahiago du dimititu, gertaerak salatu eta denen aurrean agertu baino». Gehienetan zuzendaritza egoeraren jakitun dela dio, eta ordezkari sindikalekin ere arazoak sortu izan direla aitortu du. «Aurreiritzi anitz dute, oraindik».

Sindikatuetako zuzendaritzek LGTB pertsonen eskubideen defentsa hartzen badute ere, enpresetako egunerokoan zailagoa da, Gachenen iritziz. «CGTko ordezkari sindikal batek kontatu zidan, zintzotasun osoz, orain dela urte batzuk gay pride-an parte hartzera joaten zenean CGTren itsasgarria jartzen zuela aski agerian, inork ez zezan pentsa homosexuala zela», oroitu du Casenavek.

Estereotipoek indar handia dute oraindik: homosexual baten babesa hartuz gero beraiek ere homosexualak direla pentsatzearen kezka dute anitzek, elkartekoen arabera. «Hori da egiazko bizia». Adibide zehatza eman du Gachenek: «Irakaslea naiz. Ikastetxean, astelehen goizarekin, familiarekin pasatutako asteburua kontatzen dute lankide guziek. Halako egoeran, ez baduzu hasieratik zure homosexualitatea agertzen, erran gabeko zerbait bilakatzen da. Denborarekin, gero eta zailagoa bilakatzen da isiltasun hori urratzea, eta biziki egoera zailak sor ditzake. Guregana etortzen diren anitz beren pertsonaren deseraikuntza prozesu batean dira».

Salaketa ematea bera zailtasun iturri da, eta anitzek ez dute nahi izaten, polizia etxean eginen dieten harreraren beldur. Biktimekin lan egiten dutenen formakuntza ekintzak beharrezko ikusten ditu Gachenek. Izan ere, Les Bascos elkartera jo duten batek baino gehiagok azaleratu dute eraso baten biktima izan eta zailtasunak izaten dituztela eraso horren ezaugarri homofoboa identifikatzeko.

Eskoletan eta elkarteekin prebentzio lana indartu nahi du Les Bascos elkarteak. Halaber, Txalaparta egoitzako harrera gunea indartzeko borondatea ere agertu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.