Telesailak

Distopia patriarkala

'The Handmaid's Tale' telesail gogoangarriaren bigarren denboraldia estreinatuko dute hilabete barru

Bigarren mailako herritar bihurtzen ditu emakumeak telesailak. BERRIA.
ander perez zala
2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Donald Trumpek AEBetako presidente karguan ia 100 egun betetzear zituela estreinatu zuen Hulu streaming bidezko zerbitzuak The Handmaid's Tale. Lehen atalak ikusi ahala, saihetsezin bilakatu zen Trumpek emakumeekin duen jarrera telesaileko istorioarekin eta mundu distopikoarekin konparatzea, azken hori fikzioa den arren posible litzatekeelako politikari, karguduen publiko eta gizartearen parte baten iritziak halako errealitate baterako oinarri izatea. Margaret Atwood idazleak 1985ean argitaratu zuen izen bereko eleberrian oinarrituta, telesailak diktadura fundamentalista batean kokatzen du istorioa. Ameriketako Estatu Batuetako eta Kongresuko kide gehienak hil ostean, erregimen teknokratiko batek hartu du boterea, balio puritanoetan oinarriturik. Gizartea guztiz aldatuko da: balio modernoak baztertu, eta oinarriak erlijioan finkatuko ditu. Testuinguru horretan, emakumeak bigarren mailako herritar bilakatuko dituzte, batez ere haurrak izateko gai direnak, beren rola helburu batera mugatuz: beren jabeen objektu bilakatzen dira, seme-alabak izateko, ugalkortasun arazo handia baitago.

Lehen denboraldia iaz kaleratu zuten, hamar atalekoa, eta urteko telesailik borobilena eta erakargarriena izan zen, zalantzarik gabe. Reed Moranoren zuzendaritza eta argazkigintza ilun eta itogarriak, gidoiaren eta oinarri duen liburuaren kalitateak eta Elisabeth Moss aktore protagonistaren lanak erabat konbentzitu ditu mundu guztiko kritika eta ikusleak.

Mossek June antzezten du, diktaduraren —Gileadeko Errepublika— hasierako fasean familia osoa galdu duen emakume bat. Aurreko bizitzako oroitzapenei eutsita bizi da, nahiz eta badakien senideak berriro topatzeko aukera oso urriak dituela; baina hori du bizirik jarraitzeko gogoa mantentzeko duen euskarri bakarra. Bere jabeen nahien menpe, haien aginduetara, bizitza gogor batean harrapaturik aurkituko da, esklaboa izateraino.

Emmy sarietan izandako garaipenak batu zitzaizkion kritikaren eta publikoaren arrakastari: telesailak bost sari eraman zituen denera, tartean telesailik onenarena, aktorerik onenarena (Mossentzat), zuzendari onenarena (Moranorentzat) eta gidoirik onenarena (Bruce Millerrentzat). Lehen aldiz irabazi zuen telesailik onenaren saria Internet bidezko produktu batek.

Botere harremanari buruzko telesaila ere bada The Handmaid's Tale: nork duen, nork ez duen, nola erabiltzen den, eta boterea ez dutenek zer egin dezaketen jasaten dituzten injustiziak eragozteko. Errealitate horretara iristeko prozesuaz ere aritzen da, zeren, egun batean normala dirudiena, ezinezkoa dirudien dimentsio bat hartu, etamunstro geldiezin bilakatzen baita aurrerago. Berandu denean erreakzionatzen ohi da askotan. Apirilaren 25ean estreinatuko du Huluk bigarren denboraldia, hamahiru atalekoa, eta lehendabiziko bi atalak gau berean emango ditu.

'THE HANDMAID'S TALE'

Sortzailea: Bruce Miller.

Aktoreak: Elisabeth Moss, Joseph Fiennes, Max Minghella, Yvonne Strahovski, Alexis Bledel, Jordana Blake, O.T. Fagbenle, Ann Dowd,

Herrialdea: AEB.

Urteak: 2017tik aurrera.

Non ikusi: HBO.

Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu. Bigarren denboraldia estreinatuko dute apirilaren 25ean.

Generoa: Drama. Distopia. Erlijioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.