NIRE LEKUKOA

Argazki itzel bat

Oier Sanjurjo
2017ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Aspalditik argazki kutun bat zintzilik dut nire logelako paretan. Argazki itzela da: hogei bat pertsona izerdi patsetan, lekukoaren atzean, ikurrinaren eta Nafarroako banderen artean lasterka betean.

Oro har, Korrikak betidanik sortarazi dit zirrara berezi bat. Txiki-txikitatik. Urduri eta gogotsu egoten nintzen Korrika nire herrira, Lizarrara, noiz iritsiko zain. Euskaldunak garen heinean, eta Lizarra bezalako herri batean, euskararen erabilera eta sustapena aldarrikatzeko ekintza polita eta ezin hobea iruditzen zait.

Korrikari buruz burura datozkidan lehen oroitzapenak gauari lotutakoak dira: Lizarrako kale Nagusian barrena lasterka, Korrikaren pankartaren atzean, guraso eta arrebekin, eta beste makina bat jenderekin ere. Guztiok euskararen aldeko leloak abesten. Barrenak astindu zizkidan esperientzia horrek, eta ordutik, atxikipen eta maitasun berezia diot Korrikari.

Ikastola garaikoak dira lehen oroitzapen horiek. Lizarra ikastolak Korrika ofiziala iritsi baino lehen Korrika Txikia antolatzen zuenekoak. Urte horietan jada, herriko kaleetan gora eta behera ibiltzen nintzen korrika, ikaskideekin batera. Gerora, 15-17 urteko gaztetxoa nintzela, gogoan dut Korrikaren furgonetaren atzetik eginiko kilometro piloa, Lizarratik Allo herriraino. Eta korrikaldi luzearen osteko nekea.

Duela bi urte, 19. Korrikan, lekukoa hartzeko aukera izan nuen Arre herrian, Iruñerrian. Eta garai batean txikitan egiten nuena, nire haur jaioberriarekin batera egin ahal izan nuen. Han ziren gure familia eta hainbat lagun ere. Denon artean egin genuen kilometroa, Atarrabian testigua pasa genuen arte.

Izan ere, gaur egun, 30 urterekin, garai bateko emozio eta sentipen berberak nabari ditut Korrika gure herritik edo Iruñetik pasatzear den aldioro. Korrikan jende mordoak parte hartzen du, eta horrek gogora ekartzen dit, besteak beste, euskaldun piloa garela.

Eta euskara Nafarroan oso bizirik dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.