«Nafarroan, espainolez!»

Milaka pertsona batu dira Iruñean euskararen kontrako protestara. Antolatzaileek adierazi dutenez, euskara ez da beharrezkoa administrazioan, «itzultzaile postuak kenduta». Bideoa albistearen amaieran.

Askok Espainiako bandera eraman zuten protestara. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
«Honako hau ez da euskararen aurkako manifestazioa», «euskara interesatzen zaigu, Nafarroako ondarea delako», «ez dugu ezer euskararen kontra, baina bai inposizioaren aurka»... Azken egunetan, ideia bera behin eta berriro errepikatu dute euskararen kontrako manifestazioaren sustatzaileek. Atzo, Ricardo Gelbentzu eta Patxi Mendiburu antolatzaileek berretsi egin zuten, eta baita UPNko Javier Esparzak ere, manifestazioa hasi aurretik. Baina euriarekin busti eta aurpegian behera higitzen den makillajea nola, berehala desegin ziren eskuin nabarristak erabilitako argudio horiek ere.

Izan ere, bi alde izan zituen atzo Iruñean egin zuten manifestazioak: batetik, antolatzaileek —Doble 12 eta Vecinos de Paz elkarte eskuindarrek— zabaldu nahi izan dutena; eta, bestetik, protestan parte hartu zutenen jarrera euskarafoboek agerian utzi zutena: «En la Ribera no hablamos euskera, ni lo queremos aprender» [Erriberan ez gara euskaraz mintzatzen, eta ez dugu ikasi nahi ere], «En Navarra se habla castellano» [Nafarroan gaztelaniaz hitz egiten da] eta «Médicos buenos, el euskera es lo de menos» [mediku onak, euskara gutxienekoa da] leloak aditu ziren ibilbide osoan. Baita gogorragoak ere: «Uxue [Barkos] kartzelara!» eta «vascos de mierda» [euskaldun nazkagarriak] gisako oihuak eta irainak bota zituzten manifestarietako batzuk.

Bizefalia horren isla izan zen manifestazioaren aurrealdea, «gizarte zibileko» herritar ezezagunak jarri baitzituzten pankartari eusten, baina, bigarren lerroan, politikariak zeuden: UPNko Jose Javier Esparza eta Miguel Sanz presidente ohia; PPko Ana Beltran eta Javier Gomez; Ciudadanoseko Carlos Perez-Nievas... PSNren izenean, Carlos Gimeno eta Guzman Garmendia parlamentariak azaldu ziren, baina atzealdean gelditu ziren.

Vox alderdi eskuin muturrekoak ere bere ordezkari politiko nabarmenetako bat igorri zuen Iruñeko manifestaziora: Javier Ortega Smith idazkari nagusia. Espainiako bandera handi batekin azaldu zen Ortega Smith, eta pankartari eusten agertu nahi zuen argazkietan, baina antolatzaileek ez zioten utzi. Eztabaida baten ostean, bigarren lerroan gelditzera premiatu zuten eskuin muturreko buruzagia: «Hobe da atzean gelditzen bazara», esan zion azkenik Ana Beltranek, adeitsuki. Hala egin zuen Voxekoak, burumakur.

Ibilbide laburra

Iaz ikurrinaren kontrako manifestazioan gertatu bezala, antolatzaileek ez zuten arriskatu nahi izan, eta ibilbide motza diseinatu zuten: Nafarroako Parlamentutik Karlos III.aren etorbidera. Etorbide luze eta zabalak ere saihestu zituzten, ager zitezkeen hutsuneak disimulatzeko. Manifestazioa autobus geltoki paretik igaro zenean, tentsioa piztu zen manifestarien eta karrikan zegoen jendearen artean. Alternatiben Herriko guneetako bat zegoen han, eta bertan ziren pertsona batzuk Euskal Herrian euskaraz abesten hasi ziren. Oldarkor erantzun zieten manifestariek: «Viva España», «feminaziak», «terroristak» eta «hitz egin espainolez» oihukatu zieten, besteak beste. Aterkiarekin edota Espainiako banderarekin kolpeka hasteko imintzioa egin zuen batek baino gehiagok. Handik minutu gutxira, Alternatiben Herriko hainbat kide identifikatu zituen Espainiako Poliziak.

Nafarroako Gobernuaren parera iritsita, hizkuntza politikaren aurkako manifestua irakurri zuen Ricardo Gelbentzuk. Esan zuen Barkosen gobernuak «gehiengoa diskriminatzen duela» euskararen aldeko neurriak ezarrita: «Hitz egin dezagun argi, euskara ez da beharrezkoa administrazio publikoan, itzultzaile postuak kenduta». Hala ere, euskararen alde daudela berretsi zuen, «eta horren froga gisa, hitz batzuk euskaraz esanen ditugu». Bertaratutako batzuek txistu egin zuten hori aditzean.

Manifestazioa bukatuta hasi zen kopuruen dantza: antolatzaileek berehala bota zuten lehen datua: «30.000 pertsona gaude hemen, eta denak nafarrak!», esan zuten, txalo artean. Handik gutxira, baina, husten hasi zen puxika: Iruñeko Udaltzaingoak 15.000tan utzi zuen partaide kopurua —iazkoaren pare—.

[youtube]https://youtu.be/RpXtyuzHqZ0[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.