Irene Paredes. Paris Saint-Germaineko jokalaria

«Sasoi honetan gusturago eta lasaiago nago»

Belaunean min zuela jokatu du sasoiaren zati handi bat Irene Paredesek. Baina «txukun» aritu da. Erabat egokitu da klubera eta Paris inguruan bizitzera. Beste urtebeterako kontratua du, eta bertan titulu bat irabaztea du motibazio.

Irene Paredes, baloiarekin, Lyongo Eugenie Le Sommerrekin lehian. GEOFF CADDICK / EFE.
ainara arratibel gascon
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
«Esperientzia hau hazten laguntzen ari zait, bai pertsona moduan eta bai futbolari moduan. Jokalari gisa, beste lehiatzeko modu batera egokitzen jakin dut, eta pertsona gisa neure burua hobeto ezagutu dut. Ez da erraza etxekoengandik urrun bizitzea, baina ikasgai handia da». Irene Paredes Paris Saint-Germaineko erdiko atzelariak (Legazpi, Gipuzkoa, 1991) bigarren denboraldia betetzen ari da Parisko taldean, eta hala laburbildu du bere esperientzia.

Pozik al zaude sasoiarekin?

Oraindik gauza garrantzitsuak ditugu jokoan azken hilabete honetan. Txapeldunen Ligarako sailkatzeko eta Frantziako Kopa irabazteko aukerak ditugu, eta hori zen gure helburua. Gainontzean, pertsonalki, gustura nago. Sasoia ona izaten ari da.

Helburuak lortuko dituzuela uste duzu? Zein traza hartzen diozu?

Txapeldunen Ligarako sailkatzea da guretzat garrantzitsuena, eta, azken jardunaldietako emaitzak kontuan hartuta, erraztu egin zaigu bidea. Baina Lyonen, Bordeleren eta Soyauxen kontra jokatu behar dugu, besteak beste. Ez dira partida errazak. Baina baikor naiz. Gure esku dago, eta taldea sasoi onean eta gogoz dago. Amerika kopa jokatu ostean, Endrel txiletarra, eta Erika eta Formiga brasildarrak taldera itzuli dira. Funtsezkoa da sasoi amaiera honetan talde guztia prest izatea.

Denboraldi honetan lasaiago eta egokituago sentitu al zara?

Bai. Batetik, badakit nola funtzionatzen duen gure taldeak; eta, bestetik, baita txapelketak oro har ere: nolakoak diren aurkariak, zein maila dagoen, zein den jokatzeko erritmoa... Beraz, ezjakintasun horrek eragiten duen urduritasun edo ezinegon hori ez dut. Horrek gauzak lasaiago, gusturago eta hobeto egiten laguntzen dit. Lehen sasoian, gehien kostatu zitzaidana hemengo entrenamenduetako eta partidetako erritmora egokitzea izan zen. Adibidez, ez nengoen ohituta egunean bi lan saio egitera, edo astean bi partida jokatzera. Orain, ohituta nago. Gainera, Txapeldunen Liga jokatu ez dugunez, partida gutxiago jokatu ditugu, eta ez ditugu hainbeste lan sasoi bikoitz egin. Lasaiagoa izan da denboraldia.

Lehen sasoian baino hobeto aritu zarela uste duzu?

Ez nuke jakingo hori erantzuten.Izan ere, belaunean min hartuta egon naiz, eta hilabete askotan hala jokatu dut. Horrek ez dit nahi bezala jokatzen eta entrenatzen utzi. Beraz, sasoi txukuna egiten ari naizela esan dezaket, baina ez dakit aurrekoa baino hobea.

Sumatuko zenuten Txapeldunen Liga ez jokatzearen hutsunea, ezta?

Bai. Denboraldia hankamotz geratzen da. Are gehiago kontuan hartuta aurreko sasoian finalera iritsi ginela. Ziurrenik, orain balio handiagoa ematen zaio lortu genuenari. Denboraldia oso desberdina da, erritmoan, eguneroko martxan... Igartzen da hutsune hori. Jokalariontzat pizgarri bat da Txapeldunen Liga jokatzea. Indar eta ilusio handiagoa duzu.

Finala Lyonek eta Wolfsburgek jokatuko dute. Egungo txapelduna izanda, Lyon al da faboritoa?

Faboritoa bai, baina ez argia. Europako bi talderik onenak dira, eta oso final polita, irekia eta gogorra izango da. Edozer gauza gerta daiteke. Lyonek izan dezakeen abantaila txikia da: ohituago dagoela azken sasoietan finalak jokatzera, eta bere jokalariek hobeto kudeatu dezaketela presioa.

Zer falta zaizue zuei Lyon mendean hartzeko?

Lyonek denbora darama emakumeen futbolaren alde apustu egiten, eta munduko jokalari onenetakoak bertan ari dira jokatzen. Maila handiko bi hamaikako osatzeko taldea dute. Beraz, ez da erraza haien aurka lehiatzea. Gure kasuan, apustu horrek ez darama hainbeste denbora. Beraz, behar duguna da denbora pixka bat gehiago, eta apustu hori sendotuz joatea. Gero, etorriko dira emaitzak.

PSGk gizonezkoen taldeak gastatzen duen dirutza kontuan hartuta, ez al litzateke bidezkoa zuen taldean apustu handiagoa egitea?

Diruak ez dizkizu tituluak bermatzen. Baina argi dago laguntzen duela. Denei gustatuko litzaiguke diru gehiago inbertitzea. Dena den, uste dut nahikoa apustu handia egiten duela, eta horri heldu behar diogula hazten jarraitzeko. Bide onetik goaz.

Hamad al-Thani xekearekin egoteko aukera izan duzue?

Sasoi honetan ez dugu harekin harremanik izan. Aurreko sasoiko Txapeldunen Ligan, Printzeen Parkean Bartzelonaren aurka jokatu genuen finalerdietako partida ikusten aritu zen, baita Lyonen aurkako finala ere.

Nola bizi duzue gizonezkoen taldearen inguruan dagoen zurrunbiloa eta ikusmina?

Guretzat hori guztia ez da erreala. Beste mundu bat da, nahiz eta klub berean egon. Urruti geratzen zaigun zerbait da. Gizonen lehen taldearekin ez dugu harremanik. Nire kasuan, Yurirekin [Berchiche, Realeko jokalari ohia] bizpahiru mezu partekatu ditut sakelakotik. Ez besterik. Guk beste leku batean entrenatzen gara, eta gure azpiegitura eta baliabideak aparte ditugu. Egia da batzuetan aldenduta sentitzen garela apur bat, baina eskertzen dugu, egunerokoan lasaiago gaudelako.

Sari garrantzitsu bat ere lortu zenuen: 2017ko hamaikako onenean sartu zintuzten. Pozik egongo zara izendapen horrekin, ezta?

Bai. Egia esan, ez nuen espero, eta beti eskertzen dira halako sariak. Izan ere, nahiz eta bakoitzak ondo dakien egiten duen lana eta ematen ari den maila, halako aitortzek lagundu egiten dizute horretan jarraitzeko. Asko hunkitu nintzen. Espainiako selekzioarekin nengoela eman zidaten izendapenaren oroigarria. Oso ekitaldi berezia izan zen, selekzioko kide guztiak inguruan nituelako; eta, gainera, bideo bat ere jarri zidaten: familiaren, lagunen eta taldekideen mezuekin. Espero dut honek balio izatea emakumeen futbolari bultzada bat emateko.

Bi sasoirako berritu zenuen kontratua, 2019ko ekainera arte. Gustura zauden seinale, ezta?

Bai, oso gustura nago, eta nahiko nuke berriro ere Txapeldunen Ligara itzuli eta hiru txapelketak irabazteko lehiatu: Frantziako Liga, Kopa eta Txapeldunen Liga.

Etorkizunean gustatuko litzaizuke beste ligaren batean jokatzea?

Inoiz ezin duzu jakin zer gertatuko den, eta eguna iristen denean ikusiko dugu zein aukera dauden eta zer den niretzat aproposena. Ni beti prest nago erronka berriei heltzeko. Argi dagoena da hurrengo sasoian hemen segituko dudala. Gustatuko litzaidakePSGrekin titulu bat irabaztea, hori da nire motibazioa.

Ematen ari zaren mailarekin, ez zitzaizkizun eskaintzak faltako.

Nire nahia kontratua betetzea da. Gero entzungo dugu entzun beharrekoa. Ez dut eskaintza posibleetan pentsatu nahi.

Futbolari eta pertsona moduan zer ari zaizu ematen esperientzia hau?

Nik uste dut futbolari moduan hazi egin naizela, beste lehiatzeko modu bat ikusi eta ikasi dudalako, eta egokitzen jakin dudalako. Pertsona moduan bakarrik moldatzen ikasi dut, eta neure burua hobeto ezagutzen. Izan ere, ez da erraza etxekoengandik urrun egotea. Ikasgai handia da.

Zure bizimodua erabat antolatzea lortu duzu?

Bai. Atzerritar gehienak Paris kanpoaldeko herri batean bizi gara: Saint-Germain-en-Layen. Ez nuen ezagutzen, baina gustura nago. Bakarrik egonda, taldekideak inguruan bizitzea asko estimatzen dut. Hiriko zurrunbilotik urrun bizitzea asko eskertzen dut. Gainera, Paris hain gertu egonda, gogoa dudanean joateko aukera dut. Oraindik ez dut guztiz ezagutzen Paris, eta gustuko dut tarteka hango leku berriak deskubritzea. Dena den, iaz sarriago joaten nintzen. Orain, joaten naizenean, plana zehaztuta joan ohi naiz.

Zer gustatzen zaizu egitea denbora librea duzunean?

Taldekideekin leku berriak ezagutzea gustatzen zait, edo haiekin afari edo bazkariak egitea.

Frantsesarekin zer moduz moldatzen zara?

Egunerokoan moldatzen naiz. Oraindik eskolak jasotzen ari naiz, klubak jarritako irakaslearekin. Guri komeni zaigunean etortzen da etxera, eta oso erosoa da guretzat.

Gorputz Hezkuntza ikasi zenuen, eta Irakaskuntzako master bat duzu. Beste ezer ikasten ari zara orain?

Ez, oraintxe ez. Aurreko sasoian nahikoa nuen frantsesa ikastearekin. Honetan, berriz, nahiago izan dut lasaiago egon, eta esperientzia honetaz disfrutatu. Datorren sasoian, beharbada, hasiko naiz beste zerbaitekin. Hastekotan, irakaskuntzari lotutako beste zerbait izango da.

Jarraitzen ari zara Realaren eta Athleticen denboraldia. Nola ikusten ari zara bien jarduna?

Reala oso gaizki hasi zen, eta, gero, egoera hori irauli, eta eskura du Koparako sailkatzea. Hasi ziren moduan hasita, lorpen handia da. Uste dut Gonzalo Arkonadak egonkortasuna handia eman diola taldeari, proiektuari. Talde oso txukuna dauka, eta horri eusten badio, gora egiten segituko du. Athleticen kasuan, uste dut meritu handia duela hirugarren izatea, Atletico Madril eta Bartzelona oso talde indartsua direlako. Denboraldi oso txukuna egin du. Izan ere, jokalari gazte asko igo dira, eta halakoetan ez da erraza mailari eustea. Horrek esan nahi du harrobian oso ondo egiten ari direla gauzak.

Emaitzaren bat emango zenuke igandeko derbirako?

Oso partida orekatua eta berezia izango dela uste dut, Anoetan jokatuko delako eta bi taldeek dutelako zerbait jokoan. Agian, Realak behar handiagoa du. Baina bien maila ikusita, berdinketa bat izan daitekeela uste dut.

Twitterren maiz idazten duzu. Aurrekoan Iruñeko erasotzaileen epaiaren aurka idatzi zenuen. Nola bizi izan zenuen berria? Gustuko duzu gaur-gaurko gaien berri izatea eta horien inguruan iritzia ematea?

Bai, oso. Gauza askotarako eredu gara, eta halako gertaera larrien aurrean gure iritzia ematea beharrezkoa da. Epaia oso larria izan zen, eta beharrezkoa ikusi nuen nire iritzia ematea. Are gehiago emakumea izanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.