Elkarlana bultzatu dute suteek

Nafarroako eta Lapurdiko hautetsiek batera kudeatuko dituzte otsaileko suteen ondorioak

Lapurdiko auzapezek agerraldia egin zuten otsail bukaeran. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
«Argazki polita». Horrela aurkeztu du Aitor Elexpuru Berako (Nafarroa) auzapezak larunbatean egin zuten prentsaurrekoa. Lesaka (Nafarroa), Sara, Biriatu, Urruña eta Ziburuko (Lapurdi) auzapezekin batera egin zuen agerraldia, joan den otsailaren 20an eta 21ean izandako suteen ondorengoaz mintzatzeko. Ondoko aste eta hilabeteetako kudeaketa «elkarlanean» egiteko beharra azpimarratu zuten; «sintonia berean gaude, eta beharra ikusten dugu».

2.000 hektarea inguru erre zituen suak, Gipuzkoan, Lapurdin eta Nafarroan. Bi foku izan ziren Berako aldean eta beste lau Lapurdin; suteak mugaz bi aldeetara hedatu ziren. «Mendia bakarra da guretzat, suak ez du mugez ulertzen eta elkarlanean aritzeko beharra ikusten dugu», argitu du Elexpuruk. Antzera mintzatu daFilipe Aramendi Urruñako auzapeza ere: «Ez dira bizpahiru mendi; bakarra da, gure mendia».

Horregatik, gogoeta komuna eramanen dutela adierazi dute bi auzapezek. «Politika ezberdinak egin daitezke mendiaren kudeaketan; mugaz bi aldeetara horiek bateratzea da helburua», adierazi du Aramendik. Euskal Elkargo Euskal Mendia batzordean parte hartuko dute Nafarroako hautetsiek, eta Beran eta Lesakan dituzten batzordeetara joango dira lapurtarrak.

Elexpuruk ez du zehaztu nahi izan elkarlan horretatik zer ateratzea espero duen, oraindik goizegi delakoan. Gogoetak partekatu, beharrak aztertu eta baliabideak ezartzea lehenetsi du. «Elkar ezagutu eta ulertzeko beharra» azpimarratu du Joseba Erremundegi Euskal Elkargoko mugaz gaindiko harremanen arduradunak. Gogoeta elkarrekin eramateaz gain, mugaren alde bakoitzean ongi egiten denetik inspiratu behar dela erran du.

Trabak daudela onartu du Elexpuruk, baina borondatea badago, muga administratiboak gaindituko dituztela adierazi du. «Zirrikituak bilatu beharko ditugu». Gaur egun badira tratuak kabalen mugimenduei eta ehizari dagokienez, baina larreen kudeaketa arras ezberdina da.

Erretako eremuak basoberritzea izanen da lehen arduretako bat. Nafarroako Foru Erkidegoa hasia da horretan, eta, Gipuzkoako partea parke naturala denez, foru aldundiari dagokio. Lapurdin, herrien gain izanen da. «Gure aurrekontuetan sartu beharko dugu», adierazi du Aramendik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.